Donostia Zinemaldiakabian jarriko duen Big Friday egitasmo berriaren barruan, Christopher Nelius eta Justin McMillanen Storm Surfers (Australia) eta Curt Morganen The Art of Flight (AEB) 3Dko filmak ikusteko aukera izango da Antonio Elorza belodromoan, irailaren 28an, 19:30ean. «Akzio kirolen zinemagintzan aurretik inoiz erabili ez ziren ekoizpen estandarrak ikusteko aukera» ematen dute bi filmek, antolatzaileek adierazi dutenez. Storm Surfers-en kasuan, filma Europan ematen den lehen aldia izango da; The Art of Flight-en kasua nazioarteko estreinaldia izango da.
Ross Clarke-Jones eta Tom Carroll surflarien proiektua erakusten du Storm Surfers-ek: Australiako olatu handienetan surfean aritzea. Bi surflari mitikoon laguntzaz, hainbat paraje harrigarritan murgilduko da ikuslea, helburu bakar batekin: Australiak eskaintzen dituen olatu izugarrienetan surfean aritzea eta abentura hiru dimentsiotan grabatzea.
The Art of Flight snowboardari buruzko asmo handiko dokumental bat da. Travis Ricek eta haren lagunek mendiak eskaintzen dituen aukerak «berriro definitu» dituzte filmean, antolatzaileen esanetan.
Genero gero eta ezagunagoa
Big Friday egitasmoak Red Bull Media House du laguntzaile, eta Wanda Vision eta Quiksilver babesle. Egitasmo horren bidez, Zinemaldiak «akzio kirolei eta abenturari buruzko filmak eta aire librean eginikoak maila bat gorago ipini nahi ditu», antolatzaileek diotenez. «Genero gero eta ezagunago honetako zinemagileei eta protagonistei plataforma bat eskaintzeko asmoz, egitasmoak jende gehiagori helaraziko dio genero berezi hau».
Akzio kirolei buruzko filmak emango ditu Zinemaldiak Big Friday egitasmo berrian
'Storm Surfers' eta 'The Art of Flight' 3Dko filmak emango dituzte irailaren 28an, Antonio Elorza belodromoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu