Azkena Rock jaialdiaren 2026ko ekitaldirako zazpi hilabete falta dira oraindik, baina antolatzaileek gaur eman dute bertan izango diren musika talde eta bakarlari ugariren berri. Hogeitik gora artistaren izenak eman dituzte, eta horien artean, bi nabarmendu, kartelburu izango direnak: Alice Cooper eta Social Distortion.
Azkena Rocken jo eta hamazazpi urtera itzuliko da Gasteizera Alice Cooper, ohi bezala, rock-and-rolla, antzerkia, izuaren iruditeria eta vaudeville-a uztartuko dituen ikuskizun batekin. Shock-rockaren aitzindari izan zen Alice Cooper 1970eko hamarkadaren hasieran, eta gaur egun ere esparru berean aritzen da. Hain zuzen ere, Vincent Damon Furnierrek —hastapenetan Alice Cooper talde baten izena bazen ere, azkeneko ia 50 urteetan abeslariak bereganatu du deitura—, jatorrizko bere banda elkartu du berriro, eta The Revenge of Alice Cooper diskoa argitaratu du aurten, iraganari keinu ugari egiten dizkion lana. Mendizabalan ez dira faltako bere klasiko handiak, School's Out, I'm Eighteen, Under My Wheels eta rock nerabearen beste hamaika adibide.
Social Distortion, berriz, punk-rockaren ordezkari inportantea da 1979an lehenengo urratsak egin zituenetik, nahiz eta bere ibilbidean gorabehera ugari izan dituen. Izan ere, Michael Ness abeslari eta gitarrista da gaur egun taldearen gidari erabatekoa, jatorrizko taldetik gelditzen den kide bakarra. Taldeak 2011n argitaratu zuen azkeneko diskoa, eta azkeneko urteetan zuzeneko talde bilakatu da.
Azkena Rocken izango diren gainerako artisten artean bada letra larriz nabarmendu beharreko itzulera bat: Sugar taldearena. Bob Mouldek, Husker Du-rekin hardcore-punkaren eta rock alternatiboaren oinarriak finkatu ondoren sortu zuen taldea 1990eko hamarkadan, eta apenas hiru urtetan beste horrenbeste disko ezinbesteko kaleratu zituen: Copper Blue (1992), Beaster (1993) eta File Under: Easy Listening (1994). Azkeneko hiru hamarkadetan Mouldek disko ugari kaleratu ditu, batzuk rock azkar eta biziari lotuagoak, eta beste batzuk lasaiagoak eta baita esperimentalagoak ere, baina orain Sugarreko jatorrizko taldekideak —David Barbe (baxua) eta Malcolm Travis (bateria)— elkartu dira, eta oraingoz kantu berri bat aurkeztu dute: House of Dead Memories.
Therapy? talde irlandarra punk, metal eta hardcore doinuak uztartuz nabarmendu zen 1990eko hamarkadan, eta, hain zuzen, urte haietako bere disko ezagunenetako bat (Troublegum, 1994) goitik behera errepasatuko du Azkena Rocken. Imelda Mayk, berriz, Darrel Highman gitarristarekin batera, rock-and-roll klasikoko emanaldia egingo du.
Evaristo, bere ibilbideari begira
Azkena Rockek iragarri dituen artisten artean badira euskal musikari batzuk ere: Nhil, Rodeo eta Evaristo. Azken horrek La Polla Recordsen kantuak berreskuratuko ditu Gasteizen, baina baita Gatillazo eta Tropa do Carallo proiektuekin emandakoak ere.
Artistak hauek ere izango dira 24. Azkena Rock jaialdian: Jason Isbell & The Unit 400, Old Crow Medicine Show, Sleaford Mods, The Adicts, Circle Jerks, Corrosion of Conformity, The Damn Truth, The Del Fuegos, Discharge, Slip Dogs, Starbenders, Tropical Fuck Storm eta Voivod.