Cormac McCarthy

AEBen ilunaren nobelagilea

Kritikak haren belaunaldiko nobelagile estatubatuar puntakotzat jo izan zuen. 'The Road', 'No Country for Old Men' eta 'All the Pretty Horses' idatzi zituen, besteak beste.

EFE.
Andoni Imaz.
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Iluna zen Cormac McCarthy idazleak bere nobeletan irudikatutako mundua. Providencen jaio zen, Rhode Islanden (AEB), 1933an, eta gizartearen bazterrean bizi ziren pertsonaiak bilakatu zituen bere lehen lanen protagonista. Istorio gotikoetan, westernetan eta mundu post-apokaliptikoetan girotu zituen, besteak beste, argitaratu zituen hamabi nobelak. Azken biak, iaz: The Passenger eta Stella Maris. Knopf argitaletxeak jakinarazi zuenez, atzo gauean hil zen, 89 urte zituela, Santa Fen, Mexiko Berrian (AEB).

Iluna zen, hain justu, McCarthyk giza kondizioaz zuen irudia, eta haren istorioetako gertakariak makabroak ere izaten ziren maiz: mota guztietako indarkeria deskribatu izan zuen. «Ez dago bizitzarik odolik isuri gabe», adierazi zuen, 1992an, TheNew New York Times egunkarian egindako elkarrizketa batean. Ez zuen elkarrizketa askorik ematen, hala ere; esan izan da McCarthy iheslari bakarti bat zela, haren nobeletako pertsonaien antzera.

Arrakasta izan zuen, dena dela. All the Pretty Horses nobelak Liburuaren Sari Nazionala irabazi zuen AEBetan 1992an, eta The Road-ek (2006), berriz, Pulitzer saria, fikzioaren alorrean, 2007an. Biak egokitu zituzten zinemara. Baita No Country for Old Men nobela ere: Coen anaiek zuzendutako lanak filmik onenaren Oscar saria irabazi zuen 2008an.

'Blood Meridian' goratua

Harold Bloom kritikariaren hitzetan, McCarthy bere garaiko lau nobelagilerik inportanteenetako bat zen AEBetan, Philip Roth, Don DeLillo eta Thomas Pynchon idazleekin batera. Are gehiago, Bloomek adierazi zuen McCarthyren Blood Meridian nobela (1985) Faulknerrek As I Lay Dying (1930) atera zuenez geroztik idatzitako AEBetako «libururik bikainena» zela.

All the Pretty Horses nobelak izandako arrakastarekin, Mugako trilogia delakoa abiatu zuen McCarthyk; The Crossing (1994) eta Cities of the Plain (1998) lanek osatzen dute.

Idazlearen lan bakarra euskaratu dute orain arte: Jainkoaren seme. Juan Mari Mendizabalek itzuli zuen, eta Igela argitaletxeak kaleratu, iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.