Alberdaniaren Patrika saila estreinatu dute, Miranderi buruzko saiakera batekin eta laikotasunari buruzko beste batekin

'Zer egin Miranderekin?' eta 'Ni, laiko' argitaratu ditu Alberdania argitaletxeak. Leonek, Dolharek eta Bereziartuak idatzi dute lehena, eta Zapiain da bigarren liburuaren egile.

Markos Zapiain, Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua, 'Ni laiko' eta 'Zer egin Miranderekin?' liburuen aurkezpenean. JON URBE/FOKU
Markos Zapiain, Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua, 'Ni laiko' eta 'Zer egin Miranderekin?' liburuen aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2025eko abenduaren 4a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Miranderen ideologia edo, bestela, laikotasuna. Sail berri bat aurkeztu du Alberdania argitaletxeak, Patrika, eta idazleek idatzitako saiakera liburuak bilduko ditu. Bildumako lehen liburuak dira Zer egin Miranderekin? eta Ni, laiko. Lehenak aurtengo apirilean Iruñean Jon Miranderi buruz egindako mahai ingurua du ardatz, eta bigarrenak, berriz, Markos Zapianek erlijioaren inguruan egindako gogoetak jasotzen ditu. Aritz Galarraga aritu da editore, eta beste berrikuntza bat ere aipatu du: 30 urteren ondoren, logoa aldatu diote argitaletxeari.

Autore saiakera literario laburrak jasoko ditu bilduma berriak, eta oinordetzan hartu nahi dute 1998tik 2006ra bitarte martxan egon zen Zerberri sailak egindako lana; orotara, berrogei liburu bildu zituen bilduma hark. Askotariko gai eta autoreak bilduko ditu aurrerantzean ere: «Patrika sailak autore batek gai jakin bati buruz idatzitako testuak jasoko ditu», argitu du Galarragak. Halere, testu «akademiko aspergarriak» saihesteko, idazleak izango dira bildumaren autore, liburuek «esku pixka bat» izan dezaten.

«Ez da behar besteak baino gorago jarri, baina apalago ere ez. Bere tokia beharko luke gure panteoian»KATIXA DOLHARE Idazlea

Galarragak ziurtatu du Alberdaniaren helburua literatura ona argitaratzea izan dela azken 30 urteetan, eta liburu on bat argitaratzeko garrantzizkotzat jo ditu testua bera inguratzen duten elementuak ere. Hortaz, logo berria estreinatu dute, eta hala irudikatu: «Liburu ireki bat» izan daiteke edo, bestela, «eguzkia egunsentiarekin esnatzen». Bat edo beste, norberaren irudimenaren esku.

Miranderi buruz

Arauak hausteko omen daudela aipatu du Galarragak. Izan ere, autore bakarra izan beharrean, hiru egile ditu saila estreinatzeko hautatutako lehen bi liburuetako batek. Santi Leone, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua dira Zer egin Miranderekin? liburuxkaren egileak. Ehun urte bete berri dira Mirande jaio zela, eta idazlea gogora ekarri du liburuak: haren obra eta figura aztertu dute egileek, bakoitzak bere prismatik. «Literaturaren eta moralaren arteko harremanaren edo auziaren bueltan ariko da liburua», azaldu du editoreak.

Lau ataletan dago bereizia: lehena Aritz Galarragaren hitzaurrea da: Mirande eskandalua. Leonerena da bigarren atala: Mirandez bertzaldean, literatura; hirugarrena, Dolhareren Zer egin Mirande poetarekin?, eta, azkenik, Bereziartuaren Argilunetan. Celine idazlea izan du abiapuntu Leonek, Mirande aipatzen denean maiz gogoratzen dena. Idazle hura, une batean, auzi bat izatetik irakurtzea eta aipatzea merezi zuen idazle izatera pasatu zela kontatu du egileak, eta horixe opa dio Miranderi ere. Hain zuzen, Miranderen inguruko polemikak aztertzen aritu baita Leone, eta haren gaineko «morboa» zertan datzan argitzen. Gainera, idazlearen «nazismoa» apaltzeko erabili diren estrategiak ikertu ditu; baita «behar baino gehiago deabrutu» duten argumentuak aztertu ere. «Nire proposamena zera da: onar dezagun baietz, faxista zela, nazien aldekoa. Gero hor ñabardurak sar daitezke, ez baitzen, soilik, nazia; besteak beste, literato eta idazle handia izan zen».

«Nire proposamena zera da: onar dezagun baietz, faxista zela, nazien aldekoa. Gero hor ñabardurak sar daitezke, ez baitzen, soilik, nazia; besteak beste, literato eta idazle handia izan zen»SANTI LEONE Idazlea

Dolharek Miranderen poemak aztertu ditu, eta irakurketa zintzoaren aldeko aldarria egin. Autorearen ideologia ahaztu gabe, poemak atenporalak edo aurrepolitikoak izan daitezkeela dio Dolharek, eta, beraz, haren poemak irakurtzeko gonbita egin du. Poeta madarikatuen genealogian kokatzen du Dolharek Mirande: «Berritzailea izan zen, bere ikuspegi hiritarra, etsipen existentziala eta bere buruarekiko gorrotoa azaldu baitzuen poemetan». Idazleari merezi duen garrantzia eman behar zaiola defendatu du: «Ez da behar besteak baino gorago jarri, baina apalago ere ez. Bere tokia beharko luke gure panteoian».

Lau galdera aztertu ditu Bereziartuak. Bat: zein ote den Miranderen testuen harremana testu horien egilearekin. Bi: zer harreman duten testu horiek bere garaiko errealitatearekin eta gaur egungoarekin. Hiru: zein den testu horiek argitaratu diren hizkuntzekin edo kulturekin duten harremana. Eta lau: zer harreman duten testuek irakurleekin. Maiz aipatzen da autorea eta obra bereizi behar direla; bada, Bereziartuak egile biografikoa eta egile literarioa bereizteko proposamena egin du: «Miranderi buruz hitz egitean egile biografikoari buruz aritzen gara, baina niri haren testuak interesatzen zaizkit, haren literatura. Beste aldea baztertu gabe, ez dut uste haren obra biografiaren arabera epaitu behar denik».

Zapiain, laiko

Aspaldi hartu zuen Zapiainek laikotasunari buruzko liburu bat argitaratzeko konpromisoa; orain hamabost urte inguru. Esan duenez, liburuak bere lantokian du jatorria: «Ikastetxean ikusitako katolikoen pribilegioek akuilaturik, laikotasunaren aldeko panfleto bat idaztea pentsatu nuen; horren aldeko argudioak botatzea zen asmoa, bereiziz bekatua eta delitua edo argudiatuta zer ondo etorriko litzaigukeen benetan bereiztea estatua eta eliza».

Erlijioaren eta laikotasunaren etimologia aztertzen ari zela, adimen artifiziala sortu zen, eta Zapiainek ChatGPT-ri egin zion enkargua: laikotasunaren aldeko argudio sendoenak zerrendatzeko eskatu zion, eta ChatGPT-k horixe egin. «Segundo batean erantzun zidan primeran, nik egin nezakeen baino hobeto», kontatu du Zapiainek.

«Kontatu dut zerk eraman nauen laikotasuna aldeztera eta Hezkuntza Laikoa izeneko talde batean militatzera»MARKOS ZAPIAIN Idazlea

Adimen artifizialak ez dakien zerbait idaztea erabaki zuen Zapiainek: zein den erlijioaren eta beraren arteko harremana. «Kontatu dut zerk eraman nauen laikotasuna aldeztera eta Hezkuntza Laikoa izeneko talde batean militatzera». Autobiografia bat da Ni, laiko, eta egilearen haurtzarotik abiatuta, bizi osoan erlijioarekin izandako harremana kontatzen du. Sexua, suizidioa, exorzismoa, aingeruak, deabrua eta beste izan ditu hizpide.

Urtean lau Patrika liburu argitaratzeko asmoa dute Alberdania argitaletxeko kideek: bi udaberrian eta beste bi udazkenean. «Liburu eramangarriak izango dira, prezioz ere merkexeagoak. Poltsiko guztien eskura egon nahi duten liburuak», esan du Galarragak. Kontatu duenez, sail berria egiteko 90eko hamarkadan argitaletxeak erabiltzen zuen diseinuan oinarritu dira, baina «garai berrietara» moldatu dute ordukoa. «Diseinu hau aldaketa orokor baten lehen aurrerapena da», argitu du; izan ere, bilduma klasikoen diseinua ere berritu egingo dute. Udaberrian etorriko da berrikuntza; izan ere, editorearen ustetan, «gauza onek bere denbora eskatzen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.