Aldarri baten itzulpen musikala

'Bigarren sexua' diskoa kaleratu du Asier Lopez Iraolak, Eskafandra argitaletxearekin batera. Simone de Beauvoirren izen bereko liburua hartu du oinarri modura, hausnarketari bide emateko

Bigarren sexua diskoko parte hartzaileak. BILBAO SINFONIETTA.
Miren Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
«Zer da emakume bat?». Galdera horri erantzun bat ematen saiatu zen Simone de Beauvoir Bigarren sexua liburuan (1949). «Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da. Ezein destino biologikok, psikikok, ekonomikok ez du definitzen gizaki emeak gizartean duen irudia; zibilizazio osoak sortzen du gizonaren eta zikiratuaren tarteko emaitza hori, femeninotzat jotzen den hori». Euskaraz irakur daiteke 2019az geroztik, Irene Arrarats BERRIAko Euskara Taldeko arduradunaren itzulpenari esker. Beauvoirren hitzak musikara ere iritsi dira orain. Izan ere, Arraratsek itzulitakoak disko batean bildu ditu berriki Asier Lopez Iraola konpositoreak. Eskafandra argitaletxearekin argitaratu du lana.

Filosofia ikasi zuen lehenik Lopez Iraolak, eta, gero, konposizio ikasketak egin zituen, Musikenen; bi alde horien nahasketa da haren musikari lana. Izan ere, biak uztartu ohi ditu: hausnarketa eta musika. Horixe egin du, bada, orain ere.

Azaldu duenez, berak idatziak ditu orain artean konposatu dituen lanen hitzak. Salbuespena da, ordea, azken diskoa: «Simone de Beauvoirren obraren irakurketan dago guztiaren oinarria. Nik idatzi izan ditut beti nire lanen testuak, baina, liburua irakurri nuenean, pentsatu nuen lanen bat egin behar nuela testu horien gainean». Hala, Bilbao Sinfoniettarekin batera osatu du Bigarren sexua lana, Iker Sanchezen zuzendaritzapean eta Jone Martinez sopranoarekin.

Lau musikarik parte hartu dute lanean: Ander Erburuk (txirula), Javier Roldanek (klarinetea), Enekoitz Martinezek (biolina), Ricardo Cuendek (biola) eta Alba Hernandezek (biolontxeloa).

Konpositoreak zehaztu du liburuan oinarritutako «monodrama filosofiko bat» dela diskoa. «Filosofia eta musika uztartu ditut horretarako, pentsamendu feministaren gaineko hausnarketa eragiteko eta liburuaren indarra azaleratzeko».

Liburuaren testua laburtu dute hitzen musikaltasuna gauzatzeko, baina literaltasunari uko egin gabe. «Simone de Beauvoirren estiloa eta idazkera filosofikoa oso bereziak dira, eta haren pentsamenduak indar handia du. Diskoan, eutsi egin nahi genien horiei», azaldu du Lopezek. Horixe izan dute, hain zuzen ere, erronka nagusi: Beauvoirren ahotsa musikalki itzultzea. «Nire asmoa ez da izan testua ilustratzea, baizik eta ahots hori nire musikaren bitartez bideratzea».

Nola ekin zion, baina, Beauvoirren hitzak doinu bihurtzeari? Bada, testuaren nolakotasunak bereizi zituen lehenbizi, bakoitzari kolore bana emanez: «Egileak egindako kakotx arteko aipuak, esaldi gogoangarri eta indartsuak, ideiak laburbiltzen dituzten pasarteak, jazarpenaren gaineko aldarrikapenak, argudiozko pasarteak... Musikaltasun bat esleitu nion horietako bakoitzari; estiloaren arabera, leunagoa edo bortitzagoa».

Errenteriako (Gipuzkoa) Musikaste jaialdian estreinatu zuten obra, 2021ean, eta horrek eman zien, nolabait, gerora lana argitaratzeko modua. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioko auditoriumean egin zituzten grabaketak. «Aretoak baldintza oso onak eskaintzen zizkigun nahi genuen soinua lortzeko, eta hori izan zen han grabatzeko arrazoia».

Hausnarketarako bide

Obra aditzeko gonbita egiten du Arraratsek diskoak berak dakarren liburukian. «Norberaren ahotsaren aldarria dakar Beauvoirrek, baina borroka kolektibo baten koruan. Goza belarria, eta kanta».

Entzuteko ez ezik, testuok irakurtzeko proposamena ere egiten du, halaber, Lopez Iraolak: «Entzun ahala, hausnarketarako bide eman dezala nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.