Donostia 2016k aurkeztu du datorren urteko Olatu Talka jaialdia, eta, horrekin batera, ireki dute han parte hartzeko proposamenak aurkezteko epea. Aurreko edizioetako filosofia bera mantenduz, Donostia adierazpen artistiko eta eragile desberdinen bilgune bilakatuko dute, maiatzaren 23, 24 eta 25ean, eta ekainaren 1ean. Beraz, bi asteburutan astinduko dute hiria, eta kaleek kulturaz gainezka egingo dute.
Egitaraua, baina, oraindik zehazteko dago, Donostiako eta Gipuzkoako talde desberdinak bildu nahi baitituzte. Artisten arteko oreka lortu nahi dutela dio Mariaje Torres Donostia 2016ko Kulturaren Festak unitatearen zuzendariak. «Artista amateurrak eta profesionalak uztartu nahi ditugu, bi aldeen artean lankidetzak sortzeko». Hala, proposamenen bat buruan daukaten talde eta eragileei dei egin die izena ematera. Otsailaren 19an amaituko da epea.
Irudi berria du Olatu Talka jaialdiaren bosgarren edizioak. Txantiloi batzuk oinarrian hartuta idatzi dute jaialdiaren izena. Horrela, ukitu urbanoago bat eman nahi izan diote. «Hitzak erdi apurtuta ageri dira, eta horrek eskemak apurtzea irudikatzen du, ohiko dinamikak amaitu eta leku berrietara eramango direlako Olatu Talkan», adierazi du Xabi Paya Donostia 2016ko Ahotsaren itsasargiko arduradunak. Letren estiloari eta formari begiratuta, berriz, Do It Yourself filosofiarekin bat egiten dute. «Edonori irekia dago; denok erabil dezakegu, eta parte hartu».
Jaialdia proiektu artistikoak aurrera eramateko beharrezko tresna delakoan dago Paya. «Asko dira olatu honen bultzadarekin sortu eta indarra hartu dutenak. Izan ere, Olatu Talkak adierazpen horien guztien eragile baino ez baitu izan nahi». Aurreko edizioetatik irtendako ekimenak dira, besteak beste, Garbibai eta Talkalive, eta atzoko aurkezpenean hitza hartu zuten hango bi partaidek.
Zaborra, artetik artera
Garbibai eta Talkalive ekimenak aurtengo edizioan ere izango dira. Artea eta musika dituzte langai. Urumea ibaia garbitu eta handik ateratzen duten zaborrari «bigarren erabilera» ematen diotela azaldu du Ane Egia Garbibai elkarteko kideak. «Zaborrarekin artelanak egin, eta horiek erakusketa batean jartzen ditugu gero». Haurrentzako tailerrak ere antolatzen dituzte. Egiaren ustez, Olatu Talkan parte hartzeak eman die oihartzuna.
Talkalive jaialdiak musika du ardatz nagusi, baina, Jokin Telleria koordinatzaileak zehaztu duenez, parte hartzen duten musikarietako inor ez da profesionala.Halaber, bertakoak dira gonbidatzen dituzten musikariak. Kontzertuetarako saiatzen dira ohikoak ez diren espazioak erabiltzen. Leku «berezi» horietako batzuk geltokiak direla azaldu du Telleriak. Horiez gain, kaleetan eta tabernetan ere egiten dituzte kontzertuak.
Adierazpen desberdinen talka
Maiatz amaieran eta ekain hasieran egingo da 'Astindu hiria', Olatu Talkaren 2014ko edizioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu