Kritika. Musika

Agurraren orduan

Dexy's Midnight Runners taldearen 'Love' diskoa.
Dexy's Midnight Runners taldearen 'Love' diskoa.
mikel lizarralde
2026ko urriaren 11
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

DEXY's MIDNIGHT RUNNERS

'Love' 


Diskoetxea:

 Heavenly.

Kevin Rowlandek adierazi eta zantzu batzuek berretsi dutenez, hau izan daiteke Dexy’s Midnight Runnersen agurreko diskoa. Rowlandek, taldeko lider espiritual erabatekoak, 73 urte bete berri ditu abuztuan, eta bere bizitza laburbiltzen duen autobiografia argitaratu zuen iaz. Gainera, ia hiru hamarkadako etenaren ondoren taldea 2012an disko berri batekin itzuli zenean (One Day I’m Going To Soar, 2012), Dexy’s deitura hartu zuen Rowlandek, eta horrela segitu du orain arte. Love lan berrirako, aldiz, bandaren jatorrizko izena berreskuratu du, familiaz, gaztaroaz, zahartzaroaz eta batez ere maitasunaz hitz egiteko. Hala, hau bada Dexy’s Midnight Runnersen hondarreko lana, azken puntu aparta jarriko dio nortasun handiko ibilbide bikain bati.  

Dexy’s Midnight Runners 1978an sortu zuten, Birminghamen (Ingalaterra), soul musikaren zale amorratu batzuek, eta 1985era bitartean taldearen bilakaera izugarria erakutsi zuten hiru disko argitaratu zituzten, hirurak bikainak, hirurak ezberdinak: Searching for the Young Soul Rebels (1980), arima beltzeko debuta; Too-Rye-Ay (1982), soularen eta celtic folk-aren arteko uztarketa proposatzen zuen lana —han zegoen taldearen kanturik ezagunena, karaokeetan ere abesten dena, Come on Eileen geldiezina—; eta Don’t Stand Me Down (1985), zeinetan Rowlandek bere alderik barnerakoiena islatu zuen.

Hortik aurrera, Rowlandek bakarkako ibilbide gorabeheratsua osatu zuen, harik eta 2012an, 27 urteko etenaren ostean, taldearen marka laburtuta, disko berri batekin itzuli zen arte Dexy’s. Orduz geroztik, beste hiru lan baino ez ditu kaleratu, Let the Record Show: Dexys Do Irish and Country Soul (2016), izenburutik bertatik bere izaera adierazten duen bertsio diskoa, The Feminine Divine (2023), eta aurten, berriz, Love. 

Azken disko honek ez dio traiziorik egiten taldearen ibilbideari, eta My Life in England Pt. 1 soul pieza itsaskorrarekin hasten denetik, Dexy’s Midnight Runnersen eremuan kokatzen gaitu. Hor dago Rowlanden ahots nahasezina, tonu ugaritara irits daitekeena eta arima eta jakituria biltzen dituena; eta hor dago dantzara eramaten zaituen groove hori ere. Diskoaren ekoizpenaz David Holmes taldearen aspaldiko zalea arduratu da, eta jakin du kantu bakoitzak behar zuenari erantzuten ziola bermatzen. Azken batean, Dexy’s Midnight Runners ez da inoiz norabide bakarreko taldea izan, eta Love-k ere agerian uzten du hori.

Hala, diskoan Philadelphia soundaren eta disko musikaren aztarnak aurkitu ditzakegu: I Want to Be Holding You Next Christmas sentsuala —Barry Whiteren eremuetara hurbiltzen da hor Rowland— eta You’ve Got The Love dantzagarria. Baina badira tempo lasaiko pieza hunkigarriak ere, Once a Man, Twice a Child, Rowlandek aitari eskainitakoa, kasurako; edo Old Love, zeinetan zahartzaroari begiratzen dion musikariak —«Ez naute ikusten./ Nire adina besterik ez dute ikusten./ Ikusten dute zaharra naizela.»—. Aitzitik, It’s Over Now northern soul pieza inspiratua da, bihotz altxagarria bete-betean. Sorpresatxo bat ere badakar diskoak, Tim Buckleyren Strange Feeling-en bertsioa. 

Azkenean Dexy's-en agurreko diskoa bada, Love-k amaierako puntu ezin hobea jartzen dio orain dela ia mende erdi hasi zen ibilbide bati.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA