KRITIKA. Musika

Ahotsak, taulatik oroimenera

2024ko apirilaren 17a
05:10
Entzun

EUSKAL HERRIKO GAZTE ABESBATZA

Zuzendaria: Esteban Urzelai. Zuzendari laguntzailea: Xabier Mendez. Bakarlariak: Ainhoa Izagirre eta Alazne Lopez. Pianoa: Amaia Zipitria. Egitaraua: A. Lesbordes, Th. Morley, K. Nystedt, E. Ugalde, K. Steven eta abarren obrak. Lekua: Euskadiko Orkestraren egoitza, Donostia. Eguna: Apirilaren 13a.

Euskal Herriko Gazte Abesbatza duela zortzi urte sortu zen proiektu pedagogiko gisa, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak egindako sustapenari esker; geroztik, biurtekoz biurteko proiektua berrituz, euskal kulturaren eta hizkuntzaren enbaxadore izan dira gurean, eta baita gure mugetatik haratago ere. Kontzertua ireki zuen piezak ondo biltzen du proiektu honen zein gainontzeko euskal abesbatza guztien zerizana eta etorkizuna: «Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi». Lurdan kapera-maisu izandako Alexandre Lesbordesek egindako moldaketan, Joxe Mendiaga bertsolariaren hitzak zabaldu egin ziren Euskadiko Orkestraren egoitzan, goitik behera abesbatzako kideen ahotsak gehituz.

Programak maitasunaren ideia zabala eta horren inguruan sortutako sentipenak jarri nahi zituen erdigunean, Errenazimentutik gaur egunera arteko ahots musikan murgilduz. Ildo horretan, bereziki nabarmentzekoak izan ziren Silvio Rodriguez kantautore kubatarraren Locuras, Liliana Cangianoren moldaketan, eta baita Iker Gonzalezen Isildu nahi ez den hura ere. Partaide kopurua kontuan hartuz soinuan trinkotasun edo loditasun gehiago espero zitekeen arren, dinamiken eta prosodiaren lanketa fina nabari zen. Tarteka, hala ere, funtsezkoa den bat-egiteak huts egin, eta ahots partikularren berezitasunak gehiegi antzematen ziren, eta horrek afinazio arazoak azaleratu zituen, bereziki goi erregistroan. Anton Brucknerren Ave Maria ezagun bezain exijentean nabariagoa izan zen hori, baita sopranoetan zatiketak zeuden pasarteetan ere. Mugimendua eta kantua bateratzen zituzten obrak, bestetik, erosotasun zirraragarriaz ebatzi zituzten, Indonesiako harmoniak dakartzan Dawn and Dusk ikusgarrian argi. Urzelaik azti baten gisan gidatu zituen piezak, keinu oparoa eskainiz, eta bide beretik ari da Mendez ere; biek abesbatzarekiko konexio bizia mantendu zuten une oro.

Abesbatzak gune pribilegiatua dira hitza, ahotsa eta memoria babesteko, norberarenak, taldearenak zein kulturarenak. Gazteak zaindari, bada oraindik ahanzturaren aurkako esperantzarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.