Hiru hilez behin, Aieteko jauregiaren pean dagoen kultur etxeak ilustratzaile baten lanak biltzen ditu Ilustratzailearen Txokoan. Eta oraingo honetan, Joseba Beramendi Exprai-ren (Iruñea, 1973) txanda da. 30 urtean «denetarik probatzeko aukera» izan du, eta horren erakusgarri da apaletan dagoen lagina: ilustrazio andana, musika instrumentu bat, eta pertsonaia entzutetsuen figura txikiak, besteak beste.
Txiki-txikitatik gustatu zaio marrazkigintza Exprairi, eta komikigintzako, diseinu grafikoko eta animazioko ikasketak egin zituen. Marrazkiak egitea da haren benetako pasioa, baina «egunero jateko ohitura txarra» duenez, beste lan batzuk ere egin behar izan ditu. 30 urtetik gora igaro zituen diseinu agentzia batean, baina, 2023an hura utzi, eta marrazkigintzan bete-betean jarduteko hautua egin zuen.
Aspalditik buruan zerabilen erabaki hori hartzea, baina orain dela bi urte eman zuen pausoa. Bizimodua goitik behera aldatu zaio, eta argi dio: «Agentzia utzi nuenetik ekonomikoki larriago banabil ere, lasaiago bizi naiz». Lehen agentzian, eta orain etxean. Lehen diseinuan, eta orain liburuen maketazioan. Gutxi batzuen eskuetan baino ez baitago marrazkiak egite hutsetik bizimodua ateratzea. Soilik marrazkigintzatik bizitzea gustatuko litzaioke, baina bestelakoetan «oso gustura» aritzen dela ere onartu du.
Zenbat urte, hainbat alor
Hamaika arlotan jardun du 30 urteko ibilbidean: irratian, aditu eta esatari moduan: ikasle eta irakasleei hitzaldi eta ikastaroak ematen, eta abar. Ofizioaren prekaritatearen ondorioa izan daiteke hori, neurri batean, baina «gauza berriak probatzea» oso gustuko duela ere aitortu du. Egindako proiektu guztien artean kutunik ba ote duen galdetuta, esan du denetan «oso ongi» pasatu duela. Askotariko lanak egin ditu, baina egilea euskalgintzarekin konprometituta egon da beti. Horren erakusgarri da zer komunikabiderekin eta zer artistarekin kolaboratu duen.
«Agentzia utzi nuenetik ekonomikoki larriago banabil ere, lasaiago bizi naiz»
JOSEBA BERAMENDI, 'EXPRAI'Marrazkilaria
Animazioaren munduan, esate baterako, Fermin Muguruzarekin aritu zen Beramendi, Black Is Beltza unibertsoan. Abeslari eta zinemagilearen proiektuaren berri izan zuenean, argi izan zuen parte hartu nahi zuela, eta harekin harremanetan ipini zen. Muguruzak esan zion marrazkietarako jada dena lotua zuela, baina pare bat pertsonaiaren ahotsak bikoizteko norbait falta zuela. Birritan pentsatu gabe, marrazkilariak berak eman zien ahotsa. Black Is Beltza II: Ainhoa filmean, ordea, Expraik egindako irudi batzuk ere agertu ziren. Hura eta Pepe Boada arduratu ziren filmaren pertsonaia estren diseinuak egiteaz.
Marrazkilariaren ibilbide luzearen lagin bat ikusgai dago Aieteko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan. Bertako ilustrazioei erreparatuta, estilo ugari aurki daitezke: zientzia fikzioaren ukitua dutenak, narratiboagoak, baita minimalistagoak ere. Baten bat aipatzekotan, Iruñeko El mono aldizkariaren 100. zenbakiaren azalerako egindakoa. Euskaldun askoren memorian gordea dagoen irudi baten tankera du: Xabiertxorena. 1925eko irudikapen hori XXI. mendera ekarri du marrazkilariak. Ixaka Lopez Mendizabalen irudian, Xabiertxo ageri da eserleku batean eserita, esku artean duela ilustrazio hori bera azaltzat daukan liburua. Expraik joan den mendeko ilustrazioaren funtsari eutsi zion —liburuaren azalean irudia errepikatzea—, baina tximino bat jarri zuen Xabiertxoren ordez, eta komun bat eserlekuaren ordez.

Beste elementu bat: ilustratzailea polifazetikoa dela erakusten duen kutxatxo bat. Erakusketaren eskuinaldean dago, eta disko batzuk eta harmonika bat daude hartan. Beramendik instrumentu hori jotzen zuen Banda Batxoki musika taldean, eta taldeak grabatu zituen hiru diskoak daude tresnaren alboan.
Estilo bereizgarririk ez
Euskal Herrian eta munduan badira zenbait artista estilo bereizgarria dutenak; haien marrazkiak ikustean, berehala antzematen da zeinek eginak diren. Beramendiren ilustrazio eta diseinuetan, baina, hamaika estilo ikus daitezke, eta, nolako estiloa duen galdetzean, argi erantzun du: «Nik ongi pasatzeko marraztu izan dut txikitatik, eta testura egokitzen saiatzen naiz beti. Ez daukat estilo bereziki markaturik». Iruditzen zaio estilo oso markatua izatea «oso polita» dela baina, aldi berean, artista asko mugatu dezakeela.

Etorkizunari begira, buruan proiektu pertsonal andana du, baina esan du proiekziorik gabeko proiektuak direla. Duela zenbait urte, zortzi orduko lanaldia amaitzean egiten zituen marrazkiak, lan estra ziren. Eta egun ere, gustuko lanak egiteko denbora falta zaio, esan duenez. Bestalde, teknologia berriei buruz ere badu zer esana. Exprairen ustez, horiek geroz eta prekarioagoa egiten dute marrazkilariaren bizimodua, eta horren harira, mezu argi bat du irakurleentzat: «Adimen artifiziala albo batera utzi, eta euskal marrazkilariengan konfiantza izan behar dute». Aipatu du Euskal Herriko marrazkigileen jarduna ordezkaezina dela, eta teknologia berrien erabileraren inguruan hausnartzeko gonbita egin du.
Egun komunikabideetarako tirak eta marrazkiak egiten dihardu, eta, besteak beste, BERRIAko udako narrazioak ilustratzen ditu. Haren web orrian aukera dago horien eta erakusketan dauden lan askoren berri izateko.