Animalia hibrido bitxi bat da Franz Kafkaren Gurutzaketa narrazio laburraren ardatza. «Erdizka katutxo eta erdizka ahariko» den piztia otzan bat deskribatzen du testuak hasieran, baina kontakizunak aurrera egin ahala, txakur izateko nahia ere igartzen dio kontalariak tarteka, haren hanken artean usnaka aritzeko duen zaletasunagatik, eta, une batean, zalantza egitera ere heltzen da, ez ote duen beraganako erruki hutsez negarrez ikusi. «Ahari arima zuen katu hark ba al zeukan, halaber, giza handigurarik?». Bada, ipuin horretako txakur ametseko erdizka katutxo, erdizka ahariko horren moduko zerbait da artea Abigail Lazkozentzat (Bilbo, 1972), eta, hain justu ere, horregatik hautatu du Kafkaren erreferentzia hori Bilboko Azkuna zentroan zabaldu duen hiru hamarkadako atzera begirakoa izendatzeko: Arkumea, erdi katu, ia txakur. Sortzailearen hibridaziorako joera eta pinturaren ulermen hedatua bistaratzen ditu erakusketak, eta urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik.
«Batzuetan pentsatzen da artista izatea zure arima erakustea dela, baina orain dela gutxi hasi naiz pentsatzen artista izatea dela zeure buruari ematen diozun aukera bat gauza desberdinak izateko»
ABIGAIL LAZKOZ Artista
«Oso interesgarria iruditzen zitzaidan arteaz aritzea bakana den zerbait dela aipatuta, baina aldi berean azalduz guztiz nahasia eta mestizoa den zerbait ere badela, eta, nolabait ere, purua ez denez, bere burua ere hala ulertu behar duela, aniztasun hori baliatuz». Kafkaren ipuintxoaren ispiluan begiratu dio artistak bere ofizioari, baina, onartu duenez, urteekin bakarrik heldu da aipatu duen zehaztugabetasun horrek duen indarra ulertzera. «Batzuetan pentsatzen da artista izatea zure arima erakustea dela, baina orain dela gutxi hasi naiz pentsatzen artista izatea dela zeure buruari ematen diozun aukera bat gauza desberdinak izateko. Aukeren eremua da artearena».
Lazkozek Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean egin zituen ikasketak, eta Bilbo Arten sortu zituen bere lehen lanetako batzuk. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ertibil lehiaketako lehen saria ere eskuratu zuen 2005ean, eta Gure Artea saria ere jaso zuen 2006an. Nazioarteko hainbat erakusketatan hartu du parte, eta Bilboko Guggenheim museoaren zein Gasteizko Artium museoaren parte dira haren lanetako batzuk. Eta ibilbide oso hori biltzen du erakusketak. 1997koa da lanik zaharrena, eta aurten bertan bukatu ditu berrienak.
Hain zuzen ere, artistak kontatu duenez, mugarria izan zen Bilboko Guggenheim museorako 2007an sortutako 130,000 Years of Last Trends artelana. Ordurako urteak zeramatzan horma pinturak lantzen, eta, onartu duenez, ikusgarritasuna ere lortu zuen horiei esker. Etxeko gelako «kabinetean» paperean egindako lehen marrazkiak eskala monumentalera eramatean sortutako kontrastea zen erakargarri egiten zitzaizkion elementuetako bat. Eta lan ildo horren emaitza diren hainbat lan ere ikus daitezke Azkuna zentroko erakusketan. Baina, artistak kontatu duenez, bide hori eten egin zitzaion, hain zuzen Bilboko Guggenheim museorako sortutako piezarekin. «30 ikasle inguruk lagundu zidaten pieza hura sortzen, eta sentitu nuen neurriz gain handitu zela kontua. Azkenerako, galdu egin nuen euskarriarekiko kontaktua».
Zuri-beltzaz harago
Yara Sonseca izan da erakusketako komisarioa, eta, azaldu duenez, ez du ohiko atzera begirako bat egin nahi izan. Kronologikoki antolatu beharrean, horregatik, elkarren ondoan jarri ditu artistak bere ibilbidean baliatu izan dituen elementuak; «artistaren lengoaiaren mekanismoak ulertzeko».
«Zuri-beltzean marrazten duen artistatzat hartzen zaituztenean, ez dakit horrekin publikoa nekatzen ote den, baina ni behintzat bai, eta orduan, hori gertatu zela ikusi nuenean, ideia horri enbarazu nola egin pentsatzen hasi nintzen»
ABIGAIL LAZKOZ Artista
Zuri-beltzaren erabilera da Lazkozen ezaugarri argienetako bat. Baina artistak onartu duenez, ez zaio beti eroso egin haren lana elementu bakar horrekin identifikatzea. «Zuri-beltzean marrazten duen artistatzat hartzen zaituztenean, ez dakit horrekin publikoa nekatzen ote den, baina ni behintzat bai, eta orduan, hori gertatu zela ikusi nuenean, ideia horri enbarazu nola egin pentsatzen hasi nintzen». Eta berriz ere Kafkaren ipuineko piztia hibridoarekin lotu du kolorera eman zuen lehen jauzia, azaldu duenez, ez baitzuen kasualitatez hautatu lehenik grisa txertatu ostean horia ere baliatzea. «Kolore beroen arteko hotzena da, eta kolore hotzen arteko beroena».
Eskulturak ere topatuko ditu bisitariak erakusketan, baina, artistak esan duenez, marrazkien logikatik sortutakoak dira horiek ere. Erdizka marrazki eta erdizka eskultura. «Silueta beltz modukoak dira».
Lazkozek pintura hedatua egiten duela aipatu du komisarioak. Horregatik, batzuetan koadroa gainditu eta hormara pasatzen da pintura, adibidez, edo lurrean elkarren gainean pilatuta jartzen ditu berez horman eskegita ikusi ohi diren markodun koadroak, edo, kontrara, hormatik eskegita jartzen ditu, pikniketan manta gisa erabiltzeko oihalek izan ohi dituzten patroiekin sortutako margolanak. Hori baita, hain justu, sortu dituen azken lanetan proposatu duen ariketa, eta pieza horiekin amaitzen delako ibilbidea.
Salamancan egin zuen lehen geldialdia erakusketak iaz. DA2 Domus Artium guneak ere haren ibilbide osoa hartzen zuen erakusketa antolatu zuen ordukoan, eta han ikusitakoak dira orain Bilbon ikus daitekeenaren oinarria. Bi erakundeek elkarrekin ekoitzi dute atzera begirakoa. Artistak Kafkaren ipuinaren lehen esaldia baliatu zuen iazko erakusketa izendatzeko —Tengo un animal singular (Animalia bakan bat dut)—, eta, oraingoan, kontakizunean aipatzen den animaliaren ezaugarriak baliatu ditu Euskal Herriko bildumarako. Izan ere, bi erakusketak ez baitira erabat igualak. Bilboko erakusketan, adibidez, badira espresuki bertarako egokitutako hainbat lan.