Kritika. Literatura

Ahanzturaren kontra

Ahanzturaren aingerua
2025eko azaroaren 30a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ahanzturaren aingerua'

Egilea: Maja Haderlap. Itzultzailea: Idoia Santamaria. Argitaletxea: Pamiela.

Bigarren Mundu Gerra bukatu eta hamasei urtera jaio zen Maja Haderlap Eisenkappelen, Austriako Karintiako estatuan, familia esloveniar batean. Eslovenieraz zein alemanez idatzi izan du. Alemanez idatzia da, esaterako, 2011n Ingeborg Bachmann sari prestigiotsua eskuratu zuen Engel des Vergessens izeneko nobela hau, Idoia Santamariak itzuli eta Pamielak argitaratu duena Ahanzturaren aingerua izenburuarekin. 

Inguru menditsua da Karintia, basotsua, harkaitz eta haranez, malda pikoz eta sakonunez betetakoa, gorabeheratsua. Paisaiak presentzia handia du nobelan, memoriaren eroale eta adierazle gisa. Memoria ariketa bat baita, finean, kontakizuna; memoriaren hariari tiraka ibiliko da narratzailea bere historia eta bere familiarena berreraikitzeko. Nazismoaren izugarrikeriaren ondorioek bete-betean jotako familia da protagonistarena. RavensbrĂ¼ck-eko esparrutik bizirik aterea amona, eta partisano ibilia aitona. Baita aita ere, artean 12 urteko ume koskorra zela. Gerrak azpiratutako paisaia da Karintiakoa. Partisanoen itzalak sumatzen dira oraindik baso zoko hostotsuetan, haizearen fir-firean. Izugarrikeriak zanpatuta bizi dira etxaldeetako biztanleak. Larriminak jota bizi da neskato protagonistaren aita, aldiko nerbio krisien menpe eta alkoholismoak itota. 

Narratzaileak ildo kontalariagoa antzeratzen du liburuaren lehenengo erdian, umezaroaren kontaketa eta nerabezaroko urte erabakigarrien kronika eginez. Leku isolatua da Karintia, eta egunerokoaren kontaketa soilaren bitartez horixe adieraztea lortzen du autoreak, bigarren erdian garrantzi handikoa izango den paisaia era monotonoan aurkeztuta; eguneroko lanak, aitaren aldian behingo krisiek eta amonaren figurak presentzia erabatekoa izango dute, memoriak erabat ezabatu baino lehen. Erdialdetik aurrera, protagonista jadanik helduarora iritsita, toki gutxiago hartzen du egunerokoaren kontaketak eta gehiago memoriaren oldarrak, jaioterrirako bisitek areagotua. Jazarri egiten zaizkio protagonistari oroitzapenak, eraso egiten dio paisaiak eta hildakoen izenak xuxurlatzen. 

Mugak erdibituta bizi da kontalaria, Eslovenia eta Austriaren artekoa, baina baita Karintiako partisanoen oinordetzaren eta Esloveniako nazionalisten artekoa ere. Hizkuntzen artekoa ere bai, eslovenierari nola eutsi izango baitu buruhaustea, alemana zirrikitu guzietatik sartzen zaion bitartean. Eta, azkenik, bera eta gurasoen artekoa, iraganean geratzen eta aurrerantz doazen bi munduren artekoa. «Leialtasuna eta traizioa, jabetza eta lurraldea, nirea eta zurea». Haderlapek familiarekikoak kontatzen asmatzen du gehien. Eszena benetan indartsuak uzten ditu gertaera ustez xumeren bitartez. Aitaren pertsonaiaren ertzak, urrikalgarria eta gogorra izanik berau, ezin hobeto azaleratzen dira alabarekiko zenbait pasarte samurretan, hala nola alabak aita mozkorra etxera traktorez ekartzen duenekoan. Betekada utz dezakete, aldiz, saiakerara lerratutako beste zenbait pasartek, batik bat protagonista oraindik heldugabera egokitzen ez direnean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.