Artea

Ainara LeGardon izango da Museo Bikoitza programako hurrengo artista

Sortzaileak sei hilabete inguru izango ditu Donostiako San Telmo museoko artxiboa aztertzeko eta hura oinarri duen proposamen bat aurkezteko.

Ainara LeGardon. RAFA RODRIGO
Ainara LeGardon. RAFA RODRIGO
Inigo Astiz
2026ko apirilaren 27a
12:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako San Telmo museoak 2018an ekin zion Museo Bikoitza proiektuari, Asier Mendizabal artistaren ideia batetik abiatuta. Ibon Aranberri gonbidatu zuen Mendizabalek, hark Erlea Manerosi pasatu zion lekukoa gero, eta, hala, geroztik urtero-urtero joan da parte hartzaileen zerrenda osatzen. Museoko artxiboa ikertu eta hura berraktibatzea da asmoa, eta, horretarako, sortzaile bakoitzak gutxi gorabehera sei hilabeteko epea izaten du ikerketa lana egin eta bere proposamena aurkezteko. Lan hori urtebetez geratzen da museoan ikusgai gero, eta bildumaren parte bihurtzen da azkenik. Horretan aritu dira azken urtean Tractora kooperatibako Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar, eta haiek erabaki dute lekukoa nori pasatu: Ainara LeGardon izango da hurrengo artista gonbidatua.

Rockaren munduan hasi zuen ibilbidea LeGardonek, baina, Tractorako kideek gogoratu dutenez, esparru esperimentalean murgildu da azken urte luzeetan, eta arte plastikoen testuinguruan dabil gaur egun. Zuzeneko performanceak eta soinu instalazioak egin ditu, esaterako.

«Gutxi» aztertutako alor bat

Arrietak eta Elgoibarrek azaldu dutenez, horregatik guztiagatik hautatu dute LeGardon, bai eta soinu artearen praktikari nolabaiteko aitortza bat egiteko ere. «Euskadin soinu esperimentalaren testuingurua funtsezkoa izan da, eta da, praktika garaikideak ulertzeko. Gutxi aztertutako eremua da, arte bilduma publikoetan eta pribatuetan oso gutxi agertzen dena. Egoera hori konpontzeko aukera ona dela uste dugu».

LeGardon pozik azaldu da proposamenarekin. «Jasotako gonbidapena aukera paregabea da memoriaren eta artxiboaren inguruko nire lan ildoarekin jarraitzeko, entzute prozesuak berriz testuinguratuz eta berrinterpretatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA