UPN Nafarroako gobernuan zela, 2013. urtean, Marmoles Baztan enpresari eman zion Urdazubiko (Nafarroa) Alkerdi harrobia beste 30 urtean ustiatzen jarraitzeko baimena. Legediak hala eskatzen duen arren, proiektua ez zuten ezagutarazi, eta, ondorioz, ez zen izan helegiterik aurkezteko aukerarik. Arrazoi horregatik SOSAlkerdi eta Sustrai Erakuntza Fundazioak luzapena «ez dela legezkoa» salatu dute azken hilabeteetan; eta azkenean arrazoi eman die Nafarroako Garapen Ekonomikorako Departamentuak. Hala, 30 urteko luzapena bertan behera gelditu da, behin-behinean.
Erabakia «baikortasunez» hartu dute SOS Alkerdi eta Sustrai Erakuntza Fundazioko kideek. Harrobiaren ustiapena behin betiko gelditzeko helburua «geroz eta gertuago» dagoela nabarmendu du Malen Vilches SOS Alkerdiko kideak. Hala ere, salatu du atzo bertan Alkerdin lanean ari zirela Marmoles Baztaneko hiru langileak: «Harrobian lanean jarraitzeko luzapenik ez duten arren, goizean mailu kolpeekin esnatu gara».
Garapen Ekonomikorako Departamentuaren erabakiaren ondotik, enpresak Alkerdi ustiatzeko asmoari eusten dio. Horregatik, harrobian lanean jarraitzeko luzapena eskatu du berriz ere. Dagoeneko, Kultura eta Ingurumen Departamentuak luzapen horren aurka azaldu dira. Izan ere, Alkerdin daude Paleolito garaiko Nafarroako margolanik zaharrenak. Harrobiaren ingurunea IKO, Interes Kulturaleko ondare gisara dago izendatua. Horretaz gainera, Natura 2000 Sareko KBE, Kontserbazio Bereziko Eremua, ere bada. Horregatik, harrobia eta ondare arkeologikoa ez direla bateragarriak salatu dute.
Nafarroako Gobernuak harrobiaren ustiapena eteteko hartu duen erabakian izan duen atzerapena salatu du Martin Zelaia Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak. Izan ere, badira bi urte bi eragileek salatzen dutela Alkerdiko harrobian izaten ziren leherketek bertan zegoen ondare arkeologikoa arriskuan jartzen dutela. «Oro har, administrazioek ez diete gure eskaera eta salaketei prestasunez erantzun», esan du Vilchesek.
Izan ere, 2015eko urrian ondarearen iraupena kolokan jartzen zuten hainbat erabaki hartu zituen administrazioak. Batetik, Kultura Departamentuak Alkerdiko leizeetako ondarea zehazki ezagutzeko inolako ikerketarik ez egitea erabaki zuen. Bestetik, Industria Departamentuak harrobian dinamitaren bidez leherketak berriro onartunahi zituen. Azken leherketa 2014ko udan izan zen. Horrekin piztu ziren alarmak. Izan ere, leherketaren erdigunetik distantzia handira nabaritu zen danbatekoa. Eztanda haren eraginez, Zelaieta III leize zuloa behera bota zuten.
Arartekoa bitartekari
Egoera horri aurre egiteko, SOS Alkerdi eta Sustrai Erakuntza Fundazioak Javier Eneriz Arartekoarenera jotzea erabaki zuten, gobernuarekin bitartekari lana egin zezan eskatzeko. Vilchesen irudiko, bitartekaritza lan horri esker, Industria Departamentuak Alkerdin dinamita bidezko leherketak ez baimentzea lortu zuten. Horrekin batera, Kultura Departamentuak onartu zuen ikerketa bat egin behar zela, harrobiaren azpian zegoen ondare arkeologikoa ezagutzeko.
Administrazioak agindutako ikerketa udan egin zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak. Horren bitartezjakin ahal izan da, Urdazubin «lehen mailako aurkikuntza arkeologikoak» daudela. Egoera ikusirik, Aranzadik jakinarazi zuen harrobia eta ondarearen babesa ez zirela bateragarriak.
Beraz, lurraren barrunbeetan dagoen ondare horrek iraun dezan, SOS Alkerdik eta Sustrai Erakuntzak ezinbestekotzat jo dute harrobiko lanak debekatzea. Hala, administrazioak dagozkion ardurak bere gain har ditzala eskatu dute. Izan ere, Urdazubiko Udalak ustiapen lizentzia ez du indargabetu. Gainera, Vilchesek gogorarazi duenez, harrobiak ustiatzeko legeak jasotzen duen bezala, Marmoles Baztanek Alkerdi utzi behar izango balu, eremua lehengoratzeko plana jarri beharko luke abian. «Plana betearazi egin behar zaio enpresari, jokoan dagoena gu guztiona den ondare arkeologikoa delako».
Orain, Garapen Ekonomikoaren Departamentuari dagokio enpresak harrobian lanean jarraitu ahal izateko proiektuaren gainean erabakia hartzea. SOS Alkerdi eta Sustrai Erakuntza Fundazioko kideek erabakia aste gutxiren buruan hartzea espero dute, Urdazubiko ondareak «behar duen babesa bermatzeko pausoak ematen jarraitzeko».
Alkerdi beste 30 urtez ustiatzeko luzapena baliogabetu dute
Harrobian lanean jarraitzeko proiektua aurkeztu du berriz enpresak. Kultura eta Ingurumen Departamentuak aurka agertu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu