Aitortza «Tabakalera belaunaldiari»

Irailean hamar urte beteko ditu Donostiako Tabakalerak, eta, horren harira, hainbat zinemagile elkartu ditu gaur ekitaldi jendetsu batean. Bertan hazi eta hezitakoak diren sortzaileei «Tabakalera belaunaldia» deitu diote.

Hamargarren urteurrenaren harira, Tabakalerak antolatu duen ekitaldian izan diren zinegileak. JON URBE / FOKU
Hamargarren urteurrenaren harira, Tabakalerak antolatu duen ekitaldian izan diren zinegileak. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2025eko ekainaren 13a
17:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Turista eta herritar askok bosgarren solairuko begiratokira igotzeko erabili ohi dute Donostiako Tabakalerako igogailua. Gaur gauza bera egin du jende andanak, baina guztiz bestelako ekintza baterako. Urtemuga du aurten Donostiako Tabakalera espazioak; datorren irailean hamar urte beteko ditu, eta, aitzakia baliatuta, ekitaldi bat egin dute gaur goizean, «Tabakalera belaunaldia» deitu diotena goratzeko. Gainera, zinemaz betetako asteburu bat antolatu dute bertan. Gaur eta bihar lau proiekzio egingo ditu: Historia de pastores, Frialdad, O Corno eta El diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la misma caja).

Atzera begiratua egin dute gaur goizean Tabakaleran antolatu duten topaketa jendetsuan. Hogeita hamar zinemagile inguru elkartu dira, denak Tabakaleraren ekosistematik igarotakoak. Eta haiekin batera izan dira, besteak beste, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Carlos Mugiro Elias Kerejeta Zine Eskolako zuzendaria, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta beste instituzio batzuetako zenbait ordezkari.

«Eskerrik asko». Hori izan da ordezkari guztiek gehien errepikatu duten hitza. Lankidetzatik sortutako proiektua izan zen Tabakalera, zinema garaikidearen aldeko apustua eginez, eta gaur egun ere hala dihardu, hainbat elkarteren arteko elkarlanari eskerrak. Besteak beste, Donostiako Zinemaldia, Elias Kerejeta Zine Eskola, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera bera. Horregatik, elkarri eskerrak emateko eta elkar zoriontzeko baliatu dute topaketa.

2015etik gaur egun arte Tabakaleran «ekosistema bat» sortu dutela nabarmendu du Ormazabalek, eta ekosistema horren ekarpenaz «harro» agertu da ekitaldian. Hala ere, aurrez egindako lana ere aitortu die hainbat eragileri eta erakunderi. 2015etik gaur egunera bitartean bertatik sortu edo igaro diren sortzaileei «Tabakalera belaunaldia» deitu diote. «Gure zinemaren nazioarteko proiekzioa, zalantzarik gabe, belaunaldi berri baten etorrerari zor zaio. Bertako talentuari ibilbide profesional osoan laguntzea eta gure ingurunean sortutako zinema proiektu berriak sustatzea, garatzea eta erakustea da gure egiteko nagusietako bat».

Ekosistema horri dagokionez, zirkuitu «antolatua» dela nabarmendu dute, urteen poderioz eraikia, eta zinemagile bakoitzari bere proiektuaren hasierako fasetik azken aurkezpenera arte laguntzeko dagoena. Hala, bertatik igarotzen diren sortzaile askok «bide bera» egin dute prentsari zabaldutako oharrean: «Elias Kerejeta Zine Eskolan trebatu dira, beren proiektua Noka edo Ikusmira Berriak bezalako programetan garatu dute gidaritza profesionalarekin, postprodukzioa Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Laborategian landu dute, eta filma nazioarteko jaialdietan aurkeztu dute».

Esperientzia andana

Zirkuitu horren parte izan diren hainbat sortzaile bildu dira Tabakaleran, eta beren esperientziak bideo batean bildu dituzte. Besteak beste, Jaione Cambordak —O Corno filmarekin iaz Urrezko Maskorra irabazi zuen—, Isabel Herguerak, Carla Simonek, Estibaliz Urrusolak, Maia Iribarnek, Maria Elorzak eta Alejandra Amenabarrek. «Tabakalera hemen dagoenetik, euskal zinema asko aldatu da. Ni lanean hasi nintzenean baino askotarikoagoa da orain, eta gauzak kontatzeko beste modu batzuk garatu dira. Hori ez da gertatu Tabakaleraren sorreraren ondorioz bakarrik, baina Tabakalerak bultzada bat eman du hori gertatu zedin», adierazi du Elorzak bideo horretan.

Ekosistema horretako beste bi partaide dira Mikel Gurrea eta Mikele Landa zinemagileak. Biak izan dira gaur goizean Tabakaleran antolatu duten topaketan, eta ekitaldia amaitutakoan hartu dute tartea BERRIArekin hitz egiteko. Landaren lehen lanak, Heldu izenekoak, zuzendari onenaren saria jaso zuen Euskal Zine Bileran, 2019an. Orain, bi lan ditu esku artean: Neska bat desagertu da film laburra grabatu berri du, eta Senda izeneko proiektua idazteko prozesuan murgilduta dago, Gariza Films ekoiztetxearekin —haren lehen film luzea izango da—.

«Nire zinemagile ibilbidea Tabakalerako esperientziak zeharkatu du erabat»

MIKELE LANDAZinemagilea

Elias Kerejeta Zine Eskola izan zen haren «abiapuntua», nahiz eta ordura arte ere zinemagintzan ibilia zen ikasketak zirela medio. «Zine Eskolan asko ikasi nuen. Akats asko eginez, gauza desberdin asko probatuz… baina, batez ere, komunitatearekin harremanetan jartzeko balio izan zidan». Baina Zine Eskolan bakarrik ez. Horren ostean, Noka eta Ikusmira Berriak programetan ere parte hartu du. «Beste bultzada bat izan da nire ibilbidean. Nire zinemagile ibilbidea Tabakalerako esperientziak zeharkatu du erabat», nabarmendu du.

Hemendik aurrerakoari begira jarrita, erronkei buruz ere mintzatu da Landa: «Ez dadila bilakatu ateetatik barrura gertatzen den zerbait. Izan dadila leku bat leihoak eta ateak zabalik dituena. Horretarako gako dira Zine Eskola eta betiko zinema aretoa».

Gurrea gidoilaria eta zuzendaria da, eta sona handia lortu du azken urteetan. 2022an estreinatu zuen Suro film luzea, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Sail Ofizialean eman zuten. Bertan, Euskal Gidoilarien Elkartearen gidoi onenaren saria, Euskal Zinemaren Irizar saria eta Nazioarteko Kritikak emandako Fipresci saria lortu zituen. Ibilbide horretan Tabakalerak «berebiziko garrantzia» izan duela nabarmendu du: «Ez dakit zinemagile izango nintzatekeen bertan emandako urratsak egin gabe».

«Ez dakit zinemagile izango nintzatekeen bertan emandako urratsak egin gabe»

MIKEL GURREAZinemagilea

Ikusmira Berriak programaren bigarren aldian hartu zuen parte Gurreak. Ideia «soil» bat eta aktore bat zituen —Pol Lopez—, baina ez besterik. Gurrea: «Proiektu hori garatzeko espazioa eta baliabideak eman zizkidaten. Sortzaileen gunean inprobisazioak egin genituen Pol Lopezekin. Programak konfiantza eman zigun inolako egiturarik izan gabe».

Gaur egun, Tabakalera «lankide eta ogibide kideekin erlazionatzeko plaza bat» dela uste du zinemagileak. «Eraikin bat izateaz gain, prozesuak sortzen dira hemen, eta handik, emaitza gisa, artelan bat atera daiteke, nire kasuan film bat. Horiek, gotortuta egon beharrean, zabalik daude. Prozesu irekiak dira, eta filmek ibilbide bat egiten dute kanpora begira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.