Abogados Cristianos talde ultrakatolikoak Tokischa rap kantaria salatu du Donostiako eliza bat «profanatzea» egotzita

Tokischa Donostian izan da grabazio lanak egiten, eta hainbat irudi grabatu ditu Parte Zaharreko Andre Mariaren basilikan; elkartearen esanetan, «erdi biluzik».

Tokischa rap kantaria Donostiako Andre Mariaren basilikan. AURORA ANTHONY
Tokischa rap kantaria Donostiako Andre Mariaren basilikan. AURORA ANTHONY
edurne begiristain
2026ko apirilaren 8a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abogados Cristianos talde ultrakatolikoak salaketa bat aurkeztu du Donostiako Instrukzio Epaitegian Tokischa rap kantariaren aurka, profanazio delitu bat egotzita. Salaketak lotura du artistak Donostian egindako egonaldiarekin. Izan ere, Tokischa hiri horretan izan da bere proiektu artistikorako grabazioak egiten, eta hainbat irudi grabatu ditu Parte Zaharreko Andre Mariaren basilikan.

Elkartearen arabera, irudiotan artista «erdi biluzik» ageri da —tanga bakarrik jantzita—, «modu probokatzailean» Jesusen irudi baten aurrean. Taldeak dio musikariak «espazio sakratu bat eszenatoki erotiko» gisa erabili duela, helburu artistiko eta komertzialekin, eta horrek tenpluaren esanahi erlijiosoa «desitxuratzen» duela.

Gainera, azaldu dute grabazio horiek film labur baterako direla, eta horrek erakusten duela aurrez pentsatuta zeukala irudi horiek erabiltzea. Halaber, nabarmendu dute irudiak asko zabaldu diren sare sozialetan, eta «haserrea eta samina» eragin dutela fededun katolikoen artean.

Abogados Cristianosen iritziz, gertatutakoa bat dator Espainiako Zigor Kodearen 524. artikuluan jasotako profanazio delituarekin, espazio sakratu batean egindako ekintza «iraingarriak» daudelako tartean.

Bestalde, gogorarazi dute ez dela lehen aldia artistak halako «polemikak» pizten dituela: 2021ean antzeko gertakariengatik zigortu zuten Dominikar Errepublikan. Era berean, elkarteak azpimarratu du aurretik ere garaipen judizialak lortu dituztela antzeko kasuetan, besteak beste Femen taldeko kideen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA