Amarrak askatu, bizitzari heltzeko

'E, petrel! Julio Villarrekin solasean' antzezlana ondu du Mikel Sarriegik, bidaiariaren bizi balioak azaltzeko.Hondarribian bihar euskaraz eskainiko dute obra Astrolabium Teatroa konpainiakoek

Mikel Sarriegik (ezkerrean) helduentzat idatzitako lehen obra da. ASTROLABIUM.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Banoa. Askatu ditut amarrak.Nire bizitza neurea da, eta eskutik helduta joango gara biok». Julio Villarrenak dira hitzak. Duela 40 urte baino gehiago idatzi zituen, itsasontzi txiki batean munduari bira ematen zion bitartean. Helmugari baino gehiago, bideari eman zion garrantzia, lasai eta aske ibiltzeari, eta, bidaia ez ezik, bere bizi balioak ere azaldu zituen E, petrel! liburuan. Hura aspaldi irakurri zuen Mikel Sarriegi aktoreak, eta liluratuta utzi zuen gizon haren filosofiak. Hainbeste, liburua oinarri hartuta antzezlan bat sortu baitu orain. E, petrel! Julio Villarrekin solasean izenburupean, bihar egingo du Astrolabium Teatroak euskarazko lehen emanaldia, Hondarribiko Itsas Etxean, 20:00etann hasita.

1960ko hamarkadan mendizale ezaguna izan zen Villar (Donostia, 1943). Mont Blanc mendian istripu larria izan zuen, ordea: hankak hautsi, eta bi egun egin zituen pareta batetik zintzilik, harik eta espedizio kideek erreskatatu zuten arte. Hamabost hilabete behar izan zituen osatzeko. Mendia albo batera utzi, eta itsasora egin zuen; nabigatzeaz ezer gutxi zekien arren, Mistral belaontzi txikia hartu, eta Atlantikoa zeharkatzera abiatu zen. Baina behin Karibera iritsita, aurrera jarraitzea eta munduari bira ematea erabaki zuen. Lau urte eta erdi eman zituen bidean, 1968ko udaberritik 1972ko udara bitarte, eta bitakora kaiera itxurako liburu batean jaso zituen bidaiari buruzkoak, E, petrel! Cuaderno de un navegante solitario izenburupean. «17 urterekin-edo irakurri nuen, eta, beste asko bezala, hunkitu egin ninduen», dio Sarriegik. «Bizi filosofia bat agertzen du, oso modu poetikoan. Ez da bidaia fisiko bat, baizik eta barne bidaia bat, munduan egoteko modu bat. Horrek harrapatu ninduen».

Behin itzulita, mendira egin zuen berriro, eta Donostiatik Mediterraneora Pirinioak zeharkatu zituen, «oinez eta presarik gabe». Tarragonako Tivissan (Herrialde Katalanak) masia batean jarri zen bizitzen, urik eta argindarrik gabe, naturari lotuta, eta,nabigatzen jarraitu bazuen ere, batez ere mendian ibili da ordutik. Beti poliki. 73 urterekin, Tivissa eta Donostia artean bizi da egun, eta jendea mendi txangoak egitera eramaten jarraitzen du.

Bazuen kezka edo zalantza hori Sarriegik, ea liburua idatzi zuen Villar hura nolakoa izango ote zen egun, aldatuko ote zen. Ezezkoan dago, antzeko filosofia duela oraindik ere. «Hor zegoen gako bat. Ez nuen antzezlana liburuaz soilik egin nahi, jakin nahi nuen Juliok zer egin zuen gero». Hala, harekiko elkarrizketa bat da, finean, antzezlana. «Pozik nago, Julioren figura ere erakusten duelako, hori iruditzen zait inportantea». Villar gaztearen eta egungoaren rolak, biak jokatzen ditu Sarriegik. Eta batetik bestera salto egitea ez zaiola zailegia egin dio, gazte hura ez baita hainbeste aldatu, ez eta gogo aldetik askorik zahartu ere. «Ideia izan da egungo Juliori elkarrizketa egitea, eta segun zertaz ari garen, flashback-a gertatzen da, eta E, petrel!-eko pasarte batekin erantzuten du». Biak bereizteko, arropa batzuk aldatzen ditu, besterik ez.

Elkarrizketa egiteko, bisitan joan eta galdezka hasten zaion lagunaren rola jokatzen du Alvaro Garaialdek. «Lagun hori ni naiz, Juliori galdezka», dio Sarriegik. Antzezlana prestatzeko, hemeroteka lana egiteaz gain, Villarrekin behin baino gehiagotan hitz egin zuen. Galdera horiek dira antzezlanaren oinarria. Bada hirugarren pertsonaia bat, soinu banda jartzen duen musikariarena. Musika ez ezik, une bakoitzeko soinu efektuak (ekaitza, haizea...) sortu ditu Iñaki Dieguezek.

Eszenografiak ere Villarri buruz hitz egiten du. Soila da oso: bi kaxa eta oihal batzuk baino ez dituzte baliatu aktoreen lana girotzeko. «Iradokitzea nahiago izan dut».

Bizi filosofia berarekin

Villarrekin izandako elkarrizketetan, bere bizi filosofia ez dela askorik aldatu ikusi du Sarriegik. Adibide bat: «Lehen aldian, urduri joan nintzen harengana, baina ni ezagutu gabe, zer egingo nuen jakin gabe, egile eskubideak eman zizkidan. Inolako balio ekonomikorik ez zion eman horri». Halakoek harrapatu zuten liburua irakurri zuenean. «Mantso dabilela dio, ez duela ezeren jabe izan nahi, gauzek lotu egiten dutela... gauza gutxirekin, poliki eta naturari begira bizi da». Ez da erraza egun halako balioekin bizi den jendea topatzea. «Agian esaten duenik bai, baina uste dut bera benetan bizi dela horrela».

Urteak daramatza Sarriegik antzerki munduan. Hainbat talderekin aritu izan da aktore lanetan, eta obrak sortzen ere bai Hipo eta Tomax pailazoekin, besteak beste. «Baina gogoa nuen beste pauso bat emateko eta helduentzako gauzak egiteko. E, petrel!-ena aspalditik nuen buruan, eta 2014an-edo hasi nintzen egokitzen». Erabakia hartuta, iaz Astrolabium Teatroa konpainia sortu zuen.

Antzezlanarekin «amets bat» bete zaiola dio, eta bide horretan jarraitu nahi du. Obrak jada hasi du berea. Albaolan, urtarrilean estreinatu zuten gazteleraz, eta han izan zen Villar. Pozik ikusi zuela, gustatu zitzaiola esan zion Sarriegiri. Hondarribikoaren ostean, Tolosan eta Donostian ere eskainiko dute lana, apirilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.