Akordio «historikoa» sinatu dute Eskenak eta EABk, lanbidea duintzeko

Eskenaren barruan dauden 22 konpainietako aktoreen gutxieneko lan baldintzak adostu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontratuetarako

Hainbat aktore eta Eskenako ordezkari, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Hamar urteko negoziazioen ondotik, lan akordioa sinatu zuten atzo Euskal Aktoreen Batasunak —aktoreen sindikatuak— eta Eskenak —Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak—. Eskena barruko 22 konpainien eta haietan lan egiten duten aktoreen lan harremanak erregulatzen ditu akordioak, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren kontratuak hartzen ditu aintzat. Etorkizuneko lan hitzarmen kolektibo baten oinarriak jarri nahi izan dituzte, «langilearen duintasuna errespetatzeko sektorearen gaitasun erreala kontuan hartuz», EABko Kepa Errastik eta Eskenako Ana Pimentak azaldu dutenez. «Historikotzat» jo dute bi aldeek akordioa.

Hiru kategoria profesional bereizi dituzte: protagonistaren rola jokatzen duen aktorea, bigarren mailakoa eta banaketa aktorea. Eta bi sailetan banatu dituzte, helduentzako eta haurrentzako zein gazteentzako obrak, eta horiek, aldi berean, klasikoak, koralak eta iraupen motzekoak izan litezke. Aldagai horien arabera, aktoreen gutxieneko soldatak zehaztu dituzte. Esaterako, helduentzako obra batean protagonistaren rola jokatzen duen aktoreak 160 euro kobratzea, funtzioko.

Halaber, entseguen ordainketak ere arautu dituzte, eta horiek ezingo dituztela sekula eguneko zortzi ordu gainditu zehaztu dute. Kasu horretan, eguneko soldata 40 euro litzateke, eta hilabetekoa 800 euro —prestasun osoa eskatzen duen kasuetan, hilekoa 1.000 euro litzateke—. Dieten ordainketa ere erregulatu dute, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko denboraldietarako, eskola zirkuituetarako eta diru laguntzarik jasotzen ez duten obretako soldatak ere. Aurrera begira, sektoreko beste profesionaletara ere iristea da asmoa.

Arte eszenikoak eta krisia

Arte eszenikoentzat «kritikoa» den une batean iritsi da akordioa, sinatzaileek azaldu dutenez. Izan ere, hiru herrialdeetako zirkuitua da konpainia hauen oinarria, eta 2007tik funtzioen galera %33 baino handiagoa izan dela adierazi dute. Halaber, udalek azken urteotan kulturan eginiko gastua 6,5 milioi euroan murriztu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.