Aldaketa garaia Mantisarentzat

«Soinu zuzenagoa, garbiagoa eta ez hain gogorra» landu du taldeak 'Plethora' bigarren diskorako

Zarauzko Mantisa taldeko kideek bigarren lana kaleratu dute: Plethora. BERRIA.
2013ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Lehenengo diskoan hard rocka, punk rocka eta erritmo azkarrak egiten genituen. Bigarrengo disko honekin aldaketa nabarmena egin dugu, bosgarren taldekidea teklatuarekin sartu dugu. Rocka eta indiearen inguruan mugitzen gara, ez dauka hard rocka aurrekoak bezala». Iosu Gonzalez Etxaberen berbak dira, Mantisa taldeko abeslaria eta gitarrista. Duela gutxi kaleratu dute bigarren lana: Plethora. Mantisa lehenengo diskoa, 2010ekoa, 2004tik egindako kantuen bilduma dela esan du; hortik honekiko ezberdintasuna: «Aldaketa nabaria da alde guztietatik. Aurrekoaren soinua produzituagoa zen, azkarragoa. Bigarren diskoan, zuzenagoa da, eta ez dago hain produzitua. Garbiagoa dela esan daiteke, ez hain gogorra».

Kontraerritmodunak, musika konplexuak entzutea atsegin dutela adierazi du Gonzalezek: «Guri ere erritmoak asko lantzea gustatzen zaigu, kantak konposatzen denbora asko hartzen dugu... Asko gustatzen zaigu konposatzea». Ia urte eta erdi eman dute bigarren lanerako konposatzen, gitarra erritmoak eta bestelakoak lantzen. Emaitzarekin «oso-oso gustura» daudela argitu du Gonzalezek: «Izan ere, sei urte egon gara hamasei-hemezortzi kanta jotzen, kontzertu pila bat ematen, eta jadanik kanta horiek berritzeko gogoa geneukan. Sentitzen dugu aurrerapausoa egin dugula disko honekin, gure nortasun propioa lortu dugula». Euren herrian aurkeztuko dute barikuan, eta aurkezpen gehiago egiteko asmoa dute datozen hilabeteetan.

Abesti guztiak maite badituzte ere, lehenengoa eta azkena nabarmendu ditu Gonzalezek: Hondarrak eta Plethora: «Horiek laburbiltzen dute nolabait gure azkeneko diskoa». Bideoklipa ere egin dute, beraiek, Hondarrak kantarentzat. Hilabete eta erdi eman dute hori ekoizteko, baina oso gustura geratu dira emaitzarekin, eta jendearen aldetik ere kritika onak jaso dituztela esan du.

Beraiek produzitu dute bigarren lana. Gor diskoetxearekin atera zuten aurrekoa, «eskaintza oso polita» egin baitzieten, Gonzalezen berbetan. Hainbat diskoetxerekin berbetan aritu eta gero hartu dute erabakia: «Gaur egungo egoeragatik, guri eskaintzen zizkiguten aukerak ez zitzaizkigun komeni; gure interesentzako aukera hau zuzenagoa da». Diskoetxeek egoera kaskarra daukatela nabarmendu du abeslariak: «Diskoak oso gutxi saltzen dira, eta euren ikuspuntua orain desberdina da. Ez dituzte lehenago egiten zituzten apustuak egiten». Orain dela hamar edo hamabost urte taldeetan sinesten zutela dio, talde ezezaguna izanagatik grabaketak eta disko sailak ordaintzen zutela. «Orain, oso talde gutxik ez dute ordaintzen grabaketa, eta sailen kostua ere beraien gain hartzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.