Entzuna zuen Jose Gonzalo Zulaika Arregi Aita Donostia-ren berri, eta ezaguna zuen konpositore haren lotura euskal folklorearekin. Horregatik harritu zen Ernest Martinez Izquierdo musika zuzendaria La vie profonde de Saint François d’Assise lanaren partitura jaso zuenean (Asisko San Frantziskoren bizitza sakona). «Aztertzen hasita, konturatu nintzen Euskal Herriko musikatik harago zihoala, bere garaiko, XX. mende hasierako, musikarekin ere bazegoela konektatua —Ravelekin, adibidez—, elementu stravinskiarrak zituela, baita abangoardiakoak ere: politonalitatea, besteak beste». Pieza 1926ko azaroan estreinatu zuten Parisko Theatre des Champs-Elyseesen, baina harrezkeroztik ibilbide laburra izan du. Euskadiko Orkestrak taularatuko du etzitik azaroaren 11ra bitartean, Donostiako, Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko bere egoitzetan.
Sortzez donostiarra zen arren, Lekarozko (Nafarroa) kaputxinoen ikastetxean sartu zen Aita Donostia 10 urte zituela, eta luze egon zen han, ikasle moduan lehenik, eta irakasle ondoren. Baina musikaren inguruko bere ezagutza zabaltzeko helburuz, hainbatetan utzi zuen Lekaroz; 1920an, zehazki, Parisera eraman zuen jakin-minak, eta garai hartako musikari eta artista batzuekin jarri zen harremanetan han, tartean Henri Gheon antzerkigilea.
«Ezin genuen ipini errezitatu besterik egingo ez zuen pertsona bat; antzeztu beharra zeukan. Obraren ikuspegi eszeniko bat eman behar genuen»
ERNEST MARTINEZ IZQUIERDO Musika zuzendaria
Urte batzuk geroago, Lekarozera itzulia zela jada, Asisko San Frantziskoren figurara gerturatu zedila proposatu zion Gheoni, eta interes horretatik sortu zen La vie profonde de Saint François d’Assise: Gheonek antzezlan luze bat ondu zuen santuaren bizitzaren inguruan, eta Aita Donostiak musikarekin jantzi zituen pasarte haiek. Lau ordu pasatxoko pieza bat izan zen emaitza.
Nolakotasun horri erreparatuta, Martinez Izquierdok argi izan zuen partitura aztertu zuenetik: ezin zuten kontzertu soil bat egin. «Dramaturgia oso garrantzitsua da hemen», ziurtatu du gaur, Bilboko Arte Ederren Museoan egin duten aurkezpenean. «Proiektua birplanteatu beharra genuen. Ezin genuen ipini errezitatu besterik egingo ez zuen pertsona bat; antzeztu beharra zeukan. Obraren ikuspegi eszeniko bat eman behar genuen». Eta horrek prozesua «konplikatu» egin du, barre artean onartu duenez, makina bat profesional gehitu behar izan direlako egitasmora.
«Ez dago konposizioaren grabaziorik. Atzo lehen entsegua izan genuen orkestrarekin eta koruarekin: magikoa da»
ANNIE DUTOIT-ARGERICH Aktorea eta errezitatzailea
Fernando Bernues aritu da eszena zuzendari, Annie Dutoit-Argerich aktore eta errezitatzaileak jokatuko du santuaren rola, eta Luken Mungira tenorrak San Frantzisko gaztearena, eta Easo Abesbatzak eta Easo Gazte koruak ere abestuko dute ikuskizunean. Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusi Roberto Ugartek bere gain hartu ditu kudeaketa lanak. Josu Okiñenaren edizio kritiko berria hartu dute oinarri, eta David Ferre dramaturgoak egokitu du Gheonen lana; testuak frantsesez izango dira, jatorrizkoan bezala, baina azpidatziak jarriko dituzte. Proiektuak BBVA fundazioaren babesa jaso du.
Musika eta irudia
Fernando Bernuesek esplikatu duenez, piezak ez zuen eskatzen eszenografia tradizionala; aldiz, Aita Donostiak pieza taxutzean izan zuen «sorkuntza markoa» islatu beharra zegoen. Izan ere, pieza «intzidentala» da, antzezlan baterako propio sortutako konposizio sorta «oso anbiziotsua», eszena zuzendariaren irudiko. Horiek horrela, erreferentzia eszenografiko garaikideak erabili ditu Bernuesek Aita Donostiaren musikari ikuskizun kutsua txertatzeko: argiztapena eta ikus-entzunezkoen aldea landu ditu, bereziki.
Annie Dutoit-Argerichen ahotsak borobilduko du saioa. Ugarteren proposamenak ezustean harrapatu zuela kontatu du, umorez. «San Frantziskoren rola egitea? Nik? Emakumea izanda? Zergatik ez?». Ferreren doitze lana goraipatu du, eta nabarmendu testu horrek eta musikak «bikain» egiten dutela bat. «Hori ez nekien orain gutxira arte, ez baitago konposizio horren grabaziorik. Atzo lehen entsegua izan genuen orkestrarekin eta koruarekin: magikoa da».
«Aitzakia bat izan da haurrei eta gazteei azaltzeko nor izan zen Aita Donostia eta zer egin zuen»
GORKA MIRANDA Easo Abesbatzaren eta Easo Gazteren zuzendaria
Baina Dutoit-Argerich agertu baino lehen, Luken Mungira igoko da oholtzara. San Frantzisko gaztearen ahotsarekin mintzatuko da, eta lehen mugimenduan baino ez da egongo. «San Frantziskoren gatazka aurkeztuko dut, eta joan egingo naiz. Gero, gainontzekoak ordubetez egongo dira nitaz hizketan», xehatu du emanaldia, umorez.
Edonola ere, San Frantzisko ez da bakarrik egongo. Easo Abesbatzaren eta Easo Gazteren zuzendari Gorka Mirandak azpimarratu du pieza «oso espirituala» dela, eta, hortaz, koruek «garrantzi handia» dutela. Baina, horrez gain, dibulgazio lana egiteko abagunea ere eman dio egitasmoak Mirandari. «Aitzakia bat izan da haurrei eta gazteei azaltzeko nor izan zen Aita Donostia eta zer egin zuen. Nik ikasketak egin nituenean, banuen haren erreferentziarik, baina gaur egungo gazteek ez daukate».