Literatura

Agatha Christieren ‘Hilketa bat iragartzen da' nobela euskaratu du Amaia Gurbindok

1950. urtean argitaratu zuen idazleak bere 50. detektibe istorioa, eta Christie hil zeneko 50. urteurrenean plazaratu du Igela argitaletxeak.

Amaia Gurbindo, 'Hilketa bat iragartzen da' nobela eskuetan, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Gurbindo, 'Hilketa bat iragartzen da' nobela eskuetan, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko urtarrilaren 12a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hirutan egin du bat gaur 50 zenbakiak. 50 urte bete dira Agatha Christie hil zela; idazleak idatzi zuen 50. detektibe istorioa izan zen A murder is announced; eta 1950. urtean argitaratu zuen. Eta egunak zenbaki horrekin duen lotura estua baliatuta aurkeztu du Amaia Gurbindok Christieren nobela horren euskarazko itzulpena: Hilketa bat iragartzen da. Igela argitaletxeak eman du argitara.

Herriko egunkari batean hilketa bat izango dela dioen iragarkia argitaratu dute. Herritarrek ez dute serio hartu, eta uste dute jai baterako gonbidapena dela, edo «hiltzailearen jolasean» parte hartzekoa, Gurbindok azaldu duenez. Festa baterako aitzakia dela uste dute, hortaz, baina ustezko jai horretan benetako hilketa bat gertatuko da. Hori da nobelaren abiapuntua; hasiera «originala», Inazio Mujika editorearen hitzetan. Hortik abiatuta, irakurlea «parte hartzera» gonbidatzen du Christiek, eta «joko batean» sartzen duela azaldu du Mujikak. «Denak susmagarri bihurtzen gaitu, baina baita detektibe ere». Hori da jolasa.

Ingalaterrako herri txiki batean dago girotuta istorioa; «gerraosteko Ingalaterran», zehaztu du Mujikak. Hain zuzen, 1945ean amaitu zen Bigarren Mundu Gerra, eta 1950. urtean argitaratu zuen idazleak nobela. Eskasia dago, eta baita migrazioa ere; hori da liburuaren ezaugarri nagusietako bat, editorearen ustez: «Errefuxiatuen aurkako mesfidantza giroa dago, eta pertsonaia bat dago mesfidantza hori jasaten ari dena: neskame bat». Alde horretatik, «oso aktuala» dela iruditzen zaio, migrazioarekiko eta errefuxiatuekiko mesfidantza hori «gaur egun ere gertatzen delako».

Christieren beste nobela batzuetan bezala, Miss Marple du protagonista. «Andereñoa da, baina adineko emakume bat da», argitu du editoreak. Itxuraz amona «xalo» bat den arren, gizakia «oso ondo» ezagutzen du, eta hori da, Mujikaren ustez, haren ezaugarri nagusia. Eta bitxikeria modura, kontatu du Christie bere amonarengan oinarritu zela pertsonaia hori sortzeko.

Hainbat erronka

Hizkuntza bakoitzak bere esamoldeak eta hitz jokoak ditu, zeinek esanahia gal dezaketen liburuak beste hizkuntza batera itzultzerakoan. Horixe bera izan da erronka Gurbindorentzat: «Informazioa lerro artean eman behar denez, ingelesetik euskarara itzultzean, garrantzitsua da gehiegi ez argitzea zer esan nahi dugun; hau da, informazio edo azalpen gehiegirik ez ematea». Baina alderantziz ere gerta daitekeela ohartarazi du; izan ere, informazio gutxiegi emanda, eta gauzak behar bezala azaldu ezean, irakurleak haria gal dezake.

Horrez gain, istorioan ageri diren garai hartako hainbat elementu eta erreferentzia egokitzea, eta hartzaileari «behar bezala» argitzea garrantzitsua iruditu zaio. «Pertsona batek ez badu ulertzen zertaz ari garen eleberrian, haria gal dezake, eta baita interesa ere». Beraz, «interesgarria» iruditu zaio garai hartako hizkuntza istorioan mantentzea, «baina irakurleak ondo ulertuko duen modu batean».

«Oso garrantzitsua da errealitatearen eta gure pentsamenduaren arteko harreman hori, eta niri kosta egin zait; batez ere, arrazakeriaren aldetik hainbat gauza mantentzea»

AMAIA GURBINDO Itzultzailea

Arrazakeria da eleberriko gai nagusietako bat, eta hori ere erronka handia izan dela aitortu du Gurbidok. «Oso garrantzitsua da errealitatearen eta gure pentsamenduaren arteko harreman hori, eta niri kosta egin zait; batez ere, arrazakeriaren aldetik hainbat gauza mantentzea, ez baititut normaltzat hartzen etorkinen inguruko jarrera horiek». Hala ere, haren ustez «oso garrantzitsua» da neskamearen inguruan dauden aurreiritziak islatzea, «istorioaren nondik norakoak ulertzeko».

Rolak, «markatuta»

Istorioak aurrera egin ahala pertsonaien gaineko irudia «asko» aldatzen dela esan du itzultzaileak. Edonola ere, rolak «oso markatuta» daudela azpimarratu du, eta Mujika bat dator harekin: «Emakumeen arteko harremanak eta genero rolak modu berezi batean tratatzen ditu. Emakume bikote bat dago: elkarrekin bizi diren bi emakume. Garai hartan ezin zen horrelakorik esan, baina batera dauden susmoa sortzen da; Christiek iradokitzen du bikote ote diren».

Markatuta dagoen beste rol bat adinarena da, eta honela azaldu du Gurbindok: «Alargun izatea eta berriz ezkontzea oso presente dago istorioan. Baita oso zaharra izan eta bikotekiderik ez izatearena ere». Gaur egun jendeak barneratuta dauzkan kontuak direla dio, baina, aldi berean, haren ustez garrantzitsua da pentsamendu horiek azaltzea «istorioaren nondik norakoak ulertzeko». Eta honako hau azpimarratu du: «Krimenari buruz hitz egiten dugun bitartean, nobelan badugu hausnarketa txiki horiek egiteko aukera ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.