Behin, mutil siziliar batek esan zidan: «Gu, siziliarrak, irlandarrak bezalakoak gara». Han, Mediterraneoaren aurrean, gure itsasoaren leuntasunak lagunduta, eguzkiaren berotasunean, arraroa egin zitzaidan baieztapena. Irlanda laino artean irudikatzen bainuen, barrualderako jendeak iruditzen zitzaizkidan irlandarrak, eta siziliarrekin konparatuta, guztiz ezberdinak. Beharbada, esan nahi zuena honako beste hau izan zen: «Guk irlandarrak bezalakoak izan nahi dugu». Hori hobeto ulertuko genuke, ezta? Ni, pertsonalki, ez naiz inoiz Irlandan egon, baina, Europako herri galtzaileen kidea naizen aldetik, maiz pentsatu izan dut Irlandari buruz. Nolabait esateko, Irlanda da gure Erromatar Inperio txikia.
Egun hauetan, 20ko hamarkadako egunkariak irakurtzen ari naiz. Hain zuzen, 1920ko hasierako artikulu batzuk irakurri ditut, zeinetan Irlandak protagonismoa hartzen duen. Momentu hartan, irlandarrak Londresekin independentziaren baldintzak negoziatzen ari ziren. Negoziazio batzuk Parisen izan ziren eta, bertan, Euzkadi egunkariak irlandar kazetari bat zeukan, kronikak egiten zizkiona: W. W. O’Mahony. Bere artikuluetan hizkuntza da gai nagusia. Adibidez, artikuluetako batek honako izenburu hau du: Hizkuntza eta Askatasuna. Irlandaren adibidea. Eta, besteak beste, zera dio:
«Euskararen irakaskuntzaren alde egiten dituzuen kanpainen aurrean bihozgabe dirautenek ongi egingo lukete berrikitan Irlandako Errepublikako presidente Éamon de Valerak Dublingo Liga Gaelikoko kideen bilera orokor batean esandako hitzak hausnartuta. Sinn Fein mugimenduko buru horrek, bizia arriskatu eta bere herrialdearen independentziagatik espetxeratua izan denak, eta polizia ingelesak kriminal gisa jazarri ondoren, Ingalaterrako lehen ministroarekin berdin tratatu duenak, adierazi zuen: 'Irlandarako, askatasunik gabeko hizkuntzaren eta hizkuntzarik gabeko askatasunaren artean hautatzera behartuko banindute, askatasunik gabeko hizkuntzaren alde egingo nuke. Hizkuntzarekin, lehenago edo geroago, askatasuna aurkitzen jakingo genuke; hizkuntza galduz gero, berriz, horrek gure nortasun propioaren amaiera ekarriko luke, askatasunaren eta itxaropenaren heriotza' [...]. Izan ere, Mistral bezala, konbentzituta dago 'bere hizkuntzari eusten dionak bere kateetatik askatzen duen giltzari eusten diola'; hots, zuek bezala, argi eta garbi aitortzen du irlandar esaera zaharrean adierazten den egia: 'Gan teanga, gan tír', hau esan nahi baitu: 'Hizkuntzarik gabe, ez dago naziorik'».
Kazetariak M. O'Ceallaigh-i ere, gero Irlandako lehendakaria izango denari, egiten dio elkarrizketa bat, eta, berriro ere, hizkuntza izango da gai nagusia. Honako hau zioen politikari irlandarrak, besteak beste:
«Ez dut uste Irlanda guztiz anglikanizatuak independentzia ekonomikoari ere eutsiko zionik. Gauza ziurra da, Irlanda osoak ingelesa bakarrik hitz egingo balu, ingelesaren eragina erabat nagusituko litzatekeela gure artean. Alderdi ekonomiko, intelektual eta izpiritualean erabat edo partzialki independente izan arren, Ingalaterraren esklabo izango ginateke».
Alacanten, adibidez, duela ehun urte katalana gehiengoaren hizkuntza zen; 2025aren amaieran, berriz, udalbatzak mozio bat aurkeztu zuen parlamentuan, hiria «gaztelaniaren hizkuntza-nagusitasuna» duen eremu bihurtzeko eta, beraz, hizkuntza ofiziala izateari uzteko. Egoera larria da txoko askotan.
Gogorra izan da niretzat duela ehun urteko artikulu horiek irakurtzea, artean dena egiteko zegoen momentu horri buruz ikastea; itxaropenez betetako garaiak ziren. Mistralen aipamena ez da kasualitatea. Frederic Mistral okzitanieraz idazten zuen idazle bat izan zen, Nobel saria irabazi zuena, gainera. Garai hartan herri gutxitu guztientzat erreferente argia zen. Eta zertarako balio izan zion horrek? Orain gutxi izan ginen Mistralen herrialdean, eta Arlesen, haren estatua dagoen plazan, ez du inork okzitanieraz hitz egiten; estatua jarri zioten gizon hori zein zen ere ez dakite. Liburu-denda batera Mistralen Mireio liburuaren okzitanierazko bertsioaz, hau da, jatorrizko bertsioaz galdetu, eta lotsagabekeria bat eskatu bazenio bezala begiratzen dizu dendariak. Ehun urte pasa dira eta Okzitaniak askatasunaren zentzua zeukan giltza galdu du, honezkero. Ez da hori gertatu zaion Europako herri bakarra. Alacanten, adibidez, duela ehun urte katalana gehiengoaren hizkuntza zen; 2025aren amaieran, berriz, udalbatzak mozio bat aurkeztu zuen parlamentuan, hiria «gaztelaniaren hizkuntza-nagusitasuna» duen eremu bihurtzeko eta, beraz, hizkuntza ofiziala izateari uzteko. Egoera larria da txoko askotan. Denbora azkar pasatzen da, bai. Ehun urte pasatu dira, ez da asko, baina batzuetan, nahikoa da ordura arte izandako guztia erabat alda dadin.

Irlanderaren historia ere ez da istorio polit bat izaten ari. Independentzia hizkuntzaren aldeko bultzada izango zela pentsatzen zuten, behin betikoa gaelikoaren erabilera finkatzea, baina ez da hala gertatu. Hezkuntzaren kontrola izatea ez da nahikoa izan, analisien argitasuna ez zen nahikoa izan, hizkuntzaren balioaren kontzientzia izatea ere ez da nahikoa izan. Gaur egun gaelikoa ia ez da erabiltzen, Irlandan bizi direnen artean %5ek erabiltzen dute egunerokoan. Ez dira 100.000 hiztun izatera iristen Irlandako estatu osoan irlandera erabiltzen dutenak. Bide batez, eta kasua sakonki ezagutu gabe, esango nuke horrek ez duela harremanik izan, adibidez, immigrazioarekin.
1921eko elkarrizketa hartan kazetariak honako beste hau ere galdetu zion politikariari irlandarrari:
«Zure hizkuntza nazionala unibertsalizatzeko gogoz lan egiten duten gure lagun euskaldunei bidali beharreko mezu kementsurik baduzu?». «Nik euskaldunei eman diezaiekedan aholkurik onena [erantzun zuen M. O’Cenllaigh] Irlandako azken 25 urteetako historia ikastea da».