Amurizak Arestiren koplak kantatuz emango die hasiera Eako Poesia Egunei

Gaurtik igandera bitarte, errezitaldiak, hitzaldiak, kontzertuak, eta antzerki emanaldiak antolatu dituzte

Orotariko publikoa gerturatu ohi da Eako poesia egunetako ekitaldietara. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dira Eako Poesia Egunak, Xabier Amurizak Gabriel Aristik ondutako bertsoak kantatuz egingo duen emanaldiarekin. Hiru egunez, gisa guztietako kultur ekitaldiak antolatu dituzte, gehienek poesia dutelarik ardatz. Hala, errezitaldiez, hitzaldiez, kontzertuez eta antzerki emanaldiez gozatzeko aukera izango da, besteak beste. Gaur, Amurizaren emanaldia 19:30ean hasiko da Beletxen, eta, segidan, 22:30 aldera, Norte Apache taldekoek poemak rapeatuko dituzte Eskolapen.

Bihar goizean, berriz, Mikel Elortza musika eta poesiaren arteko zubiei buruz arituko da LP bat poema deituriko hitzaldian. Eguerdipartean, poesia errezitaldia izango da lau idazleren eskutik. Iñigo Astizek, Yolanda Castañok, Jon Gerediagak eta Ione Gorostarzuk beren testuak irakurriko dituzte jendaurrean, The Soul Stompers taldearen doinuez lagundurik. Bazkalostean, Mikel Lasa gure artean solasaldi musikatuan, Garazi Izagirre eta Itziar Etxegiak pieza batzuk joko dituzte, Lasaren poemak aitzakia hartuta. Han izango dira, halaber, Edorta Jimenez eta Lasa bera ere.

Urtero antzerki obra bat estreinatzen da Eako poesia egunetan, eta aurten Iñigo Aranbarriri egokitu zaio horren ardura hartzea. Munduan beste izenburua jarri dio obrari, eta identitatearen inguruko gogoeta kritikoa egiten saiatu da azkoitiarra. Labea laborategikoek eskainiko dute antzerkia, 19:00etan, Apikalen. Eguna amaitzeko, beste bi ekitaldi antolatu dituzte gauean: batetik, Dantzaz konpainiak eta Biraka dantza taldeak naufragio istorio bat eszenaratuko dute Sarritsasoa izeneko kale antzerkiaren bidez; bestetik, Ruper Ordorikak eta Jon Pirisek artifiziorik gabeko kantuak joko dituzte, denak ere Ruper berak sortuak, eta Joseba Sarrionandiarekin hitzez osatuak.

Igande goizean, Yolanda Castaño poeta galiziarrak bere poetikari buruzko argibideak emango ditu. Ondoren, Leire Bilbaok Scanner poema liburuko zenbait testu errezitatuko ditu Domentx Uzin musikaria lagun duela. Azkenik, arratsaldean, Ez dok/n armairu poema errezitaldi bitxi eta queer-a eskainiko dute Mikel Ayerbek, Ibon Egañak, Angel Errok, Kattalin Minerrek eta Juanjo Olasagarrek.Poesia eta sermoiak tartekatuko dituzte, pulpitutik, belauniko edo lau hankatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.