Amaia Arrazola ilustratzailea hil da

Literaturaren alorrean argitaratu zituen lan gehienak Arrazolak, baina hainbat horma irudi handitan ere erakutsi zuen bere dohaina.

Amaia Arrazola, artxiboko irudi batean. BERRIA
Amaia Arrazola, artxiboko irudi batean. BERRIA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko azaroaren 6a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Literaturan, hormetan, publizitatean eta beste hainbat esparrutan aritu zen Amaia Arrazola (Gasteiz, 1984-Bartzelona, 2025). Publizitatea ikasi zuen, eta arlo horretan lan egin zuen lehen urteetan. 2010ean publizitatea alde batera utzi, eta marrazkigintzari heldu zion buru-belarri. 23 urte zituela hasi zuen ilustratzaile ibilbidea Kataluniako hiriburuan, eta bertan bizi zen geroztik.

Hamaika lan argitaratu zituen bere ibilbide profesionalean, eta zerrenda luzea osatu zuen. 2015ean, Pequeña y Grande, Audrey Hepburn lana argitaratu zuen; Historia Garaikideko hainbat emakumeren bizitzak ditu ardatz Pequeña y Grande bilduma. Lan ospetsuenen artean daude, besteak beste, Waba Sabi (2018) eta Totoro y yo (2022) liburuak; Asiako kulturarekin lotura zuzena dute gehienek. Amatasunari lotutako El meteorito liburua ere argitaratu zuen 2020aneta azken lanen artean dago Buenas noches, Simon, haurrentzako liburua. 

Lan gehienak Bartzelonan eta Japonian egin zituen arren, Euskal Herrian ere egin zuen geldialdirik. Iaz, esaterako, Gasteizko jaietako kartel lehiaketa irabazi zuen, Zeledonen jaitsiera lanari esker.

Literaturan ez ezik, horma irudietan ere proiektu ugari egin zituen. Horien artean dago, besteak beste, iaz Bartzelonan egin zuena, Gracia barrutian. 86 metro luzeko horma marraztu zuen Arrazolak, Gracia auzoari omenaldia egiteko. Urtaroetan banatuta dago lana, eta urteko sasoi bakoitzean auzoan egiten diren hainbat jai eta jarduera irudikatu zituen. Aurten bertan egin zuen azken horma irudia, Cirque du Soleilen ikuskizun baterako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.