Kritika. Literatura

Akaberarako bidea

Laura Mintegi 'Akabo'
2025eko urriaren 5a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

'AKABO'

Idazlea: Laura Mintegi. Argitaletxea: Txalaparta.

Hemeretzi urteren ondoren lan berria dakar Laura Mintegik. Akabo nobela kaleratzeaz batera, gainera, 2006ko Ecce Homo ere berrargitaratu du Txalapartak. 352 orrialdeko nobela da Akabo, mardul samarra egungo joerarekin alderatzen badugu. Hemeretzi urte lehenagoko lan hartan bezala, bikote bat da berriz ere protagonista. Bikotekideen identitateetan arakatzen du liburuak, horien ertz askotarikoek nortasun baten osaeran duten garrantziaz eta bestearekiko harremanetan duten eraginaz.

Manu senarraren gorpua hozkailuan sartuta dauka Sheenak. Horrainoko bidea berreraikitzen du nobelak plano batean, Sheenaren handik aurrerako ibilerak kontatzen dira beste batean. Hizkuntzalaria da Sheena eskoziarra, ingeniari informatikoa Manu euskalduna. Oxforden ezagutu dute elkar eta, Bartzelonatik igaro ostean, Maruriko baserri batean jarriko dira bizitzen. Amaren heriotzak zeharo eraldatuko du Manu, baina. Orduan lehertuko zaizkio umetatik barruan zeramatzan gorrotoa eta etsipena. Sheena hartuko du jopuntuan, besteak beste. Amarekiko zauri sakona berpizten zaio Manuri euskara aipatu orduko, eta, hain zuzen, horixe da Sheenaren ikergaia, hizkuntza gutxituez ari baita tesia egiten. Esan daiteke elkarren aurkakoak direla Manu eta Sheenaren nortasunak. Horrek botere harreman argia ezarri du euren artean, harremana itogarri bihurtuz Sheenarentzat. Egoera jasanezina bihurtuko da eta muturreko konponbidea aukeratuko du emakumeak. Esan bezala, senarra akabatu osteko Sheenaren bizitzarekikoak ere aletzen dira liburuan, hildakoaren aitaren peskizak eta Andoni auzoarekiko balizko harremanaren hasiera.

Zehar estilo librean dago kontatua nobela, eta astuntxo suertatzen da tarteka, pertsonaien ahotsak itotzeraino ia narratzaile orojakilearen esku-hartze gehiegizkoen ondorioz. Pertsonaiak manikeo samarrak dira hainbat puntutan, ez aski konplexuak, nobelan azaltzen diren gai eta gatazken pisua kontuan hartuta batik bat. Esaterako, ia-ia izpiritu ahalguztidun gisa ageri den Gotzone amaren figurari estereotipatuegia iritzi diot; horrez gain, modu azalekoan jorratzen da Manu eta bien arteko harremana, Manuren jokabide aldaketa erabatekoaren arrazoi nagusia izanagatik. Aitzitik, on egiten dio kontakizunari bi planotan bereizteak eta horiek tartekatzeak, aberasten baitu Sheenaren pertsonaia eta oro har narrazioa zabaltzen. Orobat Manuren hilketaren berri lehenengo orrialdean bertan emateak. 

Bestalde, interesgarria da autoreak nola darabiltzan bikotekideen jakintza arloak harremanaren gaineko irudiak sortzeko. Indarra du Sheenaren erabakiaren funtsa Manuren hizkera informatikoaren bitartez azaltzeak, kasurako: «sistema bitarra, 0 eta 1, izan ala ez izan». Irakurketa biziko nobela ere bada Akabo, plano laburren tartekatzeak biziagotuta, abiada bizian aurrera egiten duen narrazioarekin. Bizitasun hori arintasun ere bihurtzen da sarritan, ordea, Mintegik ez baitio tentsio literario nahikoaz eusten, tonuarekin asmatzen, eleberriaren sarea ondo samar eraikitzen badu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.