Donostiako 59. zinemaldia

Agur txalotua izan du Sail Ofizialak 'Intouchables' komedia frantses arinarekin

Eric Toledano eta Olivier Nakacheren filmak aberats tetraplegiadun baten istorio erreala du oinarrian

gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hasierako kredituetatik garbi geratzen da egiazko gertaeretan oinarriturikoa dela Intouchables filma. Egon badago eta bizi da oraindik ere istripu baten ondorioz tetraplegiadun geratu zen Parisko diruduna, eta egon badago eta bizi da oraindik ere haren laguntzaile lanetan jardun zuen senegaldar etorkina. Bien arteko adiskidetasun harremana kontatzen du Eric Toledano eta Olivier Nakache frantziarrek zuzenduriko filmak, komedia tonuz eta errazkeriatik gertuko sentiberatasunez kontatua ere.

Aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialari agur esateko antolatzaileek hautatutako filmak publikoaren harrera beroa jaso zuen atzo. Intentzio osoz aukeratuko zuten aukeratu ere, publiko zabalenari erakargarri suertatzeko ezaugarri guztiak baititu Intouchables-ek. «Istorio errealari ahalik eta leialen izaten saiatu gara, ez dugu besterik egin», adierazi zuen Olivier Nakache zuzendarietako batek filmaren osteko prentsa agerraldian.

Philippe Pozzo di Borgo da tetraplegiadun frantsesaren egiazko izena. Filma egiteko baldintza bakarra jarri omen zien bi zuzendariei: komedia tonukoa izatea. «Ez zuen biktimismoan eror gintezen nahi, eta emaitzarekin gustura geratu da», argitu zuen Nakachek. François Cluzet aktoreak egin du Pozzo di Borgoren papera, eta Omar Syk haren laguntzailearena. Bi aktoreen arteko kimika hori ezinbestekoa izan da filmak «behar bezala aurrera egin zezan». Cluzeti erraza egin zaio oso Syren ondoan lan egitea: «Aktore izugarri dotorea da, eta pertsona gisa, beste horrenbeste».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.