Harakinen alaba
Idazlea: Ugarte, Yurre
Generoa: Eleberria
Orri kopurua: 152
Argitaletxea: Elkar
Alex Garmendia, baserritar harakin baten eta kantari ye-ye baten alaba, ikus-entzunezkoen gidoigilea, imajinazio sukartsu baten jabea, krisi edo aldaketa betean murgilduta dabil. Pandemian gurasoak hil eta haien herentzia jaso berritan, dena utzi (lana, etxea, bikotekidea) eta bere baitan arakatzen hasten da, familiako sekretuetan aztarrika, iraganean bere ondoezaren gakoa aurkitu nahirik edo.
Geruza ugariko testua osatu du Yurre Ugartek, egin ahala eraikitzen den eleberri baten itxuran, era askotako osagaiak biltzen dituena: familia ustez tradizional baten lehortasun emozionala, gaztetxo baten bilaketak eta noraeza, telebista eta zinema munduko erronka eta ajeak, idazketari buruzko hausnarketak, emakumeen kontrako indarkeria sexuala… Guztia ere, idazkera bizkor eta begirada pindartsu batez josia.