Ismael Manterola
Begiz

Babeslekuak

2026ko maiatzaren 26a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernikako Bakearen Museoan Veronica Domingo artistak jarri duen erakusketan konturatu nintzen memoriaren zenbat ñabardura dauden ezkutatuta edo erdi itzalean. Horietako bat gerra zibilean erabilitako babeslekuena da. Bonbardaketei aurre egiteko eraikitako edo zulatutako toki berezi hauek ez dute ikerlarien arreta bereganatu orain dela gutxi arte.

Espainiako hiri batzuetan aspalditik dira ezagunak, eta haietako batzuk berrerabilita daude bisita gidatuak egiteko; adibidez, Bartzelonan. Nire babeslekuekiko lehen esperientzia Valentzian izan zen, ikasle nintzela. Errepublika garaiko grafiarekin hormetan idatzita irakur zitekeen Refugio hitza, nahiz eta bisitatzeko aukerarik ez nuen inoiz izan.

Horregatik harrigarria egin zitzaidan jakitea Euskal Herrian ere bazeudela babeslekuak. Gernikakoak dira ezagunenak, batez ere haietako batzuk bisitatu daitezkeelako. Gogorra da zulo azpira sartzea eta bonbardaketa baten esperientzia irudikatzea. Ezinezkoa dela ere esango nuke, gure turista edo bisitari jakin-minaren alderdi ludikotik. Hala ere, Veronica Domingoren erakusketaren antolaketak Gernikan bertan dagoen Henry Moore artista britaniarraren eskulturaren izenburuan arreta jartzera eraman ninduen.

Large Figure in a Shelter izenburuak ohartarazten digu artistak Bigarren Mundu Gerraren garaian egindako serie zabal bateko parte dela. Hain zuzen, Moorek behin baino gehiagotan marraztu zituen Londresko babeslekuetan ikusitakoak eta bizitakoak. Gogor bezain gozo azaltzen dizkigu bertan bizitako esperientziak: beldurra, itomena, hurkoaren gorputzaren kontaktua, babesa, ziurgabetasuna (batez ere irten ondoren topatuko dugunaren aurrean), pazientzia edo desesperazioa, pilaketak, elkarrizketak, zutik edo etzanda dauden irudien egonezina (geldirik eta isilik) eta abar.

Gure artean, Oteizak hitz egin zigun zuloaren babesari buruz, Orioko hondartzako oroitzapenak aipatzen zituenean. Babes existentzialen aurrean Mooren babeslekuak fisikoagoak dira, nahiz eta bien arteko mugak argi ez egon. Gernikako erakusketan Domingok egin duen interpretazioa ezberdina da. Familiako memoria eta memoria kolektiboa uztartuta, artelan indartsuak eta espresiboak sortu ditu, jendeari iradokitzeko zer izan zitekeen babeslekuan sartzea, egotea, irtetea; azken finean, bonbardaketa baten esperientzia nolakoa izan daitekeen, betiere euskarri plastikotan oinarrituta. Erakusketa zabaltzeko egunean artistak zioen moduan: nik ez nuen hura bizi, baina hurbilpen xumea egin nahi izan dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA