Stuttgarteko Balleteko dantzari nagusi Alicia Amatriainek (Donostia, 1980) gala bat eskainiko du sorterrian. Emanaldi bikoitza egingo du, Viktoria Eugenia antzokian, gaur eta bihar 20:00etan. Eta sarrerak gaur jarriko dituzte salgai. Alicia eta balletaren abentura miresgarriak du izenburu ikuskizunak, eta denera, zortzi pieza biltzen ditu. Amatriain lautan dantzatuko da.
Two Pieces for Het obrarekin irekiko du gala. Hans van Manenen koreografia da, eta Errki-Sven Tuurk-en eta Arvo Parten musika du. Marjin Rademakerrekin batera emango du lan hori. Stuttgarteko Balleteko dantzari nagusia da Rademaker, eta harekin dantzatuko da Kamelien anderea piezan ere. John Neumeierren koreografia horrek Chopinen musika darama. Stuttgarteko Balleteko dantzari nagusi ere baden Filip Barankiewiczekin Beltxargaren heriotza interpretatuko du, halaber, Saint-Saensen musikarekin Renato Arismendik sortutako obra. Dantzari biek Hezitako piztitxoa eskainiko dute, orobat. Prokofieven konposizio baten gainean John Crankok sortutako lana.
Londresko Royal Balleta
Horretaz gain, Marianela Nuñez eta Thiago Soares galan dantzatuko dira, Londresko Royal Balleteko dantzariak biak ere. Txaikovskiren Beltxargen aintzira-rekin Lev Ivanovek ondutako koreografia eta Riccardo Drigoren Diana eta Acteon-ekin Marius Petipak sortutakoa eskainiko dituzte. Halaber, Suzanna Kajc eta Juanjo Arques dantzariek parte hartuko dute galan. Amsterdamgo Balleteko dantzariak dira, eta Minos eta Trois Gnossiennes lanak interpretatuko dituzte. Lehena Arquesek berak sortua da, Ryuichi Sakamotoren musikaren gainean. Eta bestea Satieren lanean oinarri hartuta, Hans van Manenek eginiko obra bat da.
Donostia Kulturak antolatu du gala, eta Norka Chiapuso arduraduna sinetsita dago erabateko arrakasta izango dela. «Antzokia bete egingo da», ziurtatu du.
Amatriainen balletaren abentura miresgarriak, Donostian
Stuttgarteko Balleteko dantzari nagusiak gala bat eskainiko du Viktoria Eugenia antzokian gaur eta bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu