Literatura

Aldaketa fasean dagoen gidoilari baten istorioa izan du ardatz Yurre Ugartek bere lehen nobelan

Alex Garmendia da eleberriko protagonista. Beste bizimodu baterako lehen urratsak egin nahian, bere bizitzari buruzko nobela bat idazten ari da: 'Harakinen alaba'. Prozesu hori kontatu du Ugartek nobelan, eta izenburu bera jarri dio.

Yurre Ugarte, nobela berria eskuetan duela, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Yurre Ugarte, nobela berria eskuetan duela, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko martxoaren 23a
18:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaur egun edonori gerta dakioken istorio bat kontatu nahi nuen», azaldu du Yurre Ugartek, plazaratutako lan berriaren inguruan. Hala, Alex Garmendia izeneko emakume baten istorioa kontatu du bere lehen nobelan: Harakinen alaba (Elkar). Erabateko aldaketa fasean murgilduta dabil protagonista; orain arteko bizimodutik «desbideratzen», idazlearen hitzetan. «Esparru batean aldaketak egiteak beste arlo batzuetan dakartzan aldaketen inguruan hitz egin nahi nuen».

Ikus-entzunezkoen gidoilaria eta idazlea da Alex. Gidoigintzan aritu izan da emakume historiko ezezagunak berreskuratzen, eta fikziozko pertsonaiak ere eraiki izan ditu. Pandemia garaian, baina, gurasoak hil zitzaizkion, eta orduan, haien iraganaren inguruan ikertzen hasi zen. «Aita baserritar harakin bat zen, eta ama, yeye kantaria, festetan abesten zuena», azaldu du Ugartek. Hori dela eta, haien inguruan idaztea bururatu zaio Alexi, eta hala, lehenengo aldiz, bere bizitzaren inguruan idatziko du Harakinen alaba izena daraman nobelan. Testuan aurrera egin ahala, galdera batzuei erantzun nahian ibiliko da: «Zer kristo gertatu zait orain arte? Zer kristo gertatzen da gaur egun bazter guztietan?».

Hiru lerro narratibo

Askotariko elementuak bildu ditu Ugartek nobelan, eta gaineratu du hasieratik argi izan zuela hiru lerro narratibo eduki behar zituela lanak: harremanak, lanbidea eta baserria. Hain zuzen, protagonistak aldatu nahi dituen hiru esparru dira. «Harremanak aldatu nahi ditu, edo harremana izateko moduak»; Andoitzekin zuen harremana utzi berritan, azken bikote harreman horri behatuko dio protagonistak. Jare lagun minarekin duen harremana ere kontatu du, «paraleloan, azpian edo barruan beti egon baita Jare». Laguna izateaz gain, lankidea ere bada, eta, idazleak azaldu duenez, hari esker bilakatu zen Alex idazle profesional. 

Filmak eta telesailak idazten aritu da protagonista urte askoan, baina hori ere aldatu nahian dabil: «Orain arte irudimenaren ustiatzaile profesionala izan da, baina ez dago gustura. Ez du jarraitu nahi istorioak idazten txurroak bezala». Jarerekin egiten du lan, eta lagunarekin konfiantza duen arren, oraindik ez da ausartu lana utzi nahi duela esatera. «Ez du jarraitu nahi streaming plataformak elikatzea beste xederik ez duen fikzioa idazten», adierazi du Ugartek, eta horren adibide argi bat jarri du: «Doris Reyes prostitutaren heriotzaren inguruan idazteko eskatu zioten, true crime formatuko lan baterako, baina uko egingo dio». 

Bizilekua ere aldatu nahi du Alexek, honako arrazoi honengatik: «Benetako etxea sentituko duen leku baten premia du». Herentzian, aitaren familiaren baserria jaso du: Soroia. Etxe sentitzeko nahi horretan, berritu egingo du; baina, bidean, beste hainbat arazo sortuko zaizkio.

Paralelismorik gabe

Behin idazle bati entzundako esaldi bat ekarri du gogora Ugartek: «Literatura eta zinema tunel batean gurutzatzen diren bi tren bezalakoak dira». Bat dator harekin, eta bi esparru horien arteko harremanaz gogoeta egin du. «Uste dut gaur egun ezin daitekeela idatzi zinema existituko ez balitz bezala. Literaturak ere elikatzen ditu ikus-entzunezkoak, eta ez da ezer txarra». Horrez gain, egungo streaming plataformen eta zinema egiteko moduaren inguruan ere hausnartu du: «Egun ekoizten diren ikus-entzunezkoek asko dute kapitalismotik, eta zerikusi gutxi ikus-entzunezko artearekin». Hain zuzen, protagonistak horregatik egiten dio uko proposatu dioten lanari. 

«Uste dut gaur egun ezin daitekeela idatzi zinema existituko ez balitz bezala. Literaturak ere elikatzen ditu ikus-entzunezkoak, eta ez da ezer txarra»

YURRE UGARTE Idazlea

Ugartek hainbat urtez egin du lan ikus-entzunezkoen esparruan, eta, haren bizitzak protagonistaren bizitzaren antz handia izan dezakeen arren, argi utzi du ez dagoela inongo paralelismorik: «Nire eta ingurukoen esperientziez elikatzen naiz istorioak idazteko, baina hau ez da nire bizitza. Badakit zer den ikus-entzunezkoetan lan egitea, oso ondo ezagutzen dut esparru hori, baina fikziozko istorio bat da». 

Irudimena eta umorea

Nobelaren muina pertsonaiaren «irudimena eta ahotsa» direla esan du Ugartek, eta hala azaldu: «Idazlea da, eta irudimena ustiatzea du lanbide. Ikuspuntu hori lantzea interesgarria iruditzen zitzaidan: irudimenetik, eta hura lanbide duen pertsonaren prismatik». Hala ondu du nobela bati buruzko nobela bat; irudimena erabiliz betiere. 

Umorea ere jorratu du lan berrian, eta aitortu du erronka izan dela, hasi eta buka, horri eustea: «Hasieran irakurleari proposatu diozun umore puntu hori mantendu egin behar da, eta hori da idazle baten erronketako bat». Edonola ere, ideiak leku beretik datozkio Ugarteri, eta adierazi du ez zaiola zaila egin formatu horretan idaztea: «Normal-normal aritu naiz, eta oso aske sentitu naiz une oro».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!