Itxaro Borda

Ahizpatasunaren haizea

2024ko urtarrilaren 21a
05:10
Entzun

Kanpoko hotzari halako zaflako hormatua gehitu dio Maite Idirinen hil-berriak. Gure kulturaren, eta, partikularki, kantugintzaren sorburuetara eramaten gaitu bizkaitar abeslaria aipatzeak berak. Memoriak lantzen ez gara biziki trebe, gitarra txartxoak lepoan zintzilik, bazterrak harrotzen zebiltzan Estitxu eta Maite Idirin, demagun, kasik ahantziak ditugulako. Frankismoaren eta euskal gizarte gizontiarren garaiak ziren.

Hango tabernetan eta klubetan artista gisa zohiturik, Parisetik itzuli zirenean ezagutu genituen Maite Idirin eta Jokin Apalategi, Pannecau karrikako Zabal liburu dendako langile porrokatu antzera. Kultura idatziaren eta musikatuaren kultua zuten biek, eta bizkaitar idazleak ezagutarazteko joera handia: hala erosi nituen nik Mikel Zarateren, Xabier Kintanaren edo, 80ko hamarkadan, Joseba Sarrionandiaren liburuak.

1978. urtea zen Maite Idirinek Ahizpatasuna tituluarekiko diskoa atera zuenean, eta gaurkoan sororitate hitzarekin jorratzen dugun kontzeptu feminista horren hegalpean, elkartasunera deitzen gintuen, elkartasun samurrera. Ohartzen naiz Maite Idirin ibili zela beti, besteak baino urrats bat aitzinago, Nire aitaren etxea arestiarraren blues samina izan ala beranduago, kanta-molde klasikoa lantzen hasi zenean!

Bazuen aspaldi ez genuela Maite Idirin kostalde honetako xendretan gurutzatzen. Bagenekien ez-ontsa zela, eta, Ur Apalategi bere semearen bidez, goraintziak helarazten genizkion, gure aurreko belaunaldiko izar bat zela kontsideratuz.

Izarrak ez dira sekula itzaltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.