Alberto Corazon Climent diseinatzaile, argazkilari, eskultore eta margolari espainiarra hil da, 79 urte zituela. Espainiako Arte Ederren Errege Akademiako kide izan zen, eta Diseinatzaile Profesionalen Espainiako Elkartea sortu zuen. ONCEren, Espainiako Liburutegi Nazionalaren eta beste hainbat elkarte eta erakunderen logoak ere hark diseinatu zituen.
Euskal Herriarekin ere izan zuen loturarik, halere. Lur argitaletxearen hastapenetako hainbat euskal literatur lanen azalak berak egin baitzituen, 1960 eta 1970eko hamarraldietan. Besteak beste, Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eleberriarena –50. urteurrenean berrargitaratu zuten aleak ere jatorrizko azala darama–.
Eliza katolikoak 1933an kanonizatu zuen Bernadette Soubirousen aurpegia aukeratu zuen artistak azalerako. Ez Saizarbitoria ez Lur argitaletxeko beste inor ez zen konturatu abortuaren aldeko alegatu hartan Lourdesen Ama Birjina ikusi omen zuen santututako neskatxaren aurpegia ageri zela.
Artistak diseinatu zituen Bilboko kaleetako seinaleak ere; letra larriz idatzitako testuak egiteko, Bilboko alfabetoa tipografia sortu zuen, hain zuzen. Harena da, halaber, Bilbao Ria 2000 sozietate publikoaren logoa ere, eta Alde Zaharreko kaleetako plaken diseinuan ere aritu zen.