Musika

Ahanzturatik atera dute Valentin Zubiaurreren «maisulana»

‘La pasión de nuestro Señor Jesucristo’ oratorioaren grabazioa aurkeztu dute Bilbon. Bilboko Koral Elkarteak berreskuratu du Zubiaurrek 1874an konposatutako lan erlijiosoa.

Valentin Zubiaurreren diskoan parte hartu duten musikariak, gaur, Bilbon, erakundeetako ordezkariekin batera. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Valentin Zubiaurreren diskoan parte hartu duten musikariak, gaur, Bilbon, erakundeetako ordezkariekin batera. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko martxoaren 25a
14:31
Entzun

Valentin Zubiaurre konpositorearen La pasión de nuestro Señor Jesucristo lanaren diskoa aurkeztu du gaur Bilboko Koral Elkarteak, haren familiaren eta erakunde publikoen babespean. Ia 150 urtez lozorroan «bidegabeki ahaztuta» egon ostean, argitara atera dute Zubiaurreren «maisulana», bederatzi mugimenduz osatutako oratorio bat. «XIX. mendeko euskal musikaren barruan, oso obra garrantzitsua da», nabarmendu du Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko zuzendari nagusiak. Eta ohartarazi du «Zubiaurreren bidaia» ez dela amaitu, haren beste lan batzuk editatzen ari baitira.

1874. urtean konposatu zuen Valentin Maria Zubiaurrek (Garai, Bizkaia, 1837 – Madril, 1914) La pasión de nuestro Señor Jesucristo (Jesu Kristo gure jaunaren pasioa), Erroman, hango Espainiako Akademiaren lehen bekaduna izan baitzen. Hala ere, obra hura ez zen inoiz estreinatu, ezta jendaurrean interpretatu ere, Bilboko Koral Elkartearen mahai gainera iritsi zen arte. 2022an hasi ziren musika erlijiosoaren ale hori berreskuratzen, eta iaz gorpuztu zuten lan osoa: hainbat emanaldi egin zituzten, Erroman lehenik, eta Madrilen, Bilbon eta Garain gero. 2023an ere grabatu zuten diskoa; ez dute salgai jarriko, baina Spotify plataforman egongo da entzungai.

«Opera txiki bat da, oso italiarra, koru handi batek kantatzeko pentsatua. Oso exijentea da ahotsentzat».

ENRIQUE AZURZABilboko Koral Elkarteko zuzendari artistikoa

Grabazioa «oso intentsoa» izan zela azaldu du Enrique Azurzak, Bilboko Koral Elkarteko zuzendari artistikoak. Bi egunetan grabatu zuten obra osoa: «Kontuan hartu behar da aurrez inoiz entzun gabeko musika bat sorberritu dugula. Izan ere, XIX. mendea garai ezezaguna da oraindik». Zubiaurrek «oso lan anbiziotsua» ondu zuela erantsi du Azurzak: «Opera txiki bat da, oso italiarra, koru handi batek kantatzeko pentsatua. Oso exijentea da ahotsentzat: esaldi luzeak ditu, eta ahots sendoak behar dira».

Hain zuzen, Ana Otxoa sopranoa, Beñat Egiarte tenorra, eta Julen Garcia eta Juan Laboreria baritonoak aritu dira kantuan; pianoan Ander Marzana izan dute lagun, eta organoan, Alberto Saez Puente —preludioa jo du gaurko aurkezpenean—. Obrak 65 minutu irauten du, eta latinez idatzita dago; gaztelaniaz eta euskaraz ere idatzi zituen beste lan batzuk Zubiaurrek. Bitxikeria bat ere badu diskoak: azaleko irudian Ramon eta Valentin Zubiaurre semeen pintura lanen bat jartzeko zalantzan izan baziren ere, azkenean Manu Muniategik egin du irudia, Erromako Akademiako iazko bekadunak, justuki.

Otilia Fidalgo musikologoaren ikerketen bidez ohartu ziren Zubiaurreren obraren «garrantzi historiko eta artistikoaz». Haren arabera, lan «orekatua» egin zuen konpositoreak, genero lirikoan zeukan ezagutzak eman baitzion antzerki eta erlijio estiloak uztartzeko modua. Azurzak berretsi du «kalitate handiko musika» sortu zuela Zubiaurrek: «Asko gozatu dugu. Entseatzen hasi ginenean, deskubrimendu zirraragarria izan zen pieza bakoitza. Musika harrigarria da».

Mugarri bat

Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz berreskuratu du Bilboko Koral Elkarteak Zubiaurreren lana, eta erakundeokiko esker onez mintzatu dira bertako arduradunak. «Ahaztuta eta gordeta egon den musikazko altxorra» argitara ateratzeaz «harro» agertu da Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura diputatua. «Bikaintasun artistikoaz» mintzatu da, eta mugarritzat hartu du diskoa: «Arteak denboran zehar irauten duela ekartzen digu gogora. Gure kultura eta gure talentua nazioartean zabaltzen laguntzen duen proiektu bat da».

«Zubiaurreren familiak partituraz betetako 11 kutxa eraman zituen Eresbilera. Orain, haren 200 obra inguru daude han, era guztietakoak».

BINGEN ZUPIRIAEusko Jaurlaritzako Kultura sailburua

Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak ere txalotu egin du Bilboko Koral Elkartearen egitekoa: «Gure kultura ondarea ezagutzeko, oso inportantea da garai hartako obrak erregistratuta eta grabatuta geratzea». Eta gogora ekarri du oraindik badagoela zer berreskuratu: «Zubiaurreren familiak partituraz betetako 11 kutxa eraman zituen Eresbilera [Musikaren Euskal Artxibora], han zain zitzaten. Bertako profesionalen lana izan da hori guztia antolatzea: identifikatzea, sailkatzea, katalogatzea. Orain, Valentin Zubiaurreren 200 obra inguru daude han, era guztietakoak: eszenikoak, orkestrarako obrak, erlijiosoak, pianorako obrak...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.