Aitaren lantegiak aukera eman zion errementari ofizioa ikasteko, baina Alvaro Ledesmak haratago joan nahi zuen. Eta errementari izan zen, baina baita eskultore, argazkilari, margolari, musikagile, bideogile eta idazle ere. Artista, erabatekoa. Haren ingurukoek iragarri dutenez, gaur hil da, 51 urte zituela.
Eskultura izan zen Ledesmaren muina. Jatorritik hasi ibilbide osoan eutsi zion diziplina horri. 2000. urtean ekin zion artea eskulturaren bidez garatzeari, oraindik ere errementari zela, eta orduan hasi zen erakusketak egiten eta enkarguak jasotzen. Baina horrekin ere ez zuen aski izan, eta 2007an margotzen hasi zen. Baita, aldi berean, bere lehen bideoak sortzen ere. Eta, bideoek musika behar zutela eta, pianoa eta biolina jotzen ikasi zuen. Horrek hasiera emango zion Ledesmak musikagile gisa izan zuen garaiari.
Arteari bide
Oholtza gainean edo atzean. Berdin zion. Batean edo bestean izango zuen zer egin Ledesmak. Kontzertuak eman zituen bakarlari moduan, eta musikagile gisa ere egin zuen lan; besteak beste, antzezlanetan, poesia errezitaletan eta pelikuletako soinu bandak sortzen. Baina ez hori bakarrik: emanaldietarako eszenografia lanak ere egin zituen.
Eta 2012an mugarri bat izan zuen. Argazkilaritza probatu, eta bere burua berrasmatu zuen. Hasieran film luze bateko fotogramak balira bezala sailkatu zituen argazkiak, baina bere burua ere erretratatu zuen gero. Eta, bitarte horretan, hitzek ere hartu zuten leku: orriak bete zituen poesia, atsotitzak eta hausnarketak idazten. Eta, diziplina ugaritan murgildu bazen ere, artean egiteko «gauza asko» zituela kontatu zion BERRIAri; dantza, esaterako.
Ikusi gehiago