Talde eta sari anitz zeuden, baina abesbatza bat nabarmendu da bertze denen gainetik aurtengo Tolosako Abesbatza Lehiaketan: Delaware Choral Scholars. AEB Ameriketako Estatu Batuetakoa da korua, eta hark irabazi ditu lehiaketako dominarik distiratsuenak. Lau sari, zehazki: polifoniarena, folklorearena, Kutxaren Sari Nagusia eta Eusko Jaurlaritzak euskal abesti baten interpretazio onenari emandakoa. Pablo Sorozabalen Arroxa lilia kantua moldatu dute, zehazki, eta atzoko lehiaketan egindako interpretazioagatik jaso dute saria. Kutxaren Sari Nagusiari esker, gainera, Esloveniako Mariborren ospatuko den Abesbatza Kantuaren Europako Sari Naguisirako izendapena ere lortu zuten. 2026ko apirilaren 18an izanen da lehiaketa hori.
Epaimahaiak argudiatu du taldeak «ezin hobeto» uztartu zituela teknikotasuna eta emozioen transmisioa, eta, gainera, «arrisku handiko lana» egin zutela. Enrique Azurza izan da epaimahaiko burua, eta Dario Tabbia italiarrak, Bengt Ollen suediarrak, Aira Birzina letoniarrak, Ambroz Copi esloveniarrak, Oleksi Xamritski ukrainarrak eta Bernie Sherlock irlandarrak osatu dute taldea. Delaware Choral Scholars entzutea «gozamen hutsa» izan zela erran zuen Azurzak.
Jasotako aitortzarekin kontent agertu zen Paul D. Head Delaware Choral Scholarseko zuzendaria. Abesbatza on batek, haren ustez, bi ezaugarri behar ditu: abeslari onak eta entzulearekin konektatzeko gaitasuna. Taldean kantari onak «sobran» zituela erran zuen lehenik, eta, horrez gainera, Tolosan konexioa lortu zutela gehitu zuen.
Alde handia atera zien talde estatubatuarrak gainerakoei, eta epaimahaiak emandako datuetan ikusten da hori. Polifonia sailean, erraterako, %91,58 puntuaziora iritsi ziren irabazleak, eta bigarren saria eskuratu zuten Yumecan talde japoniarreko kideek eta Youth Choir Balsis letoniarrekoek, biak ere %86,5eko puntuaziora ailegatuta. Folklore atalean, berriz, %94raino heldu ziren estatubatuarrak, eta koskatxo bat beheitiago geratu ziren kasu horretan ere Yumecan japoniarrak, %90era. Bigarren saria eskuratu zuten hor ere.
Suedia nagusitu da musika erlijiosoaren sailean. Svanholm Singers taldeak irabazi du urrezko domina alor horretan, Sonat Vox alemaniarrak zilarrezkoa eta En Kor taldeak —haiek ere suediarrak— brontzezkoa. Musika profanoaren lehen saria Svanholm Singers talde suediarrak eraman zuen, eta entzulearen saria, berriz, Sonat Vox alemaniarrak.
Keinu bat etxeari
Tolosan zeudela probestuta, Azurza epaimahaiburuak keinu bat egin nahi izan zien Euskal Herriko abesbatzei. «Euskadiko abesbatzaren mundua gaur egungo gizartearen isla da, eta uste dut duela urte batzuk baino askoz profesionalizazio handiagoa dagoela». Euskal Herriko Gazte Abesbatza jarri zuen horren adibide gisa, baita Musikene eta bertzelako kontserbatorioak eta akademiak ere. «Maila ikaragarria dago Euskadin, eta esango nuke inoiz ez dela orain bezain ondo abestu».
Luis Miguel Espinosari ere omenaldia egin zioten sariak banatzeko ekitaldian. 39 urtez izan zen Tolosako Abesbatza Lehiaketaren zuzendaria, eta, hain zuzen ere, lekukoa hartu zionak eman zion lore sorta, Xabier Ormazabalek.
