Musika

Maite Idirin abeslaria hil da

Euskal kantagintza berriko ahotsetako bat izan zen, eta euskararen eta feminismoaren alde jardun zuen. Ibilbidearen azken urteetan, musika klasikoaren eremuan aritu zen. Ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2014an.

MAITE IDIRIN
Maite Idirin kantaria, 2015ean, Baionan. BOB EDME
Iñigo Astiz - Itziar Ugarte Irizar
2024ko urtarrilaren 20a
15:06
Entzun

Izen handia izan da Maite Idirinena euskal kantagintzaren eremuan. Ugaon jaio zen kantaria (Bizkaia), 1943. urtean, eta euskal kantagintza berria hedatu zuten ahotsetako bat izan zen harena, 1970eko hamarkadan. Zeanurin (Bizkaia) jendaurreko lehen kantaldia egin zuen urte berean lortu zuen bere aurreneko diskoa kaleratzea, 1968an: Atahualpa Yupanki euskaraz (Cinsa). Musikari haren lau kantu ekarri zituen euskarara; Xavier Villaverde gitarran lagun zuela, eta Paulo Iztuetak eta Gabriel Arestik egindako itzulpenekin. Gerora, haren hitzetan, «rockeroak» heldu zirenean, euskal musika klasikoaren bideari lotu zitzaion; hura kantatu, grabatu eta hartaz idatzi zuen azken urteetan. 2014ko maiatzean, ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Angelun bizi zen (Lapurdi), eta 80 urterekin hil da.

Yupanquik 1967an Bilbon egindako emanaldi jendetsua izan zen, nolabait, Idirin plazara bultzatu zuena. Kantaria Bilbon zen ordurako, merkataritza ikasketak egitera joana, eta San Anton orfeoian hasi zen kantuan. Hala kontatu zion Argia aldizkariari, 2006an: «Haiek euskaraz kantatzen zuten dena. Oso abertzaleak ziren denak. Hantxe zegoen Gallastegi, jakina. Guardia zibilak haren sermoiak entzutera joaten ziren! 1967 inguruan, ni Bilbon ikasten, orfeoian sartuta, dantza-taldean ere bai... orduantxe ETAren lehenengo hotsak, eta Atahualpa Yupanqui etorri zen Bilbora. Eta joan nintzen entzutera. Buenos Aires antzokira etorri zen, bi, hiru mila jende bildu zen. Bilboko antzoki handiena, beteta. Gaztelaniazko kantu asko entzuten zen irratian, Espainiakoa, baina baita Hego Amerikakoa ere. Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra... Kantu asko zegoen nire inguruan eta, halako batean, amak esan zidan: 'Asko kantatzen duzu eta gitarra bat erosi behar dizut!'».

(ID_13517147) (/EZEZAGUNA) (;)
(Maite Idirinek argitaratutako lehen diskoaren azala)

Urte bereko abenduan, lehen diskoarekin Durangoko Azokan egon ostean, garaile izan zen Eibarko (Gipuzkoa) kantari sariketa batean, Estitxurekin batera, eta Hego Euskal Herri osoan hasi ziren emanaldiak egiten. Ez Dok Amairuren garaiak ere baziren, eta bat egin zuten kantaldi batzuetan. Frankismopeko urteak ziren artean, eta euskal kulturaren aldeko jardunaren albo kalteak ere hurbiletik bizi izan zituen Idirinek. Iaz UEUk argitaratutako Maite Idirin, herrigintza kantuz liburuan hala nabarmendu zuten Jokin Apalategik eta Paulo Iztuetak: «Ordura arte zeraman lan-bizitza utzi eta orduan herrigintzan kantuz saiatzeak zeuzkan arrisku guztiekin horretan murgildu zen. Berehala ordaindu behar izan zuen aukerazko militantzia hura: Espainiatik korrika ihes atera beharra, eta Frantzian astero poliziaren bulegoetan aurkeztu beharra bi urtez, besteak beste, pairatu izan baitzuen».

«Euskal eta emazte iraultzen artean»

Arrazoi politikoak zirela medio, Baionara jo zuen lehenik, eta Parisen ere eman zituen urte batzuk gero. Neskame eta atezain lanak egin zituen tarte batez, eta Migel Arozenaren Candelaria izeneko kafe teatroan hasi zen abesten gero, auzo latinoan. Euskaraz han ere. Hiru urte egin zituen horrela, eta bi disko txiki atera zituen han: Maite Idirin Solatxi (1970, Goiztiri) —Felix Ibarrondok eta Oleagak egindako bina kanturekin— eta Detchepare 1545 (Elkar, 1972) —Oihartzunak ahots taldearekin eta Bernat Etxepareren hainbat hitzen gainean Joxe Mari Arrizabalaga organistak moldatutako doinuekin—.

1973an itzuli zen Euskal Herrira, eta Elkar-en sorrerako lehen urteetan aritu zen, Baionako Zabal liburu dendaren bueltan. Kontserbatorioan musika ikasketak ere hasi zituen 1975ean, eta Urrezko Domina jaso zuen 1979an. Bordelen segitu zuen ikasten gero, eta han ere Urrezko Domina eman zioten, 1981ean. Ordurako, lehen disko luzeak plazaratuak zituen: Hazia sortzen denez lurpean jarria... (Elkar, 1975) eta Ahizpatasuna (Elkar, 1979).

Parisen ezagutu zuen feminismoa, eta emakumeek euskal kulturan zuten presentzia urriaz ere egin zituen adierazpenak.

Azken horren izenburua da Idirinen jarrera feministaren froga. Deserrian ezagutu zuen kantariak emakumeen aldeko mugimendua, eta hala hitz egin zuen hartaz Argia-n, 1978an: «Badirudi binomio bat sortzen dela euskal eta emazte iraultzen artean. Neretzako iraultza bakarra da. Euskal iraultzan emakumearen iraultza sartzen da. Eta euskal iraultzan emakumeak deretxo berdinak ez badituzte eta libroak gertatzen ez badira, ez da benetazko iraultza izango».

Emakumezkoek kulturan zuten presentziaz ere mintzatu zen elkarrizketa hartan: «Nere ustez abestian emakumezkoak gizonezkoak baino gutiago izateak badu zerikusirik beste ofizio edo langintzetan gertatzen denarekin. Ez da emakumezkoa prestatu, bultzatu profesio batetara. Ez da plazarazten gizona bezala». Beste emakume batzuekin bilerak egiten hasia zela ere aitortu zuen: «Munduan zehar emakumezkoen artean dabilen haizea ekarri berri dugu Euskal Herrira. Hasieran talde txiki batzuk ginen, ia denak gizonezkoen alderdietan militanteak izanak eta denok gauza batean bat gentozen: gure izaera deuseztatzen zela, gure arazoak bigarren maila batean uzten zirela alderdi horietan, alegia. Orain, Euskadiko Emakumeen Topaketek erakutsi ziguten bezala talde txiki horiek handitu egin dira eta garrantzizkoago dena, oihartzun handiko bilakatu dira euskal emakumeen artean».

https://www.youtube.com/watch?v=mvcVLt68hdk&t=75s

Aro aldaketan, klasikorako itzulera

Deserria emankor izan zitzaiola azaldu zuen Idirinek Jakin aldizkariak 1979an Euskal Kantagintza Berriari eskainitako zenbakian. «Europako nazio menperatuen artean euskal abestiaren ordezkari bezala egotea tokatu zait», idatzi zuen, eta, abeslariaren hitzetan, sona eman zion horrek.

Edonola ere, 1980ko hamarkadaren hasiera hartan, beheraldian igartzen zuen mugimendua. Urritzen ari zen ikusleria, eta, horregatik, kalitatea hobetzeko beharra nabarmentzen zuen. «Abestiaren herritartzeak abestia edozertarako eta edonola erabiltzea ekarri izan du. Eta hori kaltegarri gertatu da. Abestia gauza askoren morroi bilakatu baita. Abestia politikarako. Abestia arazo sozialetarako. Abestia ikastolarako. Abestia auzoetako beharrak konpontzeko. Abestia txokoen irekitzeko. Eta abar amaigabe baterako. Honela, bazter guztietan ageri den gauza bilakatu da. Aspergarri, presentzia gehiegizkoa izan duenean. Eta presentzia batek, aspergarri ez dadin gerta, aldakortasun minimoz emana izan behar du. Eta hau da euskal abesti herritar berriari falta izan zaiona. Kalitatez hobeagotuz eta sendotuz joan behar du, iraun nahi badu».

Rock musika ere indarrez sartu zen urte horietan Euskal Herrira, eta, kantarientzako tokia urrituta, klasikoaren bidetik segitzea erabaki zuen Idirinek. Inoiz esan zuenez, iruditzen zitzaion inor gutxik ezagutzen zituela Aita Donostia, Jesus Guridi, Remacha eta gisako musikariak, eta haien lanak berreskuratzeko hautua egin zuen, besteak beste. Euskal Kamerata (Elkar, 1988) izan zen hautu horrek ekarri zuen lehen diskoa, eta Groupe Vocal Presence (Agorila, 1996) eta Felipe Gorritiren omenez (1839-1896) (Elkar, 1996) diskoak ere grabatu zituen soprano modura. Baionako ganbera musikako taldeko eta Euskalerria laukoteko kide ere izan zen, eta Euskadi Irratian eta Gara egunkarian ere aritu zen musika klasikoaren inguruan kolaboratzen.

Azken bi diskoak 2012an eta 2013an atera zituen —Gabon kantak (ausArt Records) eta Maite Idirin kontzertuan (ausArt Records) —, eta, urtebete lehenago, 2011n, Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria Ohorezko Saria jaso zuen.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.