Aita santuak Espainiara eta Kataluniara egin berri duen bisitaldia dela-eta Arantza Santestebanek idatzitako Begirada altxa izenburuko artikuluan irakurri nuen erlijioaren zeregina ez dela ikusezina denaren gaineko informazioa ematea, pertzepzioa eraldatzea baizik. Beraz, erlijioak aurrean daukazuna beste modu batera ikusteko aukera emango luke, artikuluaren egilearen arabera. Hain zuzen, gaur egun artearen helburuetako bat dena. Orduan ulertu nuen horregatik esaten zela garai batean arteak erlijioa ordezkatu zuela mundu modernoan.
Ikusi gehiago
Baina artikulua ilustratzeko erabilitako argazkian museoetan gordetzen diren koadro historikoen irudiak azaltzen zaizkigu. Kristoren bizitzako pasarteek beste garai bateko mundu bat irudikatzen dute, barrokokoa batez ere, zaila baita ikonografia erlijiosoaren barruan barrokoan pintatutako irudien kalitatea gainditzea. Horregatik galdetu nion neure buruari zergatik duen hainbesteko zailtasun eliza katolikoak arte modernoarekin. Konpetentzia delako, Arantza Santestebanek bere artikuluan erlijioaren zereginei buruz hitz egiten duenean ondorioztatu daitekeen moduan, edo, besterik gabe, elizak arazoa modernitatearekin edukiko luke, azken horrek norberaren garaikoa izatea aldarrikatzen duelako eta elizak denboratik kanpo kokatzen duelako bere burua?
Barrokoa denborarekin lotutako artea da, denboraren iheskortasunarekin, unearen garrantziarekin edo hurrengo bizitza baterako aginduarekin. Errealitatearen gordintasunak ezerk baino hobeto azalerazten du aintzaren eta betiko bizitzaren itxaropena. Pertzepzioaren eraldaketa begiari ziria sartuz edo ikusleen zentzumenak erabiliz egiten da, buruaren zorabioa lortu arte. Trantze egoera batera iritsi ondoren kristaua limurtuz sinesmenen mundura erakartzea errazagoa da, eta erlijioaren egiak gaina hartuko lioke arrazoiaren egiari, baldin eta barrokoan azken horren inguruko kontzientzia balego, batez ere herrialde katolikoetan.
Baina garai modernoan lilura hori objektibotasunaren eta arrazoiaren bidez desagertu ziren. Arteak bakarrik du garai batean erlijioak zuen ahalmena pertzepzioa eraldatzeko. Horrela, XVIII. mendetik aurrera esperientzia estetikoak (ez bakarrik artearenak) esperientzia erlijiosoa ordezkatu zuen. Stendhalen sindromeak mistikatik asko dauka eta, nahiz eta abangoardiak horrekin puskatzeko gogoa izan, gaur egun ere ez da erraza artearen alderdi ia mistikoa baztertzea.