Guztira bostehun migratzaile inguru elkarrizketatu, haietako hamalauren kontakizunetan sakondu, eta haiek oinarri hartuta sortu zuen ikus-entzulea «literalki» Mexikotik AEBetarako muga pasatzen ari diren migratzaileen larruan jartzen duen Carne y arena izeneko sei minutu inguruko errealitate birtualeko esperientzia murgiltzailea. Alejandro Gonzalez Iñarrituk zineman nagusi den «koadratzearen diktadurarekin apurtzea» izan zuen burutan, eta bi urte behar izan zituen horretarako. 2017ko Canneseko zinema jaialdian aurkeztu zuen lehenengoz, eta Oscar sari berezi bat ere eman zioten lanagatik. Orain, berrikuntza tekniko batzuk gehitu, eta Bilbon aurkeztu du Gonzalez Iñarrituk berak egunotan. «Arteak ez luke doktrinarik ezarri behar, fikzioaren bidez egia bat aurkeztu behar du». EITBren egoitzan egongo da instalazioa ekainaren 20ra arte. Esperientzia bizi nahi dutenek txanda hartu beharko dute aurrez, eta hamar euroan eskuratu ahalko dute txartela.
«Politikaz harago doa hau», azaldu du Gonzalez Iñarrituk instalazioa aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan. «Niretzat, gizatasunarekin lotuta dago jende honen errealitatea, eta gizatasun hori gorputzarekin ulertzeko saiakera bat da lan hau». Hain zuzen ere, arrazoiaren edo ideologiaren esparrura jo beharrean, migranteen bizipenak bizitzeko sortu zuen instalazioa. «Migranteek sistemaren hutsuneak azaleratzen dituzte, eta euren sufrimenduak denoi egiten digu dei. Krudeltasunera eta biolentziara erortzen den jendea beldur da, ezjakina delako, eta gobernuek, norbanakoek eta korporazioek baliatu egiten dute beldur hori, euren onurarako. Ezjakintasun horren kontra jarritako ale bat da lan hau». Eta hala borobildu du gogoeta gero: «Migranteekiko erruki defizit bat dago munduan».
«Niretzat, gizatasunarekin lotuta dago jende honen errealitatea, eta gizatasun hori gorputzarekin ulertzeko saiakera bat da lan hau»
ALEJANDRO GONZALEZ IÑARRITU Zinemagilea
Proiektuak ez du migratzaileen esperientzia erakusten, biziarazi egiten du esperientzia hori. Errealitate birtualeko betaurreko eta entzungailu batzuen bidez, Sonorako desertua zeharkatzen ari den migratzaile baten azalean sartuko da ikus-entzulea, eta aukera izango du bertan mugitzeko ere. Oinutsik ibiliko da hondar gainean. Haizeak joko du. Beroa sentituko du. Eta migratzaileek bizitako estuasunak ere biziko ditu bertatik bertara. Horrez gainera, ordea, piezaren nondik norakoak azaltzen dituen ikus-entzunezko bat eta migranteak atxikitzeko erabili ohi diren atxilotze gelen erreplika moduko bat ere gurutzatuko ditu bisitariak.
«Nik ezer esan beharrean, jendea gonbidatzen dut esperientzia bizitzera». Zinemagilearen esanetan, lanak esaten du esan beharreko guztia, eta horregatik egin nahi izan dio ihes politika gaiei buruzko «aurrez aurreko» iritziak emateari. Edonola ere, onartu du piezak lantzen diren gaiek gaur egun instalazioa sortu zuenean baino «garrantzi handiagoa» dutela.
Euskal jatorria
Zinemagintzan ibilbide esanguratsua du Gonzalez Iñarrituk. Musika sortzen hasi bazen ere, 1999an egin zen ezagun nazioartean, Amores perros filmari esker. Guztira, bost Oscar sari ditu, haien artean zuzendari onenaren bi. Birdman filmari esker jaso zuen lehena, eta The Revenant lanari esker bigarrena. Eta, Bilbon azaldu duenez, Carne y arena instalazioan ez ezik, aurrez ere leku garrantzitsua izan du migrazioaren gaiak bere zinemagintza ibilbidean ere. Nabarmen, adibidez, Babel zein Biutiful pelikuletan. Edonola ere, argi egin du zinemagintzan egindakoaren eta instalazioaren arteko bereizketa. «Hau ez da zinema».
«Oraindik ere inoiz egin den errealitate birtualeko proiekturik handiena da 'Carne y arena'»
ALEJANDRO GONZALEZ IÑARRITU Zinemagilea
Gonzalez Iñarrituk berak egin zuen proiektua Bilbon aurkezteko proposamena, eta Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK Fundazioaren eta EITB taldearen babesarekin jarri dute martxan. Berez, aurreko astean ziren proiektua aurkeztekoak, baina, Gonzalez Iñarrituk azaldu duenez, jatorrizko proiektuari hainbat hobekuntza egin dizkiote, eta, traba tekniko horien ondorioz, atzeratu behar izan dute, azkenean.
1983an zamaontzi batean Bilbora nola heldu zen ere gogoratu du zinemagileak instalazioa aurkezteko antolatutako ekitaldian, eta bere arbaso izandakoen herria ezagutzeko ere baliatu du Euskal Herrirako bisita. Gogoratu duenez, Gordexolatik (Bizkaia) abiatu baitzen Silverio Iñarritu izeneko arbasoa 1877an edo 1878an, eta, horregatik, bertan izan da egunotan.
Duela bederatzi urte estreinatu zuten Carne y arena Cannesen, eta zinema jaialdi batean aurkeztu zen lehen errealitate birtualeko proiektua izan zen. Garai hartan punta-puntako teknologia baliatu zutela aipatu du zinema zuzendariak. Baina, esan duenez, gaur egun ere punta-puntakoa da. «Oraindik ere inoiz egin den errealitate birtualeko proiekturik handiena da».