«Erabaki nahiko erradikalak hartu ditut». Andrakan taldean aritu ostean, Iban Urizar musikariak 2014an jarri zuen abian Amorante izeneko bere bakarkako proiektua, eta, hamar urte baino gehiagoren eta ehunka kontzerturen ostean, hirugarren disko luzea kaleratu berri du orain: Ez dot amaitu. Zortzi abesti biltzen ditu lanak, eta lehen entzunalditik igar daitezke aldaketak. Orain artean kutsu organikoa izan dute haren diskoek, baina, oraingoan, testura elektronikoak eta industrialak gailendu zaizkie tresna analogikoei, eta inoiz baino minimalistago jokatu du oinarri musikal horiek osatzean ere. Hondo soil, dentso eta batzuetan are hipnotikoa ere osatzen dute elementu horiek, eta, atzealde horrekin kontrastea eginez, lehen lerroan nabarmendu dira kantariaren ahots eta tronpeta adierazkorrak. Izan ere, sortzailearen arnasari estuki lotutako bi elementu horiek dira diskoko elementu organiko ia bakarrak.
Astearteaz geroztik dago lana osorik entzungai Badok plataforman, eta ostiraletik aurrera jarriko dute beste hainbatetan ere. Fisikoki, binilo formatuan bakarrik salduko du musikariak.
«Ahots aldetik igual gordinagoak dira kantak, edo kantaera behintzat gordinagoa da: erraietatik aritu naiz», azaldu du. «Nire kantaerarekin gorabeherak izan ditut, gehienbat ziurgabetasunagatik. Kostatu zait. Urteak behar izan ditut nire ahotsarekin kontent egoteko, eta azkenengo urteetan askoz ere seguruago sentitzen naiz kantuan, eta nik uste dut disko honek asko erakusten duela hori, eta balitekeela horregatik entzutea ahotsa hain lehen lerroan».
«Urteak behar izan ditut nire ahotsarekin kontent egon ahal izateko, baina azkenengo urteetan askoz ere seguruago sentitzen naiz kantuan, eta nik uste dut disko honek asko erakusten duela hori»
IBAN URIZAR, 'AMORANTE' Musikaria
Eta, dioenez, pixkanaka-pixkanaka joan da diskoan igar daitekeen musika elektronikorako bihurgunea hartzen ere, ia kontzertuz kontzertu. «Zuzeneko emanaldietan joan naiz bilakaera hori egiten, eta ez naiz ohartu. Oso jostalaria naiz tresnekin, eta oso jostalaria da abestiak egiteko dudan modua ere. Eta, horrekin batera, aldaketa hori oso lotuta dago orain bizi dudan garai musikalarekin ere: zer entzuten dudan eta zerekin gozatzen dudan. Eta horrek guztiak eraman nau kasik instintiboki edo naturalki disko honetara».
Dioenez, ekoizleak ere lagundu du horretan. Lehen disko laburrak Xabier Erkiziarekin grabatu zituen, eta hurrengo bi lan luzeetan —Bat edo hiru (2020) eta Harri herri har (2023)— Aitor Etxebarriak lagundu zuen ekoizpenarekin. Oraingoan, berriz, Joanes Buffekin egin du lan hori. Horrek aldatu egin ditu lan dinamikak, Urizarrek esan duenez, eta dinamika horiek aldatzeak diskoaren soinua bera ere aldatzea ekarri du. «Estudiora iritsi berritan, nire traste guztiak han muntatzeko eskatu zidan», gogoratu du musikariak, «zuzeneko bat egin behar banu bezala, eta, horregatik, uste dut nire ibilbidean lehenengo aldiz elkarrengana gerturatu dituela zuzenekoak eta diskoa».
Izan ere, orain artean, zuzeneko emanaldiak eta estudioko lanak bi bide bereizi izan dira Amoranteren ibilbidean, eta bi errepertorio paralelo ere osatu ditu maiz baterako zein besterako. «Beti defendatu izan dut —eta jarraitzen dut defendatzen— zuzenekoak eta diskoak oso esparru ezberdinak direla». Eta, adierazi duenez, bidegurutze horretan dago orain ere, diskoa zuzenerako nola moldatu pentsatzen.
52 HZ izeneko abestiarekin abiatzen da diskoa, motel eta soil, eta antzeko atmosfera du hurrengo kantak ere. Amaren eskuak sentikorra da diskoko bigarren kanta, eta Mari Luz Estebanen poema bat du oinarri. Ilunetik doa Ahaideak ere, eta, Urizarrek onartu duenez, justu haren ondoren dator diskoaren bi aurpegiak lotzeko funtsezko lana egin duen kanta: Una petita canço, musikariak katalanez idatzi eta kantatutako abesti gardena. «Kantagintzari egindako maitasun kanta bat da», azaldu du Urizarrek. Euskaratuta, zera dio lehen estrofak, adibidez: «Ez naiz ona gauza askotan/ eta ez dut uste saiatu naizenik ere./ Baina nahi nuke sinetsi sortu dudala/ zoriontasun esparru txiki bat».
Kanta ia ezkutua
Maitasunezkor abestian idazketa automatiko bidez sortutako testu bat baliatu du Amorantek kantua osatzeko; ondoren, Niño de Elcheren kolaborazioa dakar Aspaldiko orroak kantak; Excalibur dator gero, Joseba Irazoki eta Felix Buff musikarien kolaborazioarekin, eta Gartxot Unsainen hitzekin osatu du, azkenik, diskoa ixten duen Zaldunarena abestia.
Eta esanguratsua da azken kanta hori ere, kolpez amaitzen baita, norbaitek grabazio zinta analogikoa hortxe etetea erabaki izan balu bezala. «Hor nostalgia ariketa bat ere badago», azaldu du. «1990eko hamarkadatik nator ni, kaseteetan abesti ezkutuak zeudeneko garai hartatik. Halakoetan ematen zuen diskoa bukatu egin zela, baina, pazientzia pixka bat edukiz gero, opari bat jasotzen zenuen, eta disko honetan ere minutu bete pasatxoko isiltasuna dator azken-aurreko kantaren ondoren. Diskoa biniloan bakarrik kaleratu dudanez, kanta ezkutuen efektu hori sortu nahi nuen, nahiz eta, berez, ez den kantu ezkutu bat, kantuen zerrendan badagoelako».
Eta musikariak aipatutako fisikotasun horri egiten dio keinu diskoa amaitzen duen zinta kolpeak ere.
Urriaren 8an emango du lehen kontzertua, Bilboko kafe antzokian.