Kritika. Dantza

Aliantza

2025eko irailaren 12a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

'hizketak'

Dantzaria: Mizel Theret. Abeslaria: Beñat Axiari. Sonu banda: Pierre Vissler. Lekua: Gare du Midi (Miarritze). Eguna: Irailak 10.

Hizketak-en lilura ez da ikuskizunarekin batera bukatzen. Hurrengo goizean oraindik ere buruari bueltak eragiten dizkio ikusitakoak. Gainera, denborak aurrera egin ahala, obra hau are eta esanguratsuagoa iruditzen zaizu. Bai, jakin badakigu adierazpen artistiko bikainek hori dutela, performancearen ostekoa oroimenean iltzatzen dela luze, baina, baita ere, jakitun gara fenomeno hori oso gutxitan gertatzen dela. Eta zin degizuet herenegungoarekin hala gertatu zaigula bertaratutako askori.

35. edizioko Maitaldiko asteazkeneko programazioan, bazeuden muntatze garestiagoak, zentralagoak eta —teorian— inportanteagoak, baina Theretek, Visslerrek eta Axiarik eskaini ziguten diptikoa ariman dirdaika daukagu oraino. Hasierako Ahaidetxea-n Pierre Topet Etxahun zuberotarren Ahaide delizios huntan aditu dugu Axiariren bertsioan. Bertsolariaren patu beltzak bidea ireki dio artista hau ezaugarritzen duten askatasun eta balentria guztiaz kanta dezan emanaldiko bi partetan zehar. Ahotsa instrumentu gisa erabiltzeko manera anitz oparitu dizkigu: euskal koblakari tradizional moduan hasi eta Frontoien bakardadean izeneko bigarren piezan, Mississippiko blues saminduari Afrikako oroimena azaleratu ondoren, ekialdera jo du Japoniako antzerkiko gizonen boz baxu zakarrak zein nota altuko emakumezkoen testura irudikatzeko. Tarteka-marteka, nire irudiko sailkaezinak ziren orroak, marruma, txioak… atera ditu bere eztarritik, eta azken minutuetan, joan-etorriko soinu-bidaiari amaiera emateko, melodia tradizional bati ekin dio berriro. A! Eta hau guztia ikusleei bizkarra emanez, bere presentzia ikusezin egiteko asmoz.

Thereten eta Axiariren lanaz gain, Pierre Visslerren soinu paisaia aipatu beharra dago. Iradokitzaileak bezain adierazgarriak dira berari esker entzun ditugun hondo-zaratak. Ikusgarria tonu espresionista eta abstraktukoa denez, ikusle bakoitzak bere interpretazioari ekingo dio, batez ere Frontoien bakardadean-en. Horrela, nik egurrezko ate-danbadak, zurezko leihoen kirrinka, orbel gaineko pausoen kraskak, haize ufaden hots artegagarri moduan deskodifikatu ditut presondegi edo galeoi batean, esaterako.

Soinu-paisaiaz hobeto gozatu ahal izateko, ikusleok tentazio handia genuen begiak ixteko. Alta, betazalak ezin jaitsi dantza galdu nahi ez genuelako. Mizel Theret egiaztatzen ari zen Etxahunen bertso klasikoak arrakastaz gorpuztu daitezkeela koreografia garaikidetik, batetik, eta bestetik, frogatzen ari zitzaigun dantza gogoetatsuaz bera bezalako dantzari aparta batek publikoa sorgindu eta hipnotizatu dezakeela. Eszenatokiaren biluztasun beltzak lagundu dio esentzialitate umil batera jotzen: ez da ibili ez burua tente ez eta espazioa indarrez kolonizatu nahian. Mizel Theretek erakutsi digu dantza introspektibo batek ikusleak harrapa ditzakeela eta pilotariaren sakearen tokian tokiko mugimendua koreografikoa izaki beste geografietan ere ondo kokatzen dela. Zalantzaren zama, hautuaren estualdia ikusi dut pilotaria pilota aukeratzeko beharrean zegoenean. Koreografia honek badauka arrasto biografikorik, Etxahunen kantan gertatzen den bezala.

Berezia eta puntakoa izan da. Ez galdu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.