Aitor Bizkarrak irabazi du Bizkaiko Txapelketako lehen finalaurrekoa

Puntu erdira sailkatu da Jone Uria, eta gibeletik Oihana Bartra, Imanol Uria, Aissa Intxausti eta Bittor Altube. Heldu den igandean izanen da bigarren finalaurrekoa, Abadiñon.

Aitor Bizkarra, gaur, Zeanurin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Aitor Bizkarra, gaur, Zeanurin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iratxe Muxika
Zeanuri
2025eko urriaren 26a
21:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitor Bizkarrak zuzen-zuzenean eginen du jauzi Zeanuritik Bermeora (Bizkaia), hura izan baita gaur Zeanuriko txapeldun, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoaren lehen bueltan. 649,5 puntu lortu ditu, eta, horrek, hain justu, finalaurrekoetako bigarren bueltan kantatzeko txartela eman dio —Bermeon izanen da, azaroaren 15ean—. Haren gibeletik puntu erdira bertzerik ez da sailkatu Jone Uria Albizuri, eta hirugarren, Oihana Bartra Arenas, 629,5 puntu bilduta. Ondotik, eta hurrenez hurren, Imanol Uria Albizuri (615 puntu), Aissa Intxausti Aburruza (594 puntu) eta Bittor Altube Sarrionandia (547 puntu) sailkatu dira. Irabazlea ez bertze bertsolariek puntuazioen zai egon beharko dute datozen saioetara sailkatu ote diren jakiteko. 

2023ko Bizkaiko finalean kantatu izateagatik batu dira gaur txapelketaren olatura Jone Uria, Oihana Bartra eta Aissa Intxausti; eta nola batu, gainera. Sintonia aditu orduko isildu dira entzuleak, eta agurtu sei bertsolariak. Oholtzara zertara igo diren ere nahikoa argi erran dute; bai Intxaustik, bederen: «Oholtzara gatoz erakustera/ badakigula bertsotan». 

Bitan banatu du saioa Beñat Vidal Gurrutxaga gaijartzaileak: binakako ariketak lehendabizi eta bakarkako lanak gero. Bizkor eta arin joan da saioa, gehien-gehienean. Hamarreko txikiarekin hasi dira bertsolariak, eta Jone Uriaren eta Aitor Bizkarraren ofizioa izan da txalo gehien bildu dituena. Tabernaria zen Bizkarra, eta auzo elkarteko kidea Uria. Urtero apaintzen du halloween festarako taberna Bizkarrak, eta Uriak apaingarri euskaldunekin atontzeko proposamena egin dio. Ez du begi onez ikusi Bizkarrak: «Jendea irrintzika/ ta euskal dantzetan/ jada izaten dugu/ santotomasetan». Txalo zaparrada sortu du Uriaren erantzunak: «Baina mitologiak/ ai zenbat estasi/ saltzen duen galdetu/ Pello Reparazi». Hitz joko batez itxi du eztabaida, azkenerako, saioko irabazleak: «Nik horren trukoekin/ ez daukat traturik». 

Irriz eta txaloz

Zortziko txikiak ohi duen umorez aritu dira sei bertsolariak bigarren ariketan, eta hiru ofizioek eragin dituzte irri txikiak oholtza azpian. Talde bereko txirrindulariak izan dira Bizkarra eta Imanol Uria, eta gaur gailendu zaio aspaldiko partez Uria Bizkarrari. Jolasean hasi da Uria: «Txirrindulari fina/ da Aitor Bizkarra/ ta galtzean ematen/ omen du bizkarra». Oporretara elkarrekin joan diren bi lagun ziren Bartra eta Altube, eta kexaka aritu da Altube. Moskitoak hiltzeko repelenterik ba ote duen galdetu eta hala erantzun dio Bartrak: «Zugaz ez nuke egingo/ biaje potentea/ jakin banu zinela/ hain repelentea». Intxausti eta Jone Uria, berriz, lankideak ziren, eta wikipedian bere buruaren biografia idazten topatu du Uriak Intxausti. «Bizkaiko finalista/ hortxe nabarmendu/ behin izan zara baina/ lau aldiz jartzen du», bota dio Uriak. 

Ganbararen aitzinetik lan zailxeago bat egin beharrean ziren bertsolariak: Iparragirre abila dela doinuan hiruna bertso. Doinuak neurri eta errima aldaketa eskatzen du, eta horregatik da gainerako lanak baino lantsuagoa teknikoki. Bartraren eta Jone Uriaren ofizioak jo du goia: bikote harreman bat duten bi nerabe izan dira, lehenegoz larrutan egiteko geratuta zeudenak. Bartra: «Gaur baneukan asmoa/ probatzeko orgasmoa/ ikutuz zure azala/ baina uste dut hasi aurretik/ bukatu egin dudala». Zalantzati erantzun dio Uriak: «’A, a’ besterik ez duzu esan/ hori ezin izan da izan». Eta txaloka jarri ditu bertsozaleak, berriz, Bartraren hurrenak: «Hain orgasmo isila/ laburra ta sutila/ ‘a, a, a’ deserosoa/ baina barrutik ahoskatu dut/ abezedario osoa». Uria egoera berean egon ez arren, lagunei gezur txiki bat erranen diela kontatu du: «Zuk bai a-k ta bai zetak/ nik ez euro ez pezetak/ nahiz izan den erdi burla/ lagun deneri esango diet/ primeran joan zaigula». 

Eta iritsi da bigarren zatia: ganbara. Munduaren bukaerari buruzko puntu erantzunak egin ditu bertsolari bakoitzak —bi bertso buruko—, eta honako gai honi doinu eta neurri librean erantzutea zen azken lan puntuagarria: Ezetz esan deutsue; halan da be, zuk zeurean segituko dozu. Beretik heldu dio bakoitzak; ez da gairik errepikatu. 

Amets bat finalarekin

Doinu berezi batean jardun da saioko irabazlea, eta hark bildu ditu puntu gehien ariketa horretan —146 puntu—. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantatu nahi zuen bertsolari baten larrutik kantatu du; hain justu, etengabe zortzikotearen parte izaten saiatzen ari den gorpuzkera batetik. Barru-barrutik aritu da, erraterako, bigarren bertso honetan: «Nahiz ta gustora izango nintzen/ zortzikote horren parte/ amaitu dira semi saioak/ etorri zaizkit lagun iaioak/ besotik ebatu naute/ ta ezetz esan didate». Eta errima landuz eta zehatzez amaitu du ganabarako lana: «Beraz kanpoan geratu omen naiz/ nahiz ta izan ozta-ozta/ barne ahotsak eman amore/ utzi ezazu diosta/ ta hara zer den horren segida/ bihotz taupada bihurtu dira/ zaldi ero baten trosta/ momentu hontan nik Jamaikara/ egin nahiko nuke ospa/ eta ez hemen tristerik egon/ zital mekauendios-ka/ hala ere jakin lagun horrela/ bene-benetan izango dela/ nire urtea nahiz kosta/ bi mila ta hogeitabosta». 

Jone Uriaren lanak bildu ditu, ondotik, puntu gehien: 141. Enpresa bateko zuzendari izateko aurkeztu da, baina lankideek ez diote hain erraza jarri. «Batzuen eta besteen/ irriak entzun beharko/ lehen ere jasan ditut/ enpresan mila halako/ ezetza eman didate/ neska gazte naizelako». 

Tabernari baten gorputzetik kantatu du Altubek, eta irudikatu du nola joan zaion nagusiari soldata igo diezaion eskatzera. Hirurogehi urteko gizona izan da, aldiz, Imanol Uria, erresidentzia batean sartu nahi dutena seme-alabek. Hark, ordea, ez du halakorik nahi: «Izan naitekeela karka/ izan naiteke klasiko/ eta lehengo ohituretan/ beti naizela biziko/ nahiz irteteko atea/ berriz didaten itxiko/ igual ez dut lortuko baina/ ez dut sekula etsiko».

Bernedoko udak ekarri ditu gogora Intxaustik, eta txalo zaparrada bat jaso du bueltan. Intxausti: «Nahi ditugu gure uda/ jolas joko ta pasarte/ jada faxismo hauekin/ kokoteraino naukate/ bertan jarraituko dugu/ ixten digutenera arte». 

Oihana Bartrak kantatu du azken, eta iraganera begira aritu da; hamazazpi urterekin ikasketak hautatu beharreko momentura, zehazki. «Ikusi nahi zituen/ ditudan diplomak/ horrela zenbatzeko/ buruko neuronak/ zein diren oso txarrak/ eta zeintzuk onak/ nola ari zareten/ epaitzen pertsonak». 

Hala, badirudi Bizkarraren ganbarako beldurrak desagertzen ari direla pixkanaka, geroz eta hurbilago baitu abenduaren 20ko finala. Oholtza hori nork osatuko duen, baina, aitzinerago jakinen da. Gaur gaurkoz, heldu den saiora begira dira bertsolariak; igandean izanen da, Abadiñon. Maite Sarasola, Aitor Etxeberriazarraga, Enare Muniategi, Gorka Pagonabarra, Txaber Altube eta Unai Mendiburu arituko dira kantuan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.