Aitor Agiriano Toro hamabost bat urtez aritu zen Doctor Deseo taldean gitarra jotzen, eta taldekide izandakoek gaur agurtu dute, hain zuzen, Adios (Agur) abestiarekin. Azken urteotan gaixo egon ondoren, bihotzekoak jota hil da, 55 urterekin.
«Atseden hartzea besterik ez balitz/ Ibaia gara, itsasoa gara/ hauts maitemindua agian./ Beldurtuta eta txiki/ argien bila gauean,/ ahultasunean indarra./ Agur, eskerrik asko, agur/ Maite zaitut, niregan zaude». Halaxe dio Doctor Deseoren abestiak, eta, jatorrian, taldeko abeslari Francis Diezek haren aitaren heriotzaren harira sortu bazuen ere, gaurkoan abesti horixe baliatu dute sare sozialen bidez taldekide eta lagun izandako Toro agurtzeko. Abestiari buruz, Diezek zera argitu zuen elkarrizketa batean: «Badakit pop kulturan ez dela oso normala halako gaiez hitz egitea, baina beharrezkoa ikusi nuen». Dagoeneko ehunka mezu zabaldu dira sareetan, eta, besteak beste, Parabellum Bizkaiko punk-rock taldeak ere egin nahi izan dio keinu musikariari.
Baina Bilboko pop-rock doinuetan murgilduta egoteaz gain, Agiriano 1998an Bilbon ereindako Antzerkiola Imaginarioa antzerki taldearen sortzaile, musika zuzendari eta konpositore ere izan zen. Bere azken urteetan ere sortu zuen antzerkirako musika; besteak beste, Arabako Traspasos antzerki konpainiarentzat, eta, gainera, Peace Monkeys Cabaret izeneko kabaret ikuskizuneko arte eta musika zuzendari izan zen. Artedrama konpainiaren Miñan antzezlanerako musika ere berak konposatu zuen. Miñan Ander Lipusek zuzendu zuen, hain zuzen ere Agirianok Antzerkiola Imaginarioa proiektuan lagun izan zuenak.