Eterrean desagertuko naiz. Ezerezean ezabatuko. Betirako hil. Eta ez dut nire ametsa beteko. Hobe, betez gero, ez litzateke gehiago ametsa izango. Eta nik eta nik ametsa nuen maite —beste guztiek bai hiletetan bai futbol estadioetako harmailetan Laboaren kanta debaldetan erabiltzen badute, zergatik ez nuke nik ba hona ekarri ahalko?—.
Nahi izan dut beti, irakurtzen ikasi orduko, Yorkshireko lur mortuetan bizi. Txilarrez estalitako muino horien pean. Haize zakarrek jotzen duten paisaia latz hartan. Iluna, goibela, ospela da bertan edertasuna.
Nahi izan dut beti gailur ekaiztsu horien babesean, erasoan ere, bizi. Han bizi, bai. Tristezia epel batek beteko zidan bihotza. Tristezia abegikorra, alegrantzia hutsala baino hamaika bat aldiz gozoagoa.
Nahi izan dut beti hantxe hartu erretiro eta deskantsua. Catherine Earnshaw eta Heathcliff ezagutu nituenetik. Gailur ekaiztsuak leitzen bukatu nuen lehengo segundotik. Hantxe nahi nuen bizi, Cathy eta Heathcliffen hilobietatik hurbil.
Bizi oso baten aurrezkiekin erositako etxetzar (eta zahar) bateko leihotik zelatatuko nuen nik paisaia, bien mamuak noiz agertuko zain, espero eta desesperoan.
I have a dream, badut amets bat... sekula beteko ez dena —eskerrak zuei, Cathy maitia, Heathcliff beldurgarri nirea—. Nahi dut bizi eta hil, gailur ekaiztsuetan. Gaztetxo nintzela, joandako mendean, Emily Bronteren nobela bertsio egokituetan irakurri nuen. Abilak zirela uste zuten zentsoreek. Tronpaturik ziren, zuritu, garbitu bazuten ere, zerbait lizun, erakargarri oso, haragia eta arima dardararazten zituena, mantentzen zen orrialde haietan.
Amets bat izan dut bizitzan zehar, heriotzan ere beteko ez dudana: nahi izan dut beti gailur ekaiztsuetan egon, loaz gabeturik, amesgaizto gozoak egiten. Betirako. Heriotzatik harago dauden barne eta kanpoko mortuetan
Ni irakurtzen hasi nintzenean, Emilyren nobela ez zen ez Wuthering Heights. Ezta Gailur ekaiztsuak ere. Urteak pasatu behar Irene Aldasorok euskarara ekarri arte. Hamarkadak igaro behar nik euskara eta ingelesa ikasi orduko. Barrenak astindu zizkidan liburuak Cumbres borrascosas zuen izenburu, eta merkea zen edizioa, gaizki pagatutako itzultzaile batek —garai haietan itzultzailearen izena ez zen aipatzen inon— ilusiorik eta trebeziarik gabe gaztelaniaz jarrita.
Baina segituan ohartu nintzen ni Cathy eta Heathcliffen mamuen atezuan nahi nuela bizi. Eta hil. Yorkshireko lur mortuetan.
Zinemara beranduago iritsi zen. Hogei aldiz egokitu dute nobela pantailara. Lehenbizikoa 1939koa izan zen. William Wylerrena. Kate bakarra zuen telebista txikian ikusi nuen, artean zinema zer zen ere ez nekiela. Alta, sumatu nuen zirrara goibeltsu ederretik ezin libratu ibili nintzen gau askotan zehar. Pelikulak joan, pelikulak etorri, Buñuelen Abismos de pasión 1953koa ikusi nuenerako banekien Don Luis nor zen, eta seko zoraturik utzi ninduen egokitzapen estrainio, basa eta gotiko, oso gotiko, hark.
Amets bat izan dut bizitzan zehar, heriotzan ere beteko ez dudana: nahi izan dut beti gailur ekaiztsuetan egon, loaz gabeturik, amesgaizto gozoak egiten. Betirako. Heriotzatik harago dauden barne eta kanpoko mortuetan.
Aurreko ostiralean eguraldi egokia zegoen Emerald Fennellek egiten zigun proposamena ikustera joateko. Harro zen itsasoa, zakar haizea, barra-barra ari zuen euria. Sinpatia diot Promising Young Woman edo Saltburn balentriak, kasik punk, kasik funki, kasik auskalo zer diren horiek oparitu zizkigun maltzur emakume horri. Egia esatearren, Jacob Elordiren euskal jatorriak ez nau askorik hunkitzen. Denok dakigu Marten ere aurkituko ditugula arbaso baskoak dituzten martzianoak. Aitzitik, Margot Robbierekin nago maiteminetan. Barbie eta Sharon Tate izan delako pantailan. Aitortu behar baita ere Charli XCX soinu banda egilearekin flipatzen dudala zeharo.
Prest nengoen, beraz, beteko ez dudan amets horren ertzetara hurbiltzeko. Eta hasieran bai, hasieran, sentitu nintzen gailur ekaiztsuen arrimuan. Filmak aurrera egin ahala, desesperoak gainditu ninduen, baina. Irudiek eta konposizioak zorabiaturik. Izan ere, ohartu nintzen hor ez zegoela mendeku grinarik, ez zeudela patuak begiz jotako amorante bi, natura ez zela ez eragilea, ez narratzailea. Okerrago, fantasmarik ez zegoen. Ez naiz egokitzapen fidelen defendatzaile hutsa. Ausardia (besteena soilik, akaso) dut gogoko, baina Emeralden Gailurrak ez dira, nik uste, Emilyrenak. Ezta nireak ere. Ikusten? Hobe betetzen ez diren ametsak izatea. Ez dute minik ematen.
