«Zinema zuzendari bati entzun nion lan bat egiterakoan ez duzula arrakasta lortu nahi arrakasta izate hutsagatik, baizik eta beste lan bat egin nahi duzulako, eta horixe gertatu zaigu guri ere». Adituek bere belaunaldiko dantzaririk onenen artean aipatzen dute Lucia Lakarra (Zumaia, Gipuzkoa, 1975). Atzerrian 30 urte pasako ibilbidea egin du, eta nazioarteko balletik eta antzokirik ospetsuenetan aritu da dantzatzen. Munduko Dantzari Onenaren Nijinski saria jaso zuen 2002an, eta hamarkadako dantzaririk onenaren saria ere bai 2010ean, baina 2020. urtearen bueltan Euskal Herrira itzuli, eta bere konpainia propioa abiatu zuen 2023an, Matthew Golding koreografo eta dantzariarekin elkarlanean. Lost Letters ikuskizunarekin abiatu zuten ibilbidea urte hartan bertan, eta, 60 emanaldi baino gehiago egin dituzten arren, biran jarraitzen dute harekin oraindik ere. Eta, Lakarrak zinemagintzaren ispiluan azaldu duenez, lan horren arrakasta izan da euren bigarren obra propioa sortu ahal izateko oinarria. A. I. (Amalur Indarra) deitu dute, eta bihar, etzi, eta etzidamu estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian.

Adimen artifizialak erabat kontrolatutako gizarte distopiko bat deskribatzen du piezak, eta, hain zuzen ere, jendea lozorro emozionaletik esnatzeko azalduko da Amalur jainkosa. Aurrez ere, Lakarrak gogoratzen duenez, behin aritua da euskal mitologiako izaki horren rolean, baina oraingoa ezberdina izan dela dio. «Bizitza honetan denetatik izatea tokatu zait», hasi du azalpena irribarrez, «eta orduko hartan ere emanaldia sortzen ari zirenek esan zidaten nor izango nintzen, baina oraingoan neuk aukeratu dut Amalur izango naizela!».
«Zinema zuzendari bati entzun nion lan bat egiterakoan ez duzula arrakasta lortu nahi arrakasta izate hutsagatik, baizik eta beste lan bat egin nahi duzulako, eta horixe gertatu zaigu guri ere»
LUCIA LAKARRADantzaria
Lakarra eta Golding dira piezaren zuzendari eta ekoizleak, bai eta emanaldiko bi dantzari nagusiak ere. Adimen artifizialak azpiratutako gizataldearen burua izango da Golding, eta, horregatik, lehen-lehenik hura esnatzen saiatuko da Amalur. Dantzaren bidez irudikatu behar izan dituzte bi mundu kontrajarri horiek, eta bi koreografok sortu dituzte emanaldiko dantzak horretarako: Goldingek eta Juango Arquesek, hain zuzen ere. Lakarrak azaldu duenez, Arquesek gidatuta, «arrazionalak» eta «hotzagoak» dira adimen artifizialaren menpeko gizakien dantzak, eta, haiekin kontrastea eginez, askeagoak izango dira Goldingek Amalurrentzat sortutako mugimenduak.
«Nire lana ez da gorputzarekin mugimenduak egitea», azaldu du Lakarrak, «istorioak kontatzea da nire lana». Besterentzat lan egiten zuenean ere, jokatzen zituen rolak sakon ikertzen zituela aitortu du. «Dantzaria bakarrik nintzenean ere jakin egin behar nuen nor nintzen emanaldi bakoitzean, ulertu egin behar nuen nor nintzen eta zer sentitzen nuen. Lehen-lehen lana zen hori, eta pausoak gero zetozen. Nik pauso bat ematean zerbait sentitzen badut eta jendeari zerbait sentiarazten badiot, horrek bai, horrek garrantzi handia du». Eta orain bere konpainia propioa izanik, hasieratik izan du dantzaren bidez istorioak kontatzeko joera.
Laserrak eta bideoak
Laser sistema bat ere baliatu dute oraingoan. Adimen artifiziala irudikatzen dute argi horiek, eta haiekin dantzan arituko dira dantzariak. Bi protagonista nagusiez gainera, dantzari talde zabal bat ere izango baita oholtzan: Lucia Castellano Luri, Benedetta Comandini, Itziar Ducaju Mayans, Gabriel Martinez Rodriguez, Antonio Fernando, Meireles Diaz, Ismael Olivas Gil, Manuel Sanchez Izquierdo eta Eva Nazareth Suarez Perez.
«Nire lana ez da gorputzarekin mugimenduak egitea, istorioak kontatzea baizik»
LUCIA LAKARRADantzaria
Zuzeneko dantza ez ezik, aurrez grabatutako ikus-entzunezko irudiak ere txertatu dituzte emanaldian. Lehenago ere baliatu izan dituzte ikus-entzunezkoak euren aurreko lanetan, eta teknologiaren menpe bizitzen jarraitzeak ekar ditzakeen ondorio larriak ikusarazteko baliatuko ditu irudi horiek Amalurrek oraingoan. Bardean grabatu dituzte bideo horiek, eta basamortuko paisaiak ikusten dira irudietan.
Lakarrak dioenez, istorioa lantzen hastearekin batera ekiten diote musika hautatzeari, eta, oraingo honetan, konpositore hauen lanak aukeratu dituzte emanaldirako: Johann Johannsson, Max Richter, Hans Zimmer, Kjartan Sveinsson eta Samuel Barber. «Lost Letters egin genuenean ere Mattek [Goldingek] jadanik buruan zerabilen musika hori guztia». Haren gustua laudatu du dantzariak, bai eta pieza horiek guztiak uztartzeko duen jakinduria ere. «Ez da erraza hain sasoi ezberdinetako konpositoreen lanak ongi elkartzea, eta oraingoan ere zoragarri doaz guztiak batera».
Bilbon izango du lehen agerraldia A. I. (Amalur Indarra) lanak, baina jadanik itxita dauzkate hurrengo saioetako batzuk ere, eta, Lakarrak iragarri duenez, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere egingo dute bira.