Aurtengo ekitaldian Donostia saria jasoko duten aktore eta zuzendarien zerrendari Dustin Hoffmanen izena gehitu diote Zinemaldiaren antolatzaileek. Sarituak, gainera, Quartet filma aurkeztuko du, berak zuzendua, Sail Ofizialaren klausura ekitaldian, irailaren 29an, lehiaketaz kanpo. 60. urteurrena ospatzeko, beraz, Hollywoodeko bost izar ezagun izango dira aurten Donostia saria jasoko dutenak, gizonezkoak denak: Oliver Stone, Ewan McGregor, Tommy Lee Jones, John Travolta eta Dustin Hoffman.
Aktore gisa, bi Oscar sari irabazteaz gain—Kramer vs. Kramer-ekin 1979an eta Rain Man-ekin 1988an—, Berlin eta Veneziako zinema jaialdietan ere saritu dute Hoffman, eta Cecil B. De Mille saria ere eman diote. Quartet da, ordea, zuzendu duen aurreneko filma. Maggie Smith, Michael Gambon, Billy Connolly, Sheridan Smith, Pauline Collins, Tom Courtenay, Trevor Peacock, David Ryall eta Luke Newberry aktoreek hartu dute parte, besteak beste, filmean. Beecham House erretiratutako opera abeslarientzako egoitzan girotuta dago filma. Reggiek, Wilfek eta Cissiek urtero kontzertu bat antolatzen dute Giuseppe Verdiren urtebetetzea ospatzeko. Bat-batean, egoitzara paziente berri bat iritsiko da: Reggieren emazte ohia, Jean; eta lehengo bizimodu lasaia aldatuko du. Zauri zaharrak sendatzeko aukeraz eta zailtasunez egiten du gogoeta Hoffmanek filmak.
Gere eta Sarandon Donostian
Zinemaldia hilaren 21ean hasiko da, Nicholas Jareckiren Arbitrage-ren emanaldiarekin, eta egun horretan Donostian izango dira filmeko bi aktore nagusiak, Richard Gere eta Susan Sarandon.
Sail Ofizialeko epaimahaiak Christine Vachon ekoizlea izango du buru, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak atzo jakinarazi zuenez; harekin batera, Ricardo Darin eta Mia Hansen-Love aktoreek, Agusti Villaronga zinemagileak, Michel Gaztanbide gidoilariak, Peter Suschitzky argazki zuzendariak eta Julie Taymor zinema eta antzerki zuzendariak osatuko dute epaimahaia.
Serbitzu sariko epaimahaiak, berriz, Andoni Egaña bertsolaria izango du buru, eta Katixa Agirre idazleak eta Maru Solores zinemagileak osatuko dute, Egañarekin batera, epaimahai hori. Serbitzu saria Euskal Herrian ekoitzitako film onenari emango diote, film hori edozein sailetan aurkeztua delarik. Aurtengo ekitaldian Zinemira sailean ez ezik Zabaltegi Bereziak sailean ere badira sari hori irabazteko hainbat hautagai.
Zuzendari Berriak saileko epaimahaiak Katayoon Shahabi ekoizlea izango du buru, eta harekin batera honako hauek osatuko dute epaimahaia: Demetrios Matheou kazetari, idazle eta programatzaileak, Radu Muntean zinemagileak, Lourdes Oñederra idazle, irakasle eta ikerlariak; eta Diana Sanchez programatzaileak. Horizontes sariak, berriz, Jorge Drexler kantaria izango du buru, eta Fernanda del Nido eta Sandro Fiorin ekoizleak epaimahaikide. Zinema Ikasleen Topaketetako epaimahaiaren burua David Puttnam izango da.
Donostiako 60. Zinemaldia
Amaitzeko, Dustin Hoffman
Donostia saria jaso eta 'Quartet' ekarriko du aktore ezagunak Zinemaldiaren klausura ekitaldira, berak zuzendutako lehen filmaRicardo Darin, Agusti Villaronga eta Michel Gaztanbide daude epaimahaikideen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu