XIBEROOTS
'Zer agitüko'
Argitalpena: Egilea editore.
2017tik, hau da, sortu zenetik, euskara hutsean eta zuberotarrez kantatuz, adin guzietako jarraitzaileak bildu zituen taldeak denbora gutxian. Duela urtebete Beti forman kantua eta bideoklipa argitaratu zituen; orain, azkenik hemen daukagu hirugarren diskoa. Luze egin zaigu jarraitzaileoi, nahiz eta azken emaitza ikusita itxaronaldiak merezi izan duen. Horiek horrela, ohi bezala, erritmo eta melodia kutsakorrek hor jarraitzen dute, Orano zer kantutik hasita amaieraraino. Aipatu kantu horixe makina baten parekoa da: erritmo dantzagarria, sendoa eta zehatza baitauzka. Txütik kantuan perkusioek aberastasuna gehitzen diote berez eraginkorra den erritmoari. Gainera, ohi bezala, errepika bikoitzak ere ez dira falta.
Zuzenekoetan Seb Delaporteren sei sokako baxuak txunditzen gaitu, eta diskoan ere soinu benetan sakona lortu du: Gerla dugu horren adibide garbienetako bat. Duba, raggamuffina eta reggaea taldearen nortasunaren erakusgarri diren arren, kantu honetxek badu egitura ezberdin bat, geldialdi zenbait eta perkusioen protagonismo handia, gitarra soloa ahantzi gabe. Disko honetan abiadura biziko kantarik ez dagoen arren, pisu handiko egitura eta erritmoetan espezializatu direla dirudi. Sekülan bezalako kantuek musikaltasun berezia daukate, barrokoagoa akaso, astuntasuna galdu gabe biziki erakargarri egiten duena. Diskoa kolore asko hartzen hasia da dagoeneko, eta Rub a dub instrumentala heltzen denean goia jotzetik oso gertu daude. Hein batean dub elektronikoa dela ere esan genezake: erritmo matematiko benetan eraginkorra, efektu bereziak han-hemenka eta, berezitasun bezala, ttunttuna eta txirula, betiere reggaea euskal mundura ekartzeko intentzioarekin egina.
Diskoari izena ematen dion kantak ere gorago aipatu dugun pisu berezia dauka, hori bai, efektu elektronikoei muzinik egin gabe eta baxu benetan sarkorra protagonista dituela. Elektronika ere nagusi da Betiko banana-n. Bereziki dantzagarria, diskoko onena da akaso. Sorgindutako erritmoa, atabal edo kaxa kolpe limurtzaileak, konpas trabatua... adiktiboetan adiktiboena. Eta diskoa amaitzeko, guztiok ezagutzen dugun eta bideoklip eta guzti duela urtebete argitaratu zen Beti forman, aurreko bi diskoen bertute guztiak bere baitan hartzen dituena. Hit totala, aurrekoak baino konbentzionalagoa da, baina garaiezina. Gainera, diskoan beste batzuetan gertatu den bezala, gitarra soloa eta teklatu soloa ere badauzka.
Xiberoots bide berriak irekitzen hasi da: berezko nortasuna galdu gabe baina hainbat nobedaderekin, reggaea eta dub kultura euskal manerara egin nahi ditu. Gainera, mezua oso potentea eta konprometitua da. Zuzenean, Jon Etxekopar abeslari eta hitzen egilea eta haren bost mutilak makina baten modukoak dira: birtuoso izateari utzi gabe jai giroa sortzeko talde bereziki aproposa.