«Eroso» eta «epeetan» lan egiteko moduko bikotea osatu dute Helena Azkarragaurizar ilustratzaileak eta Bertol Arrieta idazleak. Eta, zeharka bada ere, izan du ikustekorik BERRIAk horretan, Azkarragaurizarrek egunkarian plazaratutako marrazki bat ikusi eta hartaz laketuta deitu baitzion Arrietak hari elkarrekin komiki bat ondu zezaten. Azkarragaurizarri gustatu egin zitzaion gidoia; «egingarria» iruditu zitzaion. Elkartze horren eta ordu askotako lanaren emaitza da Jende modernoa komikia. Nagusitzen ari den molde teknologikoaren kontrakarrean, guztiz eskuz marraztuta eta arkatz koloretsuez margotuta osatu dute 140 orrialdeko liburua. Elkar argitaletxearekin karrikaratu dute.
Funtsean aita-semeen arteko harremanez mintzo da komikia, eta hori irudi bidez kontatzeko istorio «minimalista» bat jarri dute oinarrian: aita alargun erretiratua bisitan joango zaio semeari, Bartzelonara, asteburu baterako. Aita liluratzeko asmoz, plan turistiko bat onduko du semeak. Baina aitak entzungor egingo dio semearen ahaleginari, hari ez baitio interesik Bartzelonako ezerk piztuko, metroak besterik. Izan ere, lur azpiko trenak fabrikatzen dituen enpresa batean aritutakoa da lanean aita, eta urtetan egin duen lanaren fruitua ikusi nahi du martxan.
«Niretzat zerbait berezia da metroa, agerian dagoen hiriaren itzala bezalakoa da, baina ikusezina. Tunelez josita dagoen labirintoaren itxura hartzen diot»
BERTOL ARRIETA Gidoilaria
Arrietak metroari dion «lilura» dago komiki honen sorburuan: «Niretzat zerbait berezia da metroa, agerian dagoen hiriaren itzala bezalakoa da, baina ikusezina. Tunelez josita dagoen labirintoaren itxura hartzen diot». Metroetan harantz eta honantz dabilen jendeak ere ematen dio arreta gidoilariari —«gazte, zahar, emigrante, trajedun, langile…»—, bai eta bidaietan sortzen diren harreman iragankorrek ere: «Metro bidaiak irauten duena irauten dute harreman horiek. Gehienetan, trenetik jaitsi orduko amaitzen dira». Hain du liluratua Arrieta metroak, ezen Bartzelonan literatur egonaldi bat egiteko aukera izan zuenean «metroan betidanik egin nahi izandako gauzak» egiten aritu baitzen. Esate baterako, «tren bat hartu, eta halako batean noranzkoa aldatu». Edo «linea bat hartu eta azken geltokiraino joan». Edota «ezezagunekin hitz egin».
Ageriko hiriak eta lur azpiko haren «itzala» omen den metro sareak elkarren kontrastean dauden hein berean, komikiko pertsonaiek ere ifrentzua behar dutela uste du Arrietak. «Aitarengan pentsatuz, bururatu zitzaidan izan zitekeela ezkertiar, aurrerakoi, sindikalista, Palestinaren aldeko eta, era berean, homofobo». Boliviako presidente ohi Evo Moralesek piztu zion halako pertsonaia bat sortzeko pindarra: «Idolo bezala ikusi genuen, gauza asko egin baitzituen Boliviaren alde. Era berean, komentario homofobo asko egin zituen, eta izugarrizko pena sentitu nuen horiek entzunda». Aitaren argi-itzalak semearen bidez azaltzen dira komikian: «Homosexuala da, baina aitak ez daki». Baita semearenak aitaren bidez ere. Istorioan aurrera egin ahala, «lurrikara txiki edo ez hain txiki bat» pairatzeko zorian daudela antzemango du irakurleak. «Bataren eta bestearen sekretuak agertuko dira», azaldu du Arrietak.
«Gidoia irakurtzen hasi nintzenean, antzerkia etorri zitzaidan akordura, eta hori izan dut gogoan prozesuan. Pertsonaiak teatralizatu ditut, eta garrantzia eman diet keinuei»
HELENA AZKARRAGAURIZAR Irudigilea
Gidoia hartu orduko egin zuen haren alde Azkarragaurizarrek: «Istorio minimalista bat da, metafora handirik gabea, horregatik iruditu zitzaidan egingarria. Irakurtzen hasi nintzenean, antzerkia etorri zitzaidan akordura, eta hori izan dut gogoan prozesuan. Pertsonaiak teatralizatu ditut, eta garrantzia eman diet keinuei».
Isiluneen garrantzia
Bestalde, elipsiak komikiaren formatuan hartzen duen garrantzia nabarmendu du Arrietak: «Komikia elipsearen artea da, bineta batetik bestera elipsia baitago. Garrantzitsua da zer kontatu jakitea». Eta esaten ez diren gauzak harago eramanda, hitzik gabeko bineta ugariak ekarri ditu hizpidera. Azkarragaurizarren teknika goraipatu du: «Oso desberdinak dira bere ilustrazioak; trazu espresiboa du».
Hiru kolore paleta erabili ditu Azkarragaurizarrek. Bata, «arrosa, berdea eta koloretsua», Bartzelonako hiria marrazteko. Bestea, «ilunagoa eta serioagoa», metroko eszenetarako. Paleta urdin monokromoa, berriz, atzera begirako flashak irudietara eramateko.
Lanean bestetan ez bezala aritu dela gaineratu du irudigileak: «Gustuengatik edo, hondo zuriaren gainean aritu naiz beti, eta irudi bakar bat landu dut aldiko. Orain, kontrara, irudi nagusiaren atzean gertatzen diren gauzak kontatzen saiatu naiz». Hain zuzen, atzeko plano hori osatzea egin zaio zailena: «Horri nion beldurrik handiena, baina elkarrekin lan egiteak eta hartutako erabakiek lagundu digute prozesuan». Eta «tonua hartzeak» ere izan zuen konplikaziorik harentzat: «Hasierako hamar orrialdeak lauzpabost aldiz marraztu nituen, harik eta irudi asegarria lortu nuen arte; ez, beharbada, politena».
Zailtasunak zailtasun, bide berri bati ekin izan balio bezala mintzatu da Azkarragaurizar: «Honetan egin duguna lan inportantea izan da niretzat. Eta modu hau aplikatzen ari naiz beste lanetan ere».