Euskal aktoreen lana bultzatzeko eta aitortzeko sortu zuen Euskal Aktoreen Batasunak Distira saria. Adin eta sexu bereizketarik egin gabe aukeratzen ditu hautagaiak erakunde horrek, eta aurten Aitziber Garmendia aktore eta umoregilea lehenetsi dute (Zaldibia, Gipuzkoa, 1982). Hala, Garmendiaren «ibilbide interpretatibo sendo eta moldakorra» txalotu du erakundeak, bai eta haren «zorroztasuna, talentua eta interpretazioarekiko konpromisoa» ere.
Agiri baten bidez, Garmendiak azken urteetan izan duen jarduna hartu dute hizpide sari emaileek: «Euskal lurraldean eta kanpoan oihartzun handia izan duten ekoizpenetan parte hartu du, bere presentzia eta talentua zabalduz eta interpretazio bilakaera etengabea erakutsiz». Horri lotuta, aurten egin dituen lanak nabarmendu dituzte: «Laster estreinatuko diren hainbat ekoizpenetan parte hartu du, eta horrek berresten du bere ibilbideko une bereziki garrantzitsu batean dagoela».
Irailaren 22an jasoko du Garmendiak garaikurra, Donostiako Zinemaldian; hain zuzen, EITBk antolatutako Euskal Zinemaren Gala Handia izango da ekitaldi horren eszenatokia.