Kritika. Musika

Arriagaren kuarteto bikainak

Marta Garcia
2026ko abuztuaren 27a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

quiroga laukotea

Musikariak: Aitor Hevia eta Cibran Sierra (biolinak), Josep Puchades (biola) eta Helena Poggio (biolontxeloa). Egitaraua: J. C. Arriagaren 1. eta 3. hari kuartetoak eta G. Kurtagen Aus der Ferne III eta Secreta. Lekua: Donostiako San Telmo museoko klaustroa. Eguna: abuztuaren 24a.

Musika Hamabostaldi honek aukera ugari eman digu, haren heriotzaren 200. urteurrena omenduz, Juan Crisostomo Arriagaren obra urri bezain aberatsean murgiltzeko. Ganbera Musika Zikloa ixteko, Quiroga Laukoteak Arriagaren bi hari kuarteto interpretatu zituen, eta aurten 100 urte bete dituen Gyorgy Kurtag konpositore hungariarraren estetikarekin elkarrizketan jarri. Sekulako luxua da, hasteko, errepertorio hori gogotik landu eta grabatu duen taldea zuzenean entzuteko denbora hartu ahal izatea.

Arrazoi asko eta askotarikoak daude Quiroga Laukotea nazioartean ere erreferentziazko taldea izateko, eta guztiak atzeman zitzakeen entzuleak asteleheneko emanaldian. Hasteko, txundigarria da taldekideek elkarrekin eta elkarri entzunez arnasa hartzeko duten lanketa, eta ez soilik sekzioen ekiteetan, baita esaldien garapen eta hartu-emanetan ere. Fraseatzeak marrazteko gaitasuna ere nabarmena da, oso agerikoa bi kuartetoen minuet zatietan, eta bereziki leun eta malgua Poggioren jardunean. Bestetik, eta Arriagaren musikaren interpretazioari dagokionez, oso erakargarria suertatu zen haiek egindako irakurketa, dinamiken proposamen zabal eta izaera kontraste handiko pasarteez osatuta, esaterako, 1. kuartetoaren azken mugimendua zein 3. kuartetoaren hirugarrena. Partituran bada bizitasun kutsu hori, baina Quirogaren bertsioak are gehiago azpimarratzen zuen musika honen eite erromantiko, irudimentsua eta esploratzailea. Kurtagen bi piezak kontrapuntu ederra izan ziren, musikarien maisutasuna agerian jartzen duten horietakoak. Kontzertu bikaina, alde guztietatik begiratuta.

Amaieran, Cibran Sierrak azaldu zuen ezinezkoa zaigula jakitea nola aldatuko zatekeen musika europarraren historia Arriaga gehiago bizi izan balitz. Kuarteto horiek 16 urterekin idatzi zituela jakinda, huts egiteko beldurrik gabe baiezta daiteke haren jeinuak asko zuela oraindik garatzeko eta, ziurrenik, iraultzeko. Alde horretatik, eta soilik horregatik, musikaren Olinpoan kokatzekoa da, izen handien parean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA