Literatura

Amonaren etxea

Mohammed el-Kurdek 2021ean eman zuen 'Rifqa' poema liburua, eta euskaraz ere irakur daiteke iaztik. Aurten, «palestinar biktima perfektuaren» gaineko gogoetak bildu ditu saiakera batean. Erresistentziarako mailu batekin konpara litezke haren hitzak.

Mohammed el Kurd idazle eta kazetari palestinarraren irudia. Kredituak: 2023 Calgary Peace Prize site.
Mohammed el Kurd idazle eta kazetari palestinarra, artxiboko irudi batean. Kredituak: 2023 Calgary Peace Prize site.
2025eko irailaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mohammed el-Kurd idazle palestinarraren (Jerusalem, 1998) amonak izendatzen du bere poema bilduma: Rifqa (2021). Katakrak argitaletxearen eskutik dugu eskuragarri 2024tik, Eider Beobidek euskarara itzulia eta edizio elebidunean emana. Izenburuan aipaturiko amona ez da Jorge Oteiza artistaren balizko amona mitikoa —laurogei amona omen daude gure garaiaren eta historiaurrearen artean—. Eta amonaren etxea ez da Gabriel Aresti poetaren etxe sinbolikoa. Izan ere, hezur-haragizko Rifqak Jerusalem ekialdean eraikitako familiaren adreiluzko etxea babestu zuen bere gorputzarekin. Hain zuzen, horren lekuko da Julia Bachak eta Rebekah Wingert-Jabik zuzendutako dokumentala, Nire auzoa (2012) —Just Vision berri plataforma independentean dago eskuragarri—, non Mohammed el-Kurd haurra eta bere amona etxearen galeraren protagonista diren. Poesia zer zen jakin baino are lehenago idatzi zuen bere lehen poema film labur horretarako, eta, elkarrizketetan, etorkizunari buruz diharduenean, giza eskubideen aldeko aktibista gisara edota kazetari gisara irudikatzen du bere burua. Mutiko hori poeta eta artista bihurtu zen azkenean, justiziaren aldarrikapena alde batera utzi gabe. AEBetan Arte Ederrak ikasi zituen, hitzezko sormenean espezializatuz. Ikasle garaian sortutako Radical Blankets aldizkariak kritikaren harrera bikaina jaso zuen.

Rifka el-Kurd 2020an hil zen, 103 urte zituela. Bilobak zera dio Honengatik egiten dugu dantza poeman: «Nire oroitzapenetan etxea sofa berde, urratu bat da/ eta gure amona poema bakoitzean». Haren lanaren erraietan amonaren sufrimendua eta etxearen galera daude. Rifka poema luzean amaierarik gabeko Nakba bat —nakba hitzak hondamendi esan nahi du, arabieraz, eta 1946tik 1948ra bitarteko palestinarren erbesteratzea izendatzen du— deskribatzen du poetak. Palestinarren historia hurbila Nakba moduko katastrofe askoren pilaketa da. Horietako batean, poemak dioenez, galdutako etxeko giltza gordetzen du amonak. Espainiatik deserrotutako judu sefardiek ere etxeko giltza gorde zuten. Egun, sefardi familia askoren ondasunen artean XV. mendeko giltzak daude. Galera guztien ondorioz Rifqak «bere Jainko errefuxiatuari egiten dio otoitz». Hala dio El-Kurden poemak, Raxid Hussein (1936-1977) poeta palestinarrak idatzi zuen Jainko errefuxiatua poemaren urratsetan.

Enpatia ezabatzearen kontra

2025ean Biktima perfektuak saiakera liburua argitaratu du El-Kurdek. Palestinar biktima perfektuaren aurkako testua da. Komunikabideetan zenbat aldiz entzuten da emakumeak eta haurrak hil zirela erasoan? Errugabeko biktima kategoriaren aurka idazten du El-Kurdek. Biktima idealaren eraikuntzarekin palestinarrei injustiziaren haserrea ukatzen zaielakoan, eta, bide batez, deshumanizatu. Harriekin tankeen kontra aritzea terrorismo gisa izendatzen denean, biktima ideala behar da. Gazako genozidioan inoiz baino kazetari gehiago hil dira, eta arabieraz ari direnak komunikazio lanetan izan dira israeldar soldaduen itu. Saiakera bukatu ondoren, berri oro iragazki kritikoarekin irakurri edota entzuten da.

Edward Saiden pentsamendu kritikoari ematen dio jarraipena El-Kurdek, baina berea ez da Said «dandy lasaia», sutan dagoen idazlea baizik. Nola egin injustiziaren kontra legeak etsaiak idatzi dituenean? Azken finean, Israelgo justiziak ebazten du Jerusalem ekialdeko etxe lapurtu guztien etorkizuna. Kolonizatzaileak idatzi du legea. Nola izan biktima perfektu aspaldi hasi zen kolonizazio prozesu basatian? Mohammed el-Kurdek poesia eta kazetaritza erabiltzen ditu injustizia oro plazaratzeko. Mailua beti hitza da.

Komunikabideetan zenbat aldiz entzuten da emakumeak eta haurrak hil zirela erasoan? Errugabeko biktima kategoriaren aurka idazten du El-Kurdek

Uda honetan genozidioaren azken fasera mugitu da Israelgo Estatua. Sare sozialetan, gosetearen irudi lazgarriak oporretako argazki zoriontsuekin nahasi dira, batetik bestera tarterik utzi gabe. Julio Cortazar idazle argentinarrak antzeko egoera bat deskribatzen du 1976an, Internet baino lehen, idatzitako Apocalipsia Solentinamen ipuinean: idazlea Nikaraguara joaten da bisitan, eta Parisa itzultzen denean, bidaian ateratako diapositiba alaiak ikustean, hildako gorpuak eta indarkeria azaltzen zaizkio bat-batean, ezustean.

Terrorezko ipuin fantastiko hori egungo errealitate bihurtu da Instagrameko istorioetan. Baina ingurune digitalak enpatia ezabatu dezake, irudi bortitz andanaren poderioz. Susan Sontagen irudien ekologiaren aldarrikapena inoiz baino garrantzitsuagoa da. Eta horregatik da El-Kurd bezalako ahotsa garrantzitsua. Haren saiakerak palestinarren egoera ikustera behartzen gaitu, bere ñabardura guztiekin. Herri baten deabrutzeak dituen ondorioei buruz pentsatzera garamatza. Ezin da ziztu bizian eta pentsatu gabe hurrengo istorio digitalera pasatu. Hori da haren hitzen indarra.

Arnasa elkarrekin hartzea

Uztailaren 21ean, APOA (Askoren Poesia Ahotsak) taldeak Rifqa poesia liburuaren errezitala antolatu zuen Azpeitiko (Gipuzkoa) San Agustin kulturgunean. Taldeak bi urte daramatza Xabier Gantzarainen eta Jose Luis Otamendiren gidaritzapean. Eta APOAk hilabetean behin Azpeitiko Dinamoan egiten dituen saioek elkarri entzunez irakurtzea dute helburu. Ahalduntze prozesu kolektiboa izan da partaideentzat.

Uztailekoa saio berezia izan zen, publikoa baitzen. Telebistan ematen ari diren hondamendiaren kontra erresistentzia egiteko, El-Kurden hitz poetikoa eskaini zuten. Jose Luis Otamendik honela dio Beste bat izateko jarraibideak poeman: «Munduko herririk handieneko kide/ egiten gaitu elkarren premiak/ eta korronte sakon bat mugitzen hasten da:/ hobeto ulertu nahi ditut inguruko gauzak pertsonak/ norbait datorrenean zenbat ohe jantzi/ jakin zenbatentzat ipini mahaia». (Landura, Susa, 2022).

Zorigaiztoko garai hauetan, APOAko kideek elkarrekin irakurri zuten Rifqa. Arnasgune baten modukoa izan zen, inolaz ere ez ihesaldia. Latinez, conspirare aditzak elkarrekin arnasa hartzea esan nahi du, eta jatorrian ez zuen zentzu negatiborik. Mundu nahasi honetan elkarrekin hartu beharko genuke arnasa aske izateko.

Ikusi gehiago

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.