Elsa (Barbara Lennie) publizitate agentzia bateko zuzendaria da. Ama hil berri zaio, eta, burua beste leku batean jartzeko asmotan, lana bilakatu da haren babeslekua. Egunerokoan lana besterik ez du egingo, eta ez da jabetuko ez diola nahikoa denbora eskaini dolua pasatzeari, ezta bere burua zaintzeari ere. Horrek guztiak eztanda egingo du, eta, izualdi krisi baten ondorioz, gorputzak gelditzeko eskatuko dio.
Krisialdietan, Elsak bere mutil-laguna, Bonifacio (Patrick Criado), ondoan izango du une oro, eta pertsona garrantzitsua bihurtuko da harentzat. Edonola ere, babes hori ez da nahikoa izango protagonistarentzat, eta Lanzarotera bidaiatuko du lagun batekin batera: Patricia —Victoria Luengok hartu du rola—. Madrildik irteteko beharra sentitzen dute biek ala biek.
Leonardo Sbaragliak Raul Duranena egin du. Gidoilaria eta zinema zuzendaria da, eta bere bizitza Elsaren istorioarekin batera kontatuta dago. Hala, fikzioa eta errealitatea uztartuko ditu filmak; izan ere, Duranek Elsaren bizitza kontatuko du, nahiz eta une batzuetan badirudien bien arteko elkarrizketa bat dela. «Minak garrantzi handia du filmean, eta oso presente dago. Gainera, Elsaren istorioa inspirazio iturri izango da zinema zuzendariarentzat, gidoi bat idazten baitabil», azaldu du Almodovarrek Cadena Ser irratian.
Zuzendaria pertsonaietan
Badago zinema zuzendaririk bere bizitzako hainbat xehetasun fikzioa egiteko erabiltzen duenik. Horixe bera egin du Pedro Almodovarrek bere azken lanean. «Fikzio asko dagoen arren, ez dago ezer asmatuta. Ni oso presente nago, baina erabat fikzioratuta». Hala mintzo da zuzendaria El PaĂs hedabideak argitaratutako elkarrizketa batean.
Filmeko pertsonaia batzuek Almodovarren ofizio bera dute. Esate baterako, Raul Duran pertsonaiak. «Pertsonaiak esaten dituen esaldi asko neure bizipenetatik datoz». Gaineratu du aukera izan duela elkarrizketetan hainbat esparru jorratzeko: gaur egungo zinemarekiko duen ikuspuntua, bere buruari buruz duen iritzia, baita errealitatearekiko duen jarrera ere.  Are gehiago, sorkariak zalantzan jartzen ditu Almodovar bera eta haren filmak ere.
Zuzendariaren 25. lan luzea da Amarga Navidad, eta ez da haren bizitzako hainbat elementu islatzen dituen lehena. Dolor y gloria filmean, esaterako (2019), Almodovar bere amarengan inspiratu zen protagonistaren izaera lantzeko orduan; Julieta Serranok antzeztu zuen.
'Amarga navidad'
Zuzendaria eta gidoilaria: Pedro Almodovar. Aktoreak: Barbara Lennie, Leonardo Sbaraglia, Victoria Luengo, Milena Smit, Patrick Criado. Musika: Alberto Iglesias. Generoa: drama. Urtea: 2026. Estreinaldia: etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'project hail mary'
Zuzendariak: Phil Lord, Christopher Miller. Gidoilaria: Drew Goddard. Aktoreak: Ryan Gosling, Sandra Huller, Milana Vayntrub. Generoa: zientzia fikzioa. Estreinaldia: gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta martxoaren 27an Hego Euskal Herrian.
Ryland Grace (Ryan Gosling) zientzia irakaslea da. Ez da oroitzen nola, noiz eta zergatik, baina espaziontzi batean esnatu da, etxetik oso urrun. Pixkanaka memoria berreskuratuz doa, eta gogoratuko da misio bat duela: eguzkia itzaltzen duen substantzia misteriotsuaren berri izatea.
'reminders of him'
Zuzendaria: Vanessa Caswill. Gidoilariak: Colleen Hoover eta Lauren Levine. Eleberria: Colleen Hoover. Aktoreak: Maika Monroe, Tyriq Withers, Lauren Graham. Estreinaldia: gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta apirilean Hego Euskal Herrian.
Zazpi urte igaro ditu Kennak (Maika Monroe) kartzelan. Handik irtetean, harremana berreskuratu nahiko du bere alaba txikiarekin, baina jendeak oztopoak besterik ez dio jarriko. Borroka horretan, taberna bateko jabearekin egingo du topo. Alabarekin harremana du, eta Kennari lagunduko dio.
'les rayons et les ombres'
Zuzendaria: Xavier Giannoli. Gidoilariak: Jacques Fieschi, Xavier Giannoli, Yves Stavrides. Aktoreak: Jean Dujardin, Nastya Golubeva Carax, August Diehl. Estreinaldia: gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Jean (Jean Dujardin), Frantziako kazetari bat da, eta Otto (August Diehl), berriz, frantsesak miresten dituen Alemaniako gazte bat. Jeanen alaba Corinne (Nastya Golubeva Carax) aktore lanetan hasiko da, baina Bigarren Mundu Gerra piztuko da, eta Alemaniak Frantzia okupatuko du. Europan bakea egon dadin borroka egingo dute Jeanek eta Ottok.